Jokin Muñoz. Idazlea

«Ez dut bakarrik euskararen eremuan gelditu nahi»

Nonbaiteko izateaz, gertatuak eta gerta zitezkeenak eramateaz, eta horretan guztian eragiteko literaturak eta batik bat poesiak duen ahalaz ari da Muñozen eleberri berria. Gaztelaniaz idatzi du estreinakoz.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Jazzaldia, Iruñeko AEK, Madril, Jarrai, Mecano, Hertzainak... eta poemak, ugari, josten zaila dirudiena samur harilkatzen. «Asko gozatu dut horrekin». Bizia lo (2003, Alberdania) eta Antzararen bidea (2007, Alberdania) lanekin bi Euskadi sari ez ezik, irakurle askoren estimua irabazi zuen Jokin Muñozek (Castejon, Nafarroa, 1963), baina ia hamarkada bat igaro du argitaratu gabe —«idatzi ere ez dut egin»—, eta ezustekoa eman du itzuleran, gaztelaniaz kaleratu baitu eleberri berria: Sin tocar el suelo (Galaxia Gutemberg).

«Denek galdetuko didate zergatik espainolez». Pisatu dizu horrek idazterakoan?

Ez... Erantzuna nobelan bertan dagoela uste dut. Tontakeria dirudi, baina neure buruari esaten nion idatzi behar nuela nobela bat euskaraz, euskaraz ez dakitenentzat. Euskararen presentzia oso nabaria da liburuan, baina bereziki euskaraz ez dakitenentzat dago idatzita, eta, hala ere, badira ñabardurak soilik euskaraz dakitenen irakurketa aberastuko dutenak. Norbaitek kontrakoa esango dit, baina nik uste dut edozein hizkuntzatara itzul daitekeela liburu hau, euskarara izan ezik.

Esan duzu ez zarela euskal literaturatik joan, espainolezko literaturara joan zarela.

Bai. Ez dut euskal literaturatik alde egin: espainiar literaturara joan naiz. Musikan, adibidez, autore batek kanta dezake hizkuntza ugaritan, edo ikus dezakezu Eneko Sagardoi Handia-n eta gero Meridako [Espainia] Antzerki Klasikoaren jaialdian. Guk oraindik ez dugu halakorik egin, baina nik idazten segitzekotan —ze, bide batez, primeran bizi izan naiz idatzi gabe [barreak]—, uste dut, ziur asko, gaztelaniaz eta euskaraz egingo dudala. Jauzi hori eman nahi dut: ez dut euskararen eremuan bakarrik gelditu nahi.

Itzuleran berriz begiratu diozu euskal gatazkari, testuingurua oso bestelakoa den honetan...

Esaten da idazle batek, azkenean, beti gai berari buruz idazten duela, ezta? 11 urte pasatu dira ETAk armak utzi zituenetik, eta bi errelato nagusi sortu dira: ezker abertzalearena eta estatuarena, nolabait. Hor mugitzen gara, eta uste dut orain dela garaia beste errelato batzuk ere azalera ekartzeko, berandu izan baino lehen, eta barrutik. Gatazka guztietan ñabardura da galtzen den lehen gauza, eta fikzioaren betebeharra litzateke ñabardura horiek erakustea. Luis Landero idazleak esaten zuen noizbait lortu beharko litzatekeela giza kondizioaren entziklopedia unibertsala; pertsona bat hiltzen denean, utzi beharko lukeela, nonbait, bere bizialdiaren berri. Gatazka guztietan, badira sufrimendu pertsonalak, oso barrukoak, eta kazetariek ez dute horien berri emango. Uste dut idazleon lana dela.

Donostia, Iruñea eta Madril artean dabil kontakizuna. Nola ikusten duzu hirukia nobelan?

Ezagutzen dudanaz idaztea gustatzen zait, eta argi nuen hiru hiriek izan behar zutela tramaren kokaleku. Donostian urte askoan bizi izan naiz, eta kasik 30 urte daramat Iruñean lanean eta Etxaurin [Nafarroa] bizitzen. Baina, familia kontu batzuengatik, Madrilekin ere kontaktu handia izan dut, eta bada figura bat han ezagutu dudana: euskaldun soterratu deitzen diedanena. Aspaldi joandako euskaldunak dira, orain 70 urte bat dituztenak, eta umetako hizkuntza barrenean daramatenak. Gertatu zait urteetara jakitea norbait euskalduna zela. Eta irudi hori buruan neukan txertatuta: zerk daraman pertsona bat hizkuntza barru-barruan eramatera, azkenengo kirioan ia.

Protagonistaren kasua da hori.

Bai. Liburu laburra da, baina gauza asko esan gabe uzten ditu. Luisek, Donostiara bueltatzen den batean, euskara entzuten du, baina ezin du berea atera, eta gaztelaniaz egiten du. Trenean sartzen denean, baina, aztoratuta dago, eta [Carmen] Conderen poema hartu, eta euskaraz interpretatzen hasten da. Hizkuntza bere euskarria da bizitzan aurrera egiteko, baina hor geratu zaio, trabatuta.

Irakurle sutsua da, sentibera, errespetuz hartzen duena arrotz zaiona... Sinesten du esaten duen honetan: begiak ixtean ikusten den lekukoa dela bat.

Niretzat bada irudi bat oso nabarmena liburuan: icebergarena. Idazteko teknika ere horixe izan da, erakutsi gutxiago ezkutatzen dena baino; baina iceberg jendea ere badago: gutxiago erakusten duena ezkutatzen duena baino. Eta Leire eta Luis, biek elkar osatzen dute horretan: Luis txundituta geratzen da Leireren arintasunarekin, eta Leire, berriz, Luisen sakontasunarekin. Horrek aldaketa bat sortzen du biengan.

