Sormena eta eromena

ZORO HORIEK

Artisten etorria eldarnio gisa azaltzeko joera ez da oraingoa; zentzunaren eta eromenaren arteko zilbor hesteaz ari diren sortzaileak ere ez. Bien bitartean, lilura erromantikoaren eta beldurraren arteko mugetan ageri dira oraindik ere buru gaixotasunak.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Kartoia. 75 zentimetro zabal eta metro bat luze. Eskuinaldean, margo berdez eta nabarrez ezkutatutako ebaki bat. Beheraxeago, kandela baten argizari arrastoak. Eskuez belarriak tapatuta eta ahoa zabalik dagoen pertsonaren aurpegi desitxuratuak irensten du ikuslearen begirada, baina. Gizarte modernoak sortu ezinegonaren isla gorentzat du askok Garrasia. Edvard Munchek (1863-1944) dozenaka aldiz margotutako ideia bat. Obsesio bat, nahiago bada. Osloko Galeria Nazionalean ikusgai dagoen bertsioak, baina, badu bereizgarririk. Goialdeko hodei arrosen artean, esaldi bat dauka idatzita, arkatzez: «Ero batek bakarrik margo zezakeen hau».Egileak berak idatzia da, antza. Munchek bazuen bere barne minen, ezinen eta ekinen, inkontzientearen kontzientzia. Hala, teoria psikoanalitikoen ildotik inkontziente horren xerka abiatu ziren espresionisten artean ikur bilakatu zen.

«Eromenaren eta artearen arteko harremanetan, badago mugarri inportante bat: Freuden agerpena». Anjel Lertxundi idazlea, dadaisten eta surrealisten inspirazio iturri izan zen Ametsen interpretazioa ezaguna eta Leonardo da Vinci, Michelangelo, Wilhelm Jensen, Johann Wolfgang Goethe eta Fiodor Dostoievskiren lanak aztertuz Freudek idatzi zuen Artearen psikoanalisia lanak gogora ekartzen. «Eroaren gezurrak-eta oso hurbil daude fikziotik. Jendeak nola ikusten zuen eta nola ikusten duen idazle bat: ero plantekin, istorio aldrebesak asmatzen dituenak eta beste... Freud hasten denean eromena-eta artearen bidetik aztertzen, artista jendea neurotiko batzuk bagina bezala planteatzen... Virginia Woolfek hor egin zion kritika. Neurotiko puntu bat izan gabe, gizarte honetan bizitzea ez da posible».

Freud bere lanak argitaratzen hasi zenean, hala ere, Cesare Lombrosoren tesiek jarraitzaile gehiago zituzten, nabarmendu duenez: «Lombrosok izugarrizko kaltea egin zuen. Garai hartan, Freudek baino askoz itzal handiagoa zeukan. Eroentzat, nolabait esan, kartzelak eta eroetxeak utzi zituen». Kriminologiaren aitatzat hartua da Lombroso. Kriminal jaiotako helduak, «zuzendu ezinak» baziren, «betirako bahitu edota ezabatu» behar zirela baieztatzen zuen. Pesaroko psikiatrikoko zuzendari egin zuten Lombroso 1871n, eta psikiatrikoetan eta asiloetan zeudenen artelanen bilduma handia egin zuen. Gogoaren ezinegonen adierazpide artistikoen azterketan ere aitzindari bihurtu zen. «Jenioaren erraldoiek degenerazioarekin eta eromenarekin ordaintzen dute beren indar intelektuala», zioen. Sekula ez zuen azaldu ahal izan—ez berak, ez beste inork— zergatik ero guztiak ez diren jenio eta zergatik jenio guztiak ez diren ero.

