Albistea entzun

Ezkutuko urak ere badira

Akuiferoek ura gorde eta eman egiten dute; horregatik dira funtsezkoak uraren zikloan. Euskal Herrian ere badira, eta adituek azaldu dute kalitate «oneko» ura dutela, batez ere, mendi goietan daudenek. Ikerketa ere hizpide izan dute.
Aizkorriko akuiferoaren deskarga gune bat.
Aizkorriko akuiferoaren deskarga gune bat. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko maiatzak 22

Hor daude, baina, ohikoenean, ez dira ikusten. Ura gordetzen dute, baina baita behar denean bideratu ere. Hartu eta eman egiten dute akuiferoek, eta uraren zikloan ezinbesteko rola dute. Hala ere, adituek ohartarazi dute uraren erabilera neurrian egin behar dela, beharrak eta apetak ezberdinduta. Euskal Herrian, mendi goietan daude kalitaterik hoberena duten akuiferoak, eta haranetan kutsatuago daudenak, hala nola industria guneen eta nekazaritzan erabiltzen diren pestiziden ondorioz. Klima aldaketa ere hemen da, eta, beraz, ikertzaileek azpimarratu dute ikerketan egin behar direla urratsak. Haien arabera, ezkutuko urek ere garrantzia dute, eta kontzientziazioan jarri dute arreta. Hilaren hasieran, akuiferoen gaia izan zuten hizpide Gasteizko Geologunean.

Iñaki Antiguedad hidrogeologoa, EHUko irakaslea eta ikertzailea da, eta akuiferoak zer diren azaldu du: «Arroka gorputz permeable bat da; hor gordetzen dituen urak modu emaritsu batean jaria ditzake». Hala ere, azpimarratu du ez dela iragazkor kontzeptuaren sinonimoa, akuiferoek material bat iragazi dezaketelako, baina beren barne egitura aldatu gabe. Gaur egun, ordea, erabiliagoa da unitate hidrogeologikoa kontzeptua: «Eremu geografiko jakin batean biltzen diren akuiferoak batzen ditu». Celso Gil Nafarroako Gobernuko teknikariak, berriz, erantsi du lurpeko uren erregulazio ahalmena lurrazalekoena baino «handiagoa» dela, eta horrek funtzioekin duela zerikusia. Zehazki, ekonomia zirkularraren eta aldaketa klimatikoaren sailaren gidaritzan egiten du lan.

Ura gorde eta bideratu egiten dute, beraz, akuiferoek, baina Antiguedadek adierazi du badela hirugarren funtzio bat ere: «Ura pasatzen uzten dute; birkarga eta deskarga egiten dute, baina eraldatu ere egiten da, arrokek mineralak ematen baitizkiote urari; mineralizazio egoki bat gorpuztu dezake, eta horrek on egiten du osasunean ere». Gainera, Gilek azaldu du funtzio horiei esker ibaiek ere beren ur emaria mantendu dezaketela. Horren adibide da lau hilabeteko agorraldi baten ostean etxe alboko ibaiak oraindik emaria izatea. Halere, bi adituek ohartarazi dute kontrol bat ere egon behar dela. «Batzuetan, gehiegi ustiatzen da, eta ez du zertan txarra izan denbora batez bada; baina okerra da hori betikotuz gero, ur baliabideak agortzen baitira», erantsi du EHUko ikertzaileak.

Hemen ere badira

Euskal Herrian ere badira makina bat akuifero, Bizkaiko mendebaldetik hasi, eta Nafarroako ekialderaino. Euskal Energiaren Erakundearen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hemeretzi unitate hidrogeologiko daude. «Araban, Gasteiz eta Subijana daude; Bizkaian, Aramotz eta Oiz; eta Gipuzkoan, Aizkorri eta Izarraitz», jarri ditu adibidetzat Antiguedadek. Hala ere, erantsi du gehienetan ikerketak «potentzialtasun handiko» akuiferoetan zentratzen direla, eta, ondorioz, bazter gelditu daitezkeela permeabilitate gutxiago izan dezaketen arrokak. «Halaber, horietan ere ur emari interesgarri bat egon daiteke».

Gilek Nafarroako akuifero nagusienak aipatu ditu: «Ebroko eta inguruetako ibaiadarretako alubial detritikoa da akuiferorik zabalena, eta interes handikoa da Lokizkoa ere, giza kontsumorako kalitatezkoa den urez hornitzen baititu inguruko zenbait eskualde; Lizarra, kasurako». Horrez gain, erabilera askotarako baliatzen diren beste hainbeste ere aipatu ditu: Aralar, Leire eta Urbasa, esaterako. Ipar Euskal Herrian, Hiri Elkargoak emandako baina Agence de l'Eau Adour-Garronne agentziak osatutako datuen arabera, hamar akuifero daude, baina ohartarazi dute horietako batzuk oso gutxi zabaltzen direla Euskal Herrian. Antiguedadek bat aipatu du: Aturri ibaiari lotutako akuifero alubiala.

Hala ere, adituek ohartarazi dute akuifero guztiak ez direla berdinak. «Bi esparrutan banatuko nituzke hemengoak: batzuk mendi goietan daude; kareharriei edo arroka karbonatatuei lotutakoak dira, eta inportanteenak; besteak, haranetan egon ohi dira, eta hareharrizkoak dira», azaldu du Antiguedadek. Haietako bakoitzaren barnean ere badira ezberdintasunak, batik bat kareharrietan; euriak disolbatu egin ditzake, eta, batzuetan, sare espeleologikoak sortzen dira. Hala ere, guztiek behar dituzte hutsuneak, ura mugitu eta mantendu dadin. Honela azaldu du ikertzaileak: «Hareharriek porositate homogeneoa dute, eta urak hor aurkitu dezake interesa; baina kareharriek ez dute jatorriz horrelako porositaterik, eta ura lurraren mugimenduen ondorioz sortutako hausturei esker bideratzen da».