Leireren pertsonaiak zera minkor bat hedatzen du: izan zitekeen guztiarena.

Leirek ez du lurra ukitzen, enara bat da. Bera bidean gelditu zen, baina denborak aurrera segitzen du, eta haren arrimuan egondakoek ikusten dute Leire ere egon zitekeela eurekin. Hor badago irakurketa bat: zertarako balio izan zuen honek guztiak?

Gatazkaren barruan, geruza hori ukitu nahi zenuen? Oso gazte militatzen hasi ziren gazteena?

Bai. Oso gutxi ukitu da, eta, beharbada, ni geruza horretatik gertu egon naizelako izan dut beti interes berezia hori agerian gera dadin. Nerabeekin lan egin izan dut orain arte, institutu batean, eta gazte asko ikusi dut bidean galtzen. Esaten zen gazteriaren erreakzioa espontaneoa zela, baina nik ez dut uste. Zenbat eta zenbat ibilbide akademiko galduak, eta gaitz erdi hori balitz, ze beste batzuetan kartzela izan da, edo okerrago... Historia hurbilean Leire bat baino gehiago dago. Aspaldiko kontua balitz bezala oroitzen dugu dena, baina denboran oso gertu dago.

Koldoren kasuan, Jarrain militatu ondotik, Gipuzkoako diputatu nagusi izatera heldu da, eta bi Euskadi sari ere baditu. Zurekin oihartzun egin dezake horrek.

[Barreak] Batek baino gehiagok esan dit krudela izan naizela harekin, baina uste dut pertsonaiak samurtasunez tratatu ditudala, eta hor ikusten dela denboraren joana nigan ere: ez naiz garai bateko idazle zorrotza eta, aitortzen dut, zenbaitetan oldarkorra. Beharbada hainbeste poesia irakurri izanaren ondorio da, aitatasunarena... baina iruditzen zait lubakiak baino gehiago zubiak eraikitzeko garaia dela. Euskal gatazkan ere ikusten duguna icebergaren punta da, eta ezkutuan den parte handi hori euskal idazleok erakutsi beharko genuke. Euskal idazleok ere definitzen gaitu gatazka armatu bat bizi izanak.

Akhmatova, Kavafis, Sarrionandia, Safo, Lorca, Gil de Biedma... poeta pila bat aipatzen dituzu.

Niretzat, nobela arkitektura da. Poemak behar nituen gertaerak josteko, eta hitzen bidaia hori otu zitzaidan: Luisek gaztelaniaz irakurri eta euskaraz interpretatzen ditu, Meik harrapatu eta berriz gaztelaniara pasatzen ditu... eta atal bakoitza abiatzen da jatorrizko poemaren lerroarekin. Hitzen boterea izugarria da, eta Luisengan badute itxi ezin duen zauria sendatzeko indarra. Hizkuntza literarioa izugarri kontrolatzen du, gainera, eta hura nahieran bihurrituz liburuan esaten dena egiten du: poema bere egin.

Gaztelania nire ama hizkuntza da, baina nire hizkuntza literarioa euskara izan da, eta horregatik, indarra, batez ere, nobelaren eraikuntzan jarri behar nuen. Ni ez naiz Landero gaztelaniaz; argi daukat. Horregatik da hizkera ere oso gardena; ez dago alarderik. Nire garai barrokoa pasatu zen.

Hizkuntzez eta identitateaz aritzean, beste ertz bat erantsi nahi zenuen umetan Txinatik Madrilera heldutako Mei-rekin? Hala dator liburuan: «Ana Mei, Chamberin jaioa, Hong Kongen».

Bai. Askotan sustraiak erabiltzen dira aurrekoekin lotzeko, baina mugimenduaren aldarria ere badago nolabait nobelan. Berriz nator icebergetara. Denok daramagu karga handi bat barruan, aurreko belaunaldiek utzitakoarekin, bizipenekin, kantuekin... elikatzen duguna; horrekin goaz. Meik ez du kargatuko icebergaren bere alde ezkutua Shanghaiko bere sustraiekin, baizik Chamberirekin, bere musikarekin, Luisen poemekin... Gaur egun, azpiko parte hori da gutxitzen ari dena: oso azalekoak bilakatzen ari gara.

Ardatzean dago euskal eta erdal munduen arteko talka ere.

Luisek bizi izan zuen gaztetan Donostia bat non euskararen balioa oraindik mahai gainean jarri gabe zegoen. Esaten zen euskarak ez zuela ezertarako balio, baina hark haren defentsa egingo du. Gero, Iruñean, ikusiko du euskarak baduela hor ukitu ideologiko bat harekin bat ez datorrena; orduan, bada lekurik gabeko euskaldun bat. Horrek bilakatuko du, azkenean, euskaldun soterratu.

Indarrean ikusten duzu hori?

Nafarroan euskaldun munduak badu ukitu ideologiko bat, abertzale munduarena, eta horrela ikusten dute kanpotik ere. Nik ere nahi nuke galduko balu hori, zaila izan arren. Baina batzuetan euskaldunok trinkotasunaren alde egiten dugu apustu, eta ez zabaltzearen alde. «Gaudenok elkarrengandik gertuago egon gaitezen». Eta batzuetan faltan botatzen dut muga hori zabaltzea eta besteengana iristea. Igual ez dago beste biderik, baina gure praxis horrek ez du laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.