Zoroen ontzia

Grekoak izan ziren lehenak sormena eta eromena lotzen. Haientzat, artisten inspirazioa «eromen dibinoko» momentuetan sortzen zen. Ordutik gaurdaino, eromena deitzen zaion hori behin eta berriz agertu da arlo desberdinetako sortzaileen obran. Baita Lertxundirenean ere. Bere lehendabiziko liburuan, Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduman, hainbat aletan agertzen da jada. Gehien, hala ere, Argizariaren egunak (1998) nobelan. Azken lan hori eromenari buruzko saiakera bat idazteko asmotik sortua da. Fikziotik heldu zion gaiari, azkenean. «Argizariaren egunak idatzi nuenean, gutxitan gozatu dut lan horren bigarren parteko mundua —protagonista dagoen Dontsu Etxekoa— sortzen beste. Asmatzeko neukan dena; dena libre, eta, aldi berean, dena sinesgarri. Eroak mundua alderantziz azaltzeko bidea ematen dizu, eta hori oso interesgarria da. Zer da Cervantesen On Kixote, azken batean? Mundua alderantziz, eromenaren bitartez».

Eromenaren pertzepzioaren, definizioaren eta errepresentazio artistikoaren garapenean, Mendebaldeko Erdi Aroan, arau kristauetatik kanpo bizi zirenei egozten zitzaien zoro izaera. Ez da kasualitatea Malleus Maleficarum obran (Sorginen mailua, 1486) eromena deabruaren posesioaren emaitza izatea, eta tortura eta heriotza izatea bertan aipatzen den sendabide bakarra. Erasmo Rotterdamgoak testuinguru horretan Eromenaren laudorioa (1511) idatzi izana ere, ziurrenik, ez da kasualitatea izango. Erlijio arauez, zibilizazioaz, zentzu komunaz kanpo bizi zirenen markaketaren oihartzunak, urrunekoak izanik ere, Mixel Labegerieren Xorieri mintzo zen abestiaren hitzetan aurki daiteke: «Hil da xorua bakarrik, bakarrik da ehortzi./ Etzen han kristau bat ere, salbu lau hilketari,/ salbu lau hilketari ta apeza kantari./ Xorieri mintzo zen, mintzo zen errekari,/ oihaneko zuhaitzeri, ta zeruko izarreri;/ mintzo zen haizeari, xoro batentzat zaukaten;/ xorieri mintzo zen, xoro batentzat zaukaten».

Erdi Aroko eromenaren pertzepzioaren puntu gorenetako bat Malleus Maleficarum argitaratu eta zortzi urtera heldu zen: Sebastian Branten Das Narrenschiff (Zoroen ontzia, 1494) liburuarekin, eta, batez ere, liburu horren Jeronimo Boschen 1503ko interpretazioarekin. «Erdi Aroan dauden mito hedatuenetako bat da Zoroen Ontziarena: konbentzio sozialen arabera bizi ez direnak ontzi batera sartu eta itsasora botatzeaz ari da», Lertxundiren esanetan. Michel Foucaultek Eromenaren historia aro klasikoan lanean dioenez, mito horren erroak benetakoak izan daitezke, Renaniako ibaietan eta Flandriako ubideetan halako ontzirik izan zela uste baitzuen. Boschen margolaneko ontzian, elizgizon eta emakumeak ere ageri dira, edaten eta jaten, satira sozial agerikoa eginez. Bide batez esanda, denboraren itsasoa XVIII. mendera arte zeharkatu zuen ontzi edo genero literario bat inauguratu zuen Brantek: ero literatura.

Ontzi modernoago bat aipatu zuen Bernardo Atxaga idazleak duela hilabete eta erdi,euskarazko irrati publikoan, idazle sormenaren eta eromenaren arteko zubiak azpimarratuz: «Idazlearen lana espaziontzi bat da. Joan zaitezke ilargiraino, baina han lur hartzeak badu bere arriskua. Idazleak ikasi behar du buruak alde egingo diola; iritsiko dela nahi ez duen tokietara; eta jakin behar du itzultzen». Bat dator Atxagarekin Lertxundi. «Gero eta konbentzituago nago idazle baten sortze prozesuan, gauzak asmatzen jardute horretan, beti dagoela nolabaiteko eldarnio bat, hainbeste haritatik aldi berean tiraka jardute horretan, batzuk aukeratze eta besteak baztertze horretan. Esan dezagun hor badela portaera mentalaren jardunbide ez usu bat. Denok daukagu ero puntu hori, baina gehiago garatzen du horretan jardun duen batek. Ez idazleek bakarrik».

