Olioa, zartaginetik autoetara

Kozinatzeko erabiltzen den olioa ere birziklatu eta berrerabili daiteke. Eko Gasteiz enpresak hainbat jatetxe eta etxetako olio erabilia biltzen du. Iragazteko prozesu baten ondoren, biodiesela egiten duten enpresei banatzen die.

Olioa iragazi eta bereizi egiten dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Patata tortilla, xerrak, kroketak... Olioa beharrezkoa da Euskal Herriko sukaldeetan ohikoak diren hainbat errezeta prestatzeko. Jakiak frijitu behar direnean, asko erabiltzen da, zartagina oliba edo ekilore olioz —horiek dira gehien erabiltzen direnak— busti behar baita halakoetan. Askotan, gainera, bustitzea bakarrik ez da nahikoa, eta guztiz estali behar da produktua; patatak frijitzeko orduan gertatzen da hori, adibidez. Horrek ez du misterio handirik, baina zer egin daiteke olio erabiliarekin? Batzuetan, ez da gomendatzen berriro erabiltzea, edo kantitate jakin bat bakarrik berrerabil daiteke; minbizi eragilea izan baitaiteke. Harraskan behera botatzea ere ez da ekologikoa, eta hodiak trabatzeko arriskua dago. Beraz, zein da etxeko olioari beste erabilera bat emateko aukerarik onena?

Beste bizialdi bat ematea da aukerarik onena. Izan ere, etxeko olio erabilia birziklatzeko erraza da, eta, gainera, hura aprobetxatzeko modu asko daude. Kandelak edo xaboiak egiteko aprobetxatzea da aukeretako bat. Bandak koipeztatzeko erabil daiteke, sarraila bat trabatzea edo burdineriarekin marruskatzea eragozteko. Egurrezko altzariak babesteko balio dezake. Baita gorputzaren esfoliatzaile gisa ere, larruazalarentzat oso propietate onuragarriak baititu. Halere, enpresek autoetarako biodiesela egiteko erabiltzea da ohikoena.

«Sukaldeko olio erabilia bakarrik. Plastikozko ontzi itxi batean utzi», irakur daiteke letra larriz pintaketaz betetako kontainerrean. Hor hasten da prozesua, berdearen eta horiaren ondoan dagoen kontainer gris eta laranjan. Herritarrek olioz beteta dagoen ontzia barruan sartu besterik ez dute egin behar. Jatetxeek, berriz, 50 litroko bidoi bat eskatzeko aukera dute, egunero erabiltzen dituzten olio litro guztiak han sartzeko. Ondoren, kamioilari bat joango da bidoia aldatzera, jatetxekoek beteta dagoela abisatzen dutenean. Edozein kasutan, herritarren esku dago etxeko olioa birziklatzeko lehen urratsa egitea.

Prozesu berri bat

Gasteizen, Eko Gasteiz enpresa arduratzen da olio hori guztia jasotzeaz. Olio erabiliak biltzeko, kudeatzeko eta biodiesela ekoizten duten enpresei saltzeko enpresa gisa sortu zuten, 2001ean. Egun, 170 edukiontzi baino gehiago ditu Gasteizko herritarren eskura, sukaldeko olio erabilia birziklatzeko. 900 litro kabitzen dira edukiontzi bakoitzean, eta landare jatorriko edozein olio biltzen da: oliba, ekilore, palma eta linazi olioa. Horrez gain, Gasteizko hainbat jatetxerekin eta beste udalerri batzuekin egiten dute lan.

Gutxi gorabehera, 50 egunean behin biltzen dira kontainerrak. Hortik aurrera, kamioiak upelekin iristen dira Gamarrako industrialdean daukaten pabiloira. Lehenik eta behin, olio ontziak birrindu egiten dira, pabiloiaren sarreran dagoen makina batean. Ondoren, olioa berotzeko, depositu batera isurtzen da, «biskositatea murrizteko». Hori izan da Eduardo Ruiz Eko Gasteiz enpresako arduradunak azaldu duen lehen gauza, eta pabiloia erakusten hasi da gero.

Pabiloiko zorua itsaskorra da, eta olio errearen usaina antzematen da. Ez da hain usain sarkor eta deserosoa, halere. Are, lehen begi kolpean hala ez badirudi ere, asko zaintzen dute higienea. Adibidez, lurzorua ez dago itsaskor olioagatik, garbiketa produktu batengatik baizik: «Osasun eta higiene neurriak oso garrantzitsuak dira. Legeak hala esaten du, eta guk bete egiten dugu legea», azpimarratu du Ruizek.