Uraren kalitatea

Miren Errandonea Nafarroako Ingurumen Kudeaketaren teknikarietako bat da, eta, Gilekin batera, azaldu du lurpeko urak lurrazalekoak baino babestuago daudela giza jardunetik eta beste batzuetatik: «Lurzoruek eta bestelako harkaitz formazioek estali egiten dituzte, eta, horregatik, azaleko urak baino kalitate handiagokoak izaten dira». Halere, erantsi dute kutsatuz gero zailagoa dela edo teknika «konplexuagoak» behar direla uraren egoera lehengoratzeko. Antiguedadek ere kutsadura izan du gogoan: «Hemen akuifero onak ditugu, baina haranetakoak mendietakoak baino zaurgarriagoak dira, besteak beste, gainean sortu ditugulako biziguneak». Haien hitzetan, Hego Euskal Herrian Ebroko akuifero alubiala da kutsatuena.

Kutsatzaileak zein eratakoak diren identifikatzeko, baina, bada banaketa bat, NIKeko teknikariak azaldu duenez: kutsaduraren jatorria zehatza den ala lausoa den identifikatzea. Hala ere, bata edo bestea izan, argi du eragile nagusia gizakia eta haren jarduna dela, eta nekazaritza jarri du jopuntuan. Pestizidak kutsagarri gisa izendatu ditu, baina badira beste faktore batzuk ere: «Nafarroa hegoaldean, adibidez, ureztatze teknika berriak garatu dituzte, eta, modernizazioarekin, lurpeko uretan areagotu egin dira nitrato kontzentrazioak; abeltzaintzarako ere gero eta etxola gehiago daude, eta horrek arazoak dakartza mindak eta simaurrak kudeatzeko».

Halakorik gerta ez dadin, beraz, Errandoneak uste du administrazioek «kontrol eta zuzenketa mekanismoak» ezarri beharko lituzketela: «Laboreak berrituz gero, eta benetako egoerara egokitutako uraren eta ongarrien erabilera arrazionala eginez gero, akuiferoen kutsadura maila pixkanaka hobetu daiteke». Hala ere, aitortu du Nafarroak baduela uren kalitatea kontrolatzeko sare propio bat, eta Antiguedadek ere baieztatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ur Agentziak ikerketa ugari eginak dituela, baina datu horiekin guztiekin ikerketa gehiago egin beharko liratekeela: «Akuiferoak ez dira arroka soilak; horiek urteak egin ditzakete bertan, baina akuiferoek ura ere barne hartzen dute, eta hor dugu klima».

Klima aldaketaren eragina

Bazter guztiak nahasten ari da klima aldaketa, «edo gizakia», Gilen hitzetan: «Bada adostasun zientifiko bat: gizakiaren jarduera industriala kliman modu globalean eragiten ari da». Haren iritziz, ezin da «zehatz» jakin zer gertatuko den, baina uste du litekeena dela tenperaturak igotzea, eta, ondorioz, ura lurruntzea. «Espero da horrek akuiferoetan dauden baliabideak jaistea». Prezipitazioei dagokienez, Antiguedadek erantsi du «ez dagoela eskua sutan jartzerik» gehiago ala gutxiago egingo duen zehazteko, baina aitortu du sasoiz aldatzen ari direla: «Urria, beranduago dator euria». Hala ere, argi du beroketa globala hemen dagoela, eta, Gilek bezalaxe, uste du tenperaturaren igoerarekin handiagoa izango dela ebapotranspirazioa ere.

Klima aldaketak akuiferoetan izango duen eragina murrizteko, EHUko ikertzaileak azaldu du ebapotranspirazioan jarri daitekeela arreta, hala nola baso politika birpentsatuta. «Mahai gainean dago, adibidez, eukaliptoen gaia, eta ados gaude, baina, bide horretan, ura ere gogoan izan behar da; haren infiltrazioan laguntzen duen landaretza behar da». Kasu honetan, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa erreferentziatzat hartuta, erantsi du Ur Agentziak duela akuiferoen gaineko ardura, eta agian ez duela horrenbesteko eskumenik lurraren antolamenduan, baina argi du elkarri lotuta daudela: «Mendietan hasi, eta hortik behera dago bihar-etziko uraren etorkizuna».

Hala, adituek uste dute uraren garrantziaz kontzientziatu beharra dagoela ingurua. «Gizartea sentsibilizatu behar da ur baliabideen kontserbazioan, kudeaketan eta kalitatean; funtsezkoa da. Orain eta etorkizunean, ura guztion baliabidea da», adierazi dute Gilek eta Errandoneak. Haien arabera, giza kontsumorako ez ezik, industria erabilerarako eta energia lortzeko ere beharrezkoa da ura, besteak beste, eta erantsi dute akuiferoek biodibertsitatean ere laguntzen dutela. Antiguedadek, berriz, adierazi du «ur kultura oso eskasa» dagoela gizartean, eta, beraz, hausnarketarako balio dezakeen galdera bat bota du: «Zer da ura zuretzat?».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...