XVII. mendean, injenio deitu zioten jardun horretarako gaitasunari. Jenio kontzeptua ere orduan agertu zen, sormena pertsonaren —eta ez jainkoaren— meritutzat joz. Ordutik XIX. mendea bukatu artean, paradigma aldatu zen: gaizkiaren eta ongiaren arteko borroka ez, arrazoiaren eta irrazionaltasunaren arteko borrokaren fruitutzat hartu zuten eromena. Zoroetxeak sortuak zituzten, eta eromena gaitz kliniko bihurtua. Artista plastikoak psikiatrikoetara joaten hasi ziren, artea egiteko modu ez-arautu eta bazterrekoen bila —Jean Dubuffetek sortu zuen Art Brut elkartea joera horren emaitza ezagunena da—. Beste batzuk drogen bitartez saiatu ziren eroenen moduko eldarnioak bizitzen, sormenerako etorria lortzearren. Hala lagundu zien Julian Ajuriagerra psikiatrak Henri Michaux poetari eta beste hainbat artistari, esaten zutena aztertzen eta jasotzen, esperientzia poetikoen bila meskalina hartu zutenean. Misérable miracle liburuan jaso zuen Michauxek bizipen horren berri; Ajuriagerrak berak ere idatzi zuen horri buruz, handik hainbat urtera, artikulu luze batean.

Beste esperientzia batzuk aipatu ohi zituen euskaldunen imajinario kolektiboari soinu banda oso bat sortu zion Mikel Laboak, 20 urtez neuropsikiatra gisa lan egin ondoren. Lekeitioak esperimentaletako soinu onomatopeiko, oihu eta alarauei buruz galdetutakoan, zera erantzuten zuen: psikiatrian lan egiteak beste mundu bat existitzen zela erakutsi ziola.

Fikzioa bide

Historia psikiatrikoak aztertzea erabaki, antropologia doktore tesia idazten hasi, eta lan hori nobela batekin osatzeko beharra sentitu zuen Itxaso Martinek. Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten. Hutsune bihurtutako emakumeak garaiko gizartearen moralaren ispilu izena jarri zion tesiari; Ni, Vera, nobelari. Birramona izan zuen bi lanotako abiapuntua: 1935ean ingresatu zuten, eta 1986ra arte egon zen psikiatrikoan. «Tesiarekin hasi nintzenean, ez neukan fikzio lanik egiteko inolako asmorik. Tesi batek egitura oso finkoa dauka baina, eta, gaia aztertzen hasi nintzenean, psikiatrikoko artxiboetan ikertzen, han irakurri nituenak ezin nituen tesian azaldu. Guretzat erabat arrazionala eta logikoa den eskema bati jarraitzen ari nintzen arrazionaltasun horri ihes egiten dion zerbait esplikatzeko. Oso deseroso sentitzen nintzen, eta hori aztertzen hasi nintzen». 1937-1950 epeko 500 historia psikiatriko irakurri zituen guztira, eta, birramonarenaz gain, beste zazpi emakumerenak erabili zituen tesirako; 36ko gerra garaiko eta osteko Francoren menpeko gizartean emakumeari ezartzen zitzaizkion rolak agerian utzi ere bai.«Eromenaren definizioa konstrukto bat da, rolak eta konbentzio sozialak bezalaxe. Hala, gizarteak ezarritako roletan edo eskemetan sartzen ez direnak anomaliatzat edo erotzat jo ohi dira. Emakumeen kasuan, oso garbi dago roletik kanpokoak zentzatzeko ahalegina». Psikiatra batek behin esan ziona nabarmendu du Martinek: «Ingresatuta dagoen pertsonak sufritu egiten du. Nonbaitetik ihes egiteko edo erresistentzia egiteko modu bat da bere jokaera. Horrek ez du esan nahi sufrimendurik ez dakarrenik. Neurri handi batean, gizartearen markoaren barruan nahi ez den hori baztertzeko erabili da eromena. Baina, era berean, guztiz beharrezkoa da markoa definitzeko, eta mehatxu gisa erabiltzeko».