Pabiloiko lehen gelan, makina handi bat dago, eta hartan isurtzen dira edukiontzietara ekartzen diren olioz betetako ontzi txikiak, Ruizek azaldu duenez. «Hemen puskatzen dira ontziak olioa atera dadin, eta, ondoren,beste makina batera eramaten dugu. iragaztera». Behin iragazteko makinan dagoenean, bidoietako olioarekin batzen da, eta olioarekin nahastuta egon daitezkeen gainerako sustantzia eta produktuak kentzen dira.

Hortik aurrera, olioa ponpatzen da, eta bi andel erraldoitan gordetzen dute, biodiesela egiten duten enpresetara bidaltzeko gero. «Zoritxarrez, birrindutako edukiontzien plastikoa ezin daiteke berrerabili. «Enpresa batzuei galdetu genien ea erretzeko nahi zuten, baina esan ziguten ez duela balio. Halere, ingurumenean eraginik izan ez dezan saiatzen gara», gehitu du enpresako arduradunak.

Ahal dela, ekologikoa

Olio erabilia ez birziklatzeak hainbat arazo eta arrisku eragiten ditu ingurumenean, eta izaki bizidun guztiei egiten diete kalte. Eko Gasteiz enpresarentzat, beharrezkoa da hondakin mota hori birziklatzen lagunduko duten alternatibak aurkitzea.

Hala, enpresak gomendioak ematen ditu kozinatzeko erabiltzen den olioa behar bezala birziklatzeko. «Ez bota ura edo olioa ez den beste edozein hondakin; ez bota olio beroa, bestela ontzia deformatu egingo litzateke beroaren ondorioz, eta hautsi ere egin daiteke; eta gorde ontzia leku lehor batean, giro tenperaturan».

Jendeak, halere, ez du oliorik birziklatzen, uste baita olio erabiliaren bi herenek estoldetan amaitzen dutela. Olio erabiliarekin zer egin ez dakiten ostalariak ere aurkitu ditu Ruizek: «Gehienek, orokorrean, ez dakite nola birziklatu behar den ere, baina, birziklatzen ez bada, kalte handia eragin daiteke». Izan ere, olioa hodietan trabatu daiteke, hondakin urak tratatzeko instalazioetarako aparteko lanak egiteko beharra eragin dezake, hiriko izurriteak areagotu ditzake...

Baina ibaietan eragiten du kalterik handiena: litro bat oliok mila litro ur kutsatu ditzake. Ibaietako olioaren karga organiko kutsatzailea areagotu egiten da, eta oxigenoa igarotzea eragozten duten geruzak eratzen dira ur azalean. Horrekin batera, ur araztegiek denbora gehiago behar dute olioa eta antzeko hondakinak desagerrarazteko; batzuetan, ez da posible guztiz garbitzea.

Ekonomia zirkularra

Hustutako bidoiak sakon garbitzen ari da langile bat, berriro erabili ahal izateko. Sukaldeko iragazkiak pilatuta dauzkate ondoan; izan ere, jatetxeetako jabeek hala nahi badute, olioa jasotzearen truke sukaldeko iragazkiak eta aireztapen hodiak garbitzen dizkiete, Ruizek esplikatu duenez: «Gasteizko jatetxeek aukera dute ematen diguten olioaren truke diru apur bat irabazteko. Halere, ohikoagoa da beste akordio bat egitea: olioa ematen digute eta, trukean, sukaldeko iragazkia garbitu eta iragazki garbi bat ematen diegu».

Eko Gasteizen helburua, beraz, landare olio erabilien bilketa kudeatzea da. Gero, olio hori aztertu, iragazi eta tratatu egingo da, eta biodiesela ekoizteko lehengai gisa —CO2 gutxiago sortzen duen landare jatorriko erregai bat— erabili. «Ekologian eta ekonomia zirkularrean sinesten dugu, eta zergatik ez? Ekonomia zirkularrak produkzio prozesuan sar daitezkeen hondakinak berrerabiltzearen alde egiten du, lehengai berriak merkeago sortzeko», azaldu du enpresako arduradunak.

«Pena da», Ruizen ustez, baina, dioenez, kozinatzeko erabiltzen den olioa bakarrik birzikla daiteke: «Olio industrialak ezin dira erabili biodiesela sortzeko. Olioak diren arren landareetatik ez datozen konposatu kimikoak dituztelako. Horregatik ez dira inoiz bi olioak ontzi berean nahastu behar».

Onartu du enpresa sortu aurretik kozinatzeko olioa eta olio industriala nahasten zituela, «ezjakintasunagatik eta konturatu barik». «Ikasi nuen ezin zela olio industriala etxekoarekin nahastu. Lehena ezin daiteke birziklatu, ezta berrerabili ere. Etxeko olioa birziklatzea ez da zaila, eta edonork egin dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.