Agustin Fernandez Mallo. Idazlea

«Argazkietakoa errealitatea dela pentsatzen duena oker dago»

Estiloan izandako aldaketak gorabehera, oraindik ere «errealitatearen B aldea jorratzea» eta «egunerokotasunaren epifaniekin lan egitea» dira Fernandez Malloren literaturaren ardatzak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Iazkoa urte joria izan da Agustin Fernandez Mallorentzat (A Coruña, Galizia, 1967): Trilogia de la guerra (Gerraren trilogia) eleberri mardula eta Teoria general de la basura (Zaborraren teoria orokorra) saiakera kaleratzeaz gain, Nocilla project egitasmoa osatzen duten hiru lanak ingelesera itzuli eta liburu bakar batean argitaratu dituzte AEBetan. 2006 eta 2009 bitartean plazaratutako hiru liburu horiekin gaztelaniazko literatura inarrosi zuen Fernandez Mallok, eta, hamarkada bat geroago, badirudi etorria ez zaiola ihartu.

Bilbon egon da duela gutxi, Gutun Zuria jaialdian, fikzio fotografikoari buruzko mahai inguru bat gidatzen. Izan ere, fikzioa eta irudia uztarturik egoten dira beti Fernandez Malloren lanetan.

Irudiz inguraturik bizi garen gizarte honetan, norbaitek pentsa lezake literatura dela hitzari gelditzen zaion azken gordelekuetako bat. Hain urrun al daude literatura eta irudia?

Idatzitako hitzari bagagozkio, niri testuen espezifikotasuna interesatzen zait, hau da, zuzen-zuzenean irudi bilaka ezin daitezkeen testuak. Idazle batek pelikula bat —edo bideo joko bat, edo komiki bat— imitatu nahi izateak ez du zentzurik: horretarako zinema dago, eta askoz hobeto egiten du. Hitzarekin lan egitea interesatzen zait, eta hor dauden mekanismoak literaturarenak izatea. Beste kontu bat da gero zinemagile bat etortzea eta testu horretan oinarrituta pelikula bat egin nahi izatea.

Baina zure eleberrietan argazkiak, marrazkiak, komikiak eta antzekoak sartu ohi dituzu.

Bai, baina saiatzen naiz, argazkien kasuan esaterako, irudi horiek zerbait esan dezaten. Ez dut informazioa bikoiztu nahi, hau da, argazkia sartu eta gero hori esplikatzea, oinarrizko akatsa litzatekeelako. Batzuetan pentsatzen dut argazki batek hobeto adieraziko duela nik esan nahi dudana. Une zehatzetan izaten da hori: oso argi dut idazlea naizena eta hitzarekin lan egiten dudana.

Trilogia de la guerra zure azken nobelaren lehenengo atalean argazki artegagarri batzuk agertzen dira, San Simon irlan (Vigo, Galizian) ateratakoak. Argazki batzuetan, han preso egon ziren errepublikanoak ikusten ditugu irlako lekuren batean; eta beste batzuetan, leku horiek agertzen dira, gaur egun duten itxuran eta hutsik.

Ni San Simon irlara joan nintzen beste kontu baterako, ezer idazteko asmorik gabe, eta, kasualitatez, aldean neraman han 1936-37an egindako argazkien liburua. Ni leku batera joaten naizenean aspertu egiten naiz zereginik ez badut, eta, horrela, esperimentu gisa, saiatu nintzen liburuan agertzen ziren lekuak topatzen eta haiei argazkiak egiten. Bi argazkiak alderatzen dituzunean, leku eder bat erakusten duena eta gaur egun hilik dauden preso haiek azaltzen dituena, orduantxe sortzen da bertigoa, amildegia. Horrela hasi nintzen nobela hori idazten: amildegi horren gainean zubi bat eraiki nahi nuelako.

Eta prozesua beti da horrelakoa, edo alderantziz ere lan egiten duzu? Hau da, inoiz suertatu zaizu lehenbizi testurako ideia edukitzea, eta gero horretarako irudien bila joatea?

Normalean, ez. Irudien kontua ez dut aldez aurretik prestatzen; ni munduan barna ibiltzen naiz, eta horrelakoak topatzen ditut, bilatu gabe. Liburuan agertzen diren Turineko (Italia) argazkiak, esaterako: biltzar baterako joan nintzen hara, eta han nengoela bururatu zitzaidan Nietzscheren ibilbide hori egitea eta argazkiak egitea. Horrela lantzen ditut beti nire testuak: aldez aurretik plangintzarik egin gabe, eta modu organikoan hazi daitezela utziz eta nire egunerokotasuneko atalak txertatuz.

San Simon irlaren historia, eta preso errepublikanoak atxikitzeko kontzentrazio esparru gisa erabili zela, zurearen garai bertsuan argitaratutako beste eleberri batean ere agertzen da, Xose Monteagudoren Todo canto fomos (Izan ginen guztia) izenekoan. Literaturaren interes hori gizartearen interes berriaren isla dela esan al daiteke?

Egia da ez dela oso pasarte ezaguna. Beharbada Vigo aldean bai, baina ez da inoiz izan asko zabaldutako gertakari bat; eta Galiziatik kanpo, zer esanik ez. Irla beti izan da mamu itxurako lekua; garai batean hotel bat egon zen, baina gaur egun itxita dago eta ez dago irlara joateko modurik. Badirudi orain badagoela lekua berreskuratzeko egitasmo bat.

Trilogia de la guerra-ren bigarren liburukian ez da argazkirik agertzen, baina narratzailea irudiekin zerikusia duen pertsonaia bitxia da: Ilargira estreinakoz iritsi zen espedizioko partaidea izan zen, eta ez zen inongo argazkitan agertzen, argazkiak berak egiten zituelako.

Ideia hori asko interesatzen zitzaidan, oso sinplea izan arren, azken muturrera eramanez gero oso indartsua delako: kontatu diguten guztia objektiboa da edo ez? Argazkia egiten duena, barruan dago, edo kanpoan? Norbaitek pentsatzen badu argazkian agertzen dena errealitatea dela, oso oker dago. Argazkia egiten duenaren begirada guztiz subjektiboa da. Eta historia ere komunitate batek adosturiko fikzioa baino ez da.

Proyecto Nocilla osatzen duten hiru lanak ingelesez argitaratu dira orain hurrengoan, liburu bakar batean. Garai hartako testuak berriro irakurtzen dituzunean, zeure burua ezagutzen duzu horietan?

Horietan agertzen den literatur ideiarekin erabat identifikaturik sentitzen naiz: errealitatearen B aldea jorratzea, egunerokotasunaren epifaniekin lan egitea, beti ezagutu dugunaren beste ikuspegi bat ematen saiatzea eta abar. Hori guztia hor dago. Baina estiloan ez dut neure burua hainbeste ezagutzen. Orain nire estiloa ez da hain lehorra, esaldi luzeagoak lantzen ditut, eta horrek beste testu mota bat sortzen du. Jakina, ez ditut liburu haiek gaitzesten, baina orain beste era batera idatziko nituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.