Badira psikiatriko barruko bizipenen lekukotzak, Martinen hitzei arrazoia ematen diotenak. Alaine Agirreren Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburua da adibide garbi bat. Honela dio pieza batek: «Idazten dut/ neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapatzeko/ idazten dut/ giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko/ idazten dut/ beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko/ idazten dut/ ziega pareta-zuri hau urratzeko/ (haizea sar dadin/ behintzat/ arnasa apur bat/ hartu dezadan)/ idazten dut/ neure burua zulatu eta/ barruan/ burmuina jaten ari zaidan zizare lodi hori/ aliketa batzuekin hartu eta erauzteko/ idazten dut/ ez dakit zertarako baina/ idazten dut».

Badira beren bizipenak paperean ez baizik kameren aurrean kontatu dituztenak ere. Halako ariketa baten emaitza da otsailean aurkeztu zuten Zauria(k) dokumentala. Bederatzi pertsonaren lekukotzak biltzen ditu. Maier Irigoien proiektua pentsatu eta gauzatu duen taldeko kidea da. Dokumentalak «bozgorailu lana» egin nahi duela dio. «Proiektua aukera bat da ondoezak eta beren bizitzan diagnostikoren bat pairatu izan duten emakumeen ahotsa eta errealitateak ikusarazteko. Hori da lan hau abiarazteko arrazoi nagusia: ondoeza, eromena eta buruko osasunaren inguruko iruditeria eraldatzeko beharra».

Fikzioa

Zauria(k) dokumentalean agertzen denetako baten, Nagore Iturriozen hitzak dakartza gogora Irigoienek: «Osasun kontzeptua pertzepzio kontu bat da, eta, pertzepzioa den neurrian, fikzioa». Historian eraiki eta moldatu den iruditeriaren gaur egungo bertsioak, nabarmendu duenez, «erabat estigmatizatzen, birpatologizatzen eta biktimizatzen» du diagnostiko prozesu batetik pasatzen den pertsona. Arteak ere badu hor zereginik. Dokumentalaren kasuan, adierazpen artistikoak erabili dituzte gogoeta sustatzeko tresna gisa: «Irudiak, musika, poesia eta ilustrazioa errealitatea adierazteko moduak dira, zentzumen ezberdinak erabiltzera behartzen gaituztenak eta transmititzen diguten hori jasotzeko beste bide batzuk ahalbidetzen dizkigutenak».

Arte diziplinak eta eromena «betidanik» egon dira estu lotuta; azken batean, «adierazpen artistikoak arrazonamendutik kanpo geratzen ziren uste, pentsamendu eta izate askoren babesgune» izan direlako.Hari horretatik tiraka, dokumentaleko beste protagonistetako baten hitzak ekarri ditu gogora: «Historian, eromenak ekarpen ugari egin ditu eremu askotan: filosofian, literaturan, artean, mistikan... eta eromenak mundua ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuk azaldu dizkigu, posible denaren koordenatuak zabalduz. Eromenaren ideia erromantiko bat ere egon da, baina, orokorrean, jendeak ez du ero egon nahi, literaturan eta zineman ikustea gustatzen zaion arren. Geure buruari galdetu beharko diogu zergatik».

Zergati bakarra ez dago, jakina. «Ezjakintasun handia dago ondoezaren eta sufrimenduaren inguruan; isiltasun asko, eta aurreiritzi gehiago. Bizi garen sistema honek ondoeza indibidualizatu eta baldintza psikosozialak deuseztatzen ditu, osasun prozesuak modu bakarti batean bideratzera bultzatuz». Ondoez horren iturria egiturazko faktoreetan dagoenean ere bai. «Gizarte honek beldurra dio ondoezari, beldurra diogu bestearen sufrimenduari, geure zaurgarritasunari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.