Jaio gabe zegoen Manuela Martelli (Santiago, 1983) zuzendu duen lehen filmari izena ematen dion urtean, 1976an. Hiru urte ziren orduan Augusto Pinocheten diktadura hasi zela, eta urte hartan hil zen, halaber, Martelliren amona, amaren ama. «Ez nuen inoiz askorik jakin bere inguruan, baina beti ezagutu nuen etxeko egongelan hark egindako eskultura bat, kuriositate handia pizten zidana». Galdezka hasi, eta jakin zuen 40 urte alturekin Arte Ederretako eskolak hartzen hasi zela, «ama izan ondoren, etxekoandre izan ondoren». Baina ez zituen ikasketak amaitu, beranduegi zebilen irudipenak gain hartuta. «Oraindik 50 urte bete gabe zituen emakume bat zen, baina sentitzen zuen bizitza amaitzen ari zitzaiola. Hala hil zen, bere interesak garatu ez izanaren etsiarekin. Hori izan zen filmerako abiapuntua». Baita jakin-min zabalago bat ere: zer gertatzen zen urte «krudel» hartan etxe baten barruan. «Begiratu nahi nuen nondik eta nola sartzen zen historia, bere krudelkeriarekin, eguneroko bizitzara, immunea dirudien etxe batera».
Hondartza ondoko etxe bat da, zehazki, Martellik filmatu duena. Carmen izeneko goi klaseko emakume bat (Aline Kuppenheim) agertuko da neguan hura konpontzen, etxekoen bisitak jasoz tarteka. Haiek heldu aurretik, baina, herriko apaizak zaurituta dagoen gazte bat zaintzeko eskatuko dio, eta familiaren ezkutuan egingo da haren kargu andrea. Diktaduraren aurkako mugimenduaren parte da gaztea, eta ordura arte zapaldu gabeko lurretan sartuko da Carmen. Hari laguntzea bere klase posizioari traizio egitea ere izango da, eta barne bidaia horretan jartzen du arreta lanak. Atzera bueltarik gabeko pitzadura bat irekiko baitzaio protagonistari, «jakitun izatearen zauria», zuzendariaren hitzetan: «Zauri bat da, baina buruargitasun egoera batean. Tragedia bat, baina aringarria izan daitekeena. Niretzat hori da kontsolamendua, eta ez Bilzy Paparen fantasian bizitzea [freskagarri bat da]. Hala esaten diogu Txilen burbuila batean bizitzeari, ingurutik aparte».
Martelli interpretazioaren alorrean aritu da batik bat orain arte (Machuca, Il futuro), eta lehen aldiz igaro da kameren atzera, 1976-rekin. «Asko kostatu zait aktore modura lortutako ezagutza idazketan aplikatzea, baina lortu nuenean soilik hasi zen Kuppenheimen pertsonaia benetan indarra hartzen. Polita izan da hori».
Hasierako tonu intimotik thriller psikologikora hurbiltzen da filma istorioa garatu ahala, eta hori hautu erabakigarria izan zela esan du zuzendariak. «Gustatzen zait pentsatzea, gainera, egiten ari denaren gaineko Carmenen erreferentzia, hain justu, hortik datozela, ikusitako thrillerretatik. Hor badago joko bat: nola bera ere sartzen den fikzio baten barruan, denak eztanda egin arte».
Gelditzen da kontatzeko
Bestelako erabaki formal aipagarriak garaiko giroa ekartzeari lotutakoak izan dira, zuzendariaren esanetan. «Lente zaharrekin egin dugu lan, filtro asko jarrita, irudien testura sentsazioa indartzeko». Kamera modu estatikoan kokatzea ere azpimarratu du: «Giro goibelaren pisua sortu nahi genuen modu horretan». Baina filmaren ardatza, idazketan zein filmaketan eta muntatzean, pertsonaia izan da. Martelli: «Pertsonaia da pelikularen estrategia bisuala; bera da istorioa kontatzen duena. Filmaren ardatza haren begirada izango zela ulertu genuenean sortu zen egiaz gidoia». Eszenaratzean bi galdera sumatzen ditu une oro: «Nola begiratzen duen hark ingurua eta nola begiratzen duen ikusleak hura».
Cannesko jaialdian erakutsi ostean heldu da 1976 Donostiara, Horizontes Latinos sailaren barruan. Memoriak pisua izan ohi du sail horretan maiz, eta,Txileren kasuan, dokumentalak zein fikziozko lanak ugari egin direla uste arren, beti gelditzen da zer kontatua, Martelliren iritzian: «Badago joera bat pentsatzekoa aski hitz egin dela memoriaz, baina uste dut ikuspegi berriak garatzea gelditzen dela, batez ere emakumeenak, historiaren backstage-ean egon zirenenak».
«Txile herrialde ahul bat da; esku gogorrak behar ditu agintean». Filmeko une batean esaten du Carmenen lagun batek, eta badira aberriaren ulerkera ezberdinak agertzen dituzten aipamen gehiago ere. «Aberriaren defentsa izan daiteke batasunerako motor edo haren zatitzaile», uste du Martellik. « Inportantea zen erakustea protagonista zein mundutatik datorren, ulertzeko egiaz zer ari zen arriskuan jartzen gazteari laguntzeagatik. Pribilegioak, azkenean: jende bat demokrazia sakrifikatzeko, jendea eraila izateko prest egon zen, zeukaten bizi maila ez galtzearen truke».
Donostiako 70. Zinemaldia. Horizontes Latinos. Manuela Martelli. Zinemagilea
«Jakitun izatearen zauria aringarria izan daiteke»
Txileko diktadura garaian militante bat gordetzen lagunduko duen goi klaseko andre bat jarri du '1976' filmaren ardatzean. Aktore lanagatik da ezaguna, eta hau da zuzendu duen lehen filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu