Albistea entzun

Koronabirusa. Immunitate ziurtagiriak. Juan Hernandez. Zuzenbidean doktorea

«Herritarrak kontrolpean izateko mekanismoak geratuko dira»

Kezkaz ikusten du Hernandezek COVID-19ari lotutako ziurtagiriaren ezarpena. Adierazi du tresnak ez diela erantzuten munduko populazioaren gehiengoaren beharrei.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2021eko ekainak 6

Giza eskubideen defentsan ari da aspalditik Juan Hernandez Zubizarreta (Bilbo, 1958) EHUko Zuzenbide doktorea. Besteak beste, Hegoa eta OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia elkarteetako kidea da. Haren ustez, ziurtagiriak «errealitatea desitxuratzen» du, eta pribilegio hori eskuratzeko ahalmena dutenei bideratutako neurria baino ez da.

Zer iritzi duzu COVID-19 ziurtagiriari buruz?

Horrelako neurriekin, errealitatetik aldentzen ari gara. Pasaportea ekonomiari erabat lotuta dago. Eliteek, enpresaburuek, turismoa eta ostalaritza alorrek, horiek guztiek hazkunde ekonomikoan jarraitzeko beharra dute. Bestetik, bidaiatu ezin izanak kezka eragiten die herrialde aberatsetan bizi diren klase ertainei; gure goreneko ardura da nola bidaiatu, nola kontsumitu.

Bidaiatzea, beraz, ororen gainetik dago...

Horrela da, tamalez. Lehengo egun batean, telebistako albistegia ikusten ari nintzela, esan zuten Loiuko aireportuan 40 hegaldi egin behar zituztela asteburu horretan, eta pandemia aurretik 140 bat izan ohi zirela. Zoriontzekoa omen zela hegaldien berreskuratzea. Bada, mezu horrek errealitatea desitxuratzen du, guztiz. Indian eta beste leku askotan milioika lagun ari dira nozitzen pandemiaren enbata, eta baita eredu ekonomiko jakin baten oldarra jasotzen ere. Agiri honek ez die erantzuten munduko populazio gehiengoaren beharrei, sektore txiki baten beharrei baizik.

Europan, pribilegiatuak gara, beraz?

Ez guztiok. Espainiako datuei erreparatuta, ia herritarren %40k ez dute astebete beren hiritik kanpo ematen. Gure gizartean bertan, beraz, bada bidaiatzen ez duen jende asko. Planeta mailara eramanda, zenbat milioi pertsona izango dira hegazkin bat inoiz hartu ez dutenak? Lagun askoren kezka nagusia ez da maskara jartzea, bizirik irautea baizik.

Ez al da behin-behineko irtenbide bat, pandemiari aurre egitera bideratua?

Ez dut uste. Irailaren 11n, dorre bikien aurkako erasoa gertatu zenean, terrorismoaren aitzakiaren pean, larrialdi garai baterako ezartzen hasi ziren kontrolak aireportuetan; eta jende askok hori normaltzat hartu du dagoeneko, menderatzearen pedagogia baten emaitza baten modura. Aitzakia bera baliatuta, guretzat, juristontzat, giza eskubideen urraketarako espazio basati bat dena eratu zen: Guantanamo. Bertan, tortura ia-ia instituzionalizatu egin da. Hori guztia gertatu zen errealitatearekin bat ez zetorren behin-behinekotasun izaera batekin. Arazoa da behin-behinekotasun hori betiko geratu dela.

Ez da pandemiari buruzko eztabaida etiko bakarra, ezta?

Badira bai beste hainbat kezka. Zer gertatuko den txertoa hartu nahi ez dutenekin, adibidez? Noraino behartu ahal zaie, noraino mugatu ahal dizkiezu eskubideak? Baina eztabaida horrek fokutik kanpo ateratzen du benetan garrantzitsuena dena, hots, pandemia honetatik zerbait positibo ateratzeko aukera genuela, eta galdu egin dugula. Bueltatzen ari gara ohiko normalitate neokolonialera; europarrok nola bidaiatu ahal dugun pentsatzen ari gara, benetako arazoetan pentsatu beharrean.

Kontrol soziala indartuko al da?

Bai, hasieran osasun publikoko irizpideen arabera justifikatuta egon den arren, seguruenera ziurtagiri horrek kontrol soziala areagotuko duten ezaugarri gehiago jasoko ditu etorkizunean. Israelen gertatzen ari dena ikustea besterik ez dago. Garraiora zabalduko da, eta baita lan alorrera ere. Eta horrek txarrerako eragingo die bereziki sistemaren ertzetan dauden sektoreei, txiroenei, eta baita arrakala digital handiena dutenei ere. Gizakien mugimendua kontrolatzeko mekanismo gisa geratuko da, autoritarismo handiko neoliberalismo eredu baten barruan. Ardura berezia dut migratzaileekiko. Arazo handiak dituzte, eta, Europara iristen direnean, segurtasun irizpideen arabera hartuak dira. Are, hemendik aurrera izango dira, baita ere, COVID pasaporterik gabeko pertsonak. Aitzitik, Europan elkartasunean oinarritutako harrera eraiki beharko genuke, segurtasunean oinarritutako bat eraiki beharrean. Gainera, eskuin muturrak baliatuko du egoera. Lana kenduko digutela, agiririk ez dutela... Bada, ohiko gezur sorta horri beste bat gehituko diote orain: COVID pasaportea ez dutela, eta gaixorik etor daitezkeela.

Birusentzat ez da mugarik...

Hala da. Osasunaren Mundu Erakundeak berak argi esan du: ikuspuntu mediko eta berekoi batetik begiratuta ere, txertoen bitartez birusarekiko babesa zabaldu behar dugu mundu osoan. Gainera, hau ez da soilik pandemia bat. Ikusi dugu hain indartsu zirudien kapitalismoa finean oso ahula dela. Adibidez, deslokalizazio prozesu ero baten ondorioz, pandemiaren hasieran maskarak eta bestelako babes batzuk lortzeko modurik ez zegoen. Klima aldaketaren ondorioz ere, erregai fosilek asko garestituko dute turismoa laster, eta energia berriztagarrietarako beharrezkoak diren mineralak ere ez dira sobran egongo. Beharrezkoa da, beraz, trantsizio bat abiatzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Clement Pottier eta Barthelemy Mottay. ©GUILLAUME FAUVEAU

«Hezkuntzan dauden arazoak kukutzeko, polemika faltsuak sortzen dituzte»

Oihana Teyseyre Koskarat

Frantziako Hezkuntza ministro berri Gabriel Attal «komunikatzaile hutsa» dela salatu dute. Uste dute hezkuntza «gaizki» doala, eta Frantziako Gobernuak polemika «erreakzionarioak» sortzen dituela aterabideak eman ordez.
Jokin Bildarratz Hezkuntza Batzordean, artxiboko irudian. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bildarratzek dio ez dagoela «interes gatazkarik» eskola garraioaren aferan

Edurne Begiristain

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko agerraldia eskatu du sailburuak. Auziari buruzko datuak eman ditu
Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen
Bingen Zupiria, Eva Ferreira eta Eneko Agirre, atzo, Donostian. ©BERRIA

Adimen artifiziala euskarara irits dadin lanean ari da Hitz Zentroa

Xabier Martin

Jaurlaritzak 1,68 milioi euro eman dizkio EHUko zentroari teknologia berriak iker ditzan, euskara sustatzeko errealitate digitalean. Datu bilketa masiboa abiatzeko deia egin dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.