Albistea entzun

PENTSALDIAN

Omikron aldaera

Felix Zubia - Donostia Ospitaleko ZIUko medikua

2021eko abenduak 28

Arnasketaren bidez hedatzen diren birusek bi ezaugarri dituzte: batetik, oso kutsakorrak direla, aerosolen bidez hedatzen direlako, eta, bestetik, oso aldakorrak direla. Aldaketa horiek direla eta, gaitza behin pasatu arren hurrengo batean ere berriz pasa genezake. Aldaketa handi bat bada, gure immunitateak ez du defentsa bereziturik bere aurka, eta gaixotasun larriak eragin ditzakete, oso erraz hedatuz. Behin hura pasatuta, aldaketa txikiak izaten direnean, aurreko defentsak ditugunez, modu nahiko arinean pasatuko dugu gaitza.

Horren adibide izan liteke gripearen birusa. 1918an aldaketa handi bat izan zen, gaitza izan zutenen %10-20 hil zen, eta munduko biztanleen %5en heriotza eragin zuen. Behin biztanle gehienek pasatuta, urteroko birus bihurtu zen, aldaketa txikiekin hedatzen dena.

Koronabirusarekin ere horrelako zerbait gertatu zaigu. Lehendik bagenituen koronabirus batzuk gure inguruan, baina ia denontzat erabat ezberdina eta berria den SARS-CoV-2 birusak defentsarik gabe harrapatu gintuen. Lehen aldaerak edo alfa aldaerak gaitza zutenen %10en ospitaleratzea eragiten zuen, eta %1-2ren heriotza, era berean osasun sistemak gainezka jarriz. Bere aurka sortu ziren txertoek gaitzaren garapena eragozten zuten kasuen %70 inguruan, eta bilakaera larria izatea %95etan, nahiz eta haien artean ezberdintasunak izan.

Ondoren etorri zen delta aldaerak kutsakortasun handiagoa zuen, eta txertoek gaitza ez garatzeko gaitasuna galdu zuten (%50-60an kokatzen dute ikerketa batzuek, beste batzuek askoz ere baxuago). Horrekin, talde babesa edo artalde efektua lortzerik ez dago, baina txertoek gaitzaren forma larriak eragozten dituzte kasuen %90etan, 70 urtetik gorakoetan eta immunitate arazoak dituztenetan %70era jaitsiz. Txertoei esker, azken bi olatuetan ospitaleetan izandako eragina askoz ere txikiagoa izan da, eta milaka heriotza ekidin dira.

Eta orain omikron aldaera etorri zaigu. Aldaera hau askoz ere kutsakorragoa da, pertsona batek beste 10 kutsatzen dituela diote, eta ezagutzen den birusik kutsakorrena dela. Aurrez gaitza pasatu izanak ez du berriro gaixotzea eragozten, nahiz eta nahiko modu arinean garatzen den. Ditugun txertoek, alfa aldaeraren aurka sortuak, gaitasun txikia dute gaitza garatu ez dezagun, baina gaixotasuna modu arinean izateko aukera handiagoa dakarte, hirugarren dosiarekin batez ere.

Hurrengo asteetan kasuen gorakada ikaragarria espero da, ia gehienak arinak. Kasuen gorakada horrek gizartearen alor askotan langile falta ekarriko du, eta oinarrizko diren zerbitzu asko kolokan jarri ditzake, Erresuma Batuan gertatzen ari den moduan. Lehen Arretan, kasuen jarraipena ezinezkoa izango da, eta are eta gutxiago kontaktuen jarraipena eta haiei testak egitea. Ospitaleetan, azkenik, ez dakigu zer-nolako eragina izan dezakeen. Hegoafrikan askoz ere ospitaleratze gutxiago izan dituzte, baina pertsona gazteak dira nagusi, gurekin aldaratzea zailduz. Europako lehen datuek ere eragin txikiagoa adierazten dute, Erresuma Batuan eta Danimarkan esaterako, baina oraindik ere goiz da hori ziurtatzeko. Arriskua txikiagoa izan arren, kasuen gorakada izugarriak kopuru handiak eragin ditzake, eta ospitaleak guztiz bete. Egoera honen aurrean, Europako herrialdeek neurri zorrotzak hartu dituzte, badaezpada.

Eta zer ekarriko du epe luzera? Aditu askok diote hau izango dela azken olatu handia, biztanleen zati handi batek modu arinean pasako duelako, eta immunitatea garatuko duelako. Horrela, birusaren aldaera berriek kutsatu arren, modu arinean pasatuko genuke gaitza. Hainbeste ezusteko eman dituen gaitz honen bilakaera aurreikustea zaila da, eta hurrengo asteek emango digute erantzuna. Bitartean, Hegoafrikan kasuen jaitsiera hasi da, eta itxaropentsu daude. Ikusiko dugu zer gertatzen den Europa zaharrean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat maskararekin paseatzen, Donostian. ©GORKA RUBIO/FOKU

COVID-19arekin hildakoak eta positibo eman dutenak gutxituz doaz etengabe

Jone Arruabarrena

Astetik astera, nabarmen jaisten ari dira kopuruak; oraingoan, 31 hildako izan dira, eta 1.881 positibo.

Aragoiko kanala. ©Javier Cebollada / EFE

Hilik aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen Ribaforadako bizilaguna

Berria

Zaragozako Novallas (Aragoi) herrian aurkitu dute 82 urteko gizonaren gorpua.

Tuterako Santanak, artxiboko argazkian. ©TUTERAKO UDALA

Hil egin da Tuterako entzierro batean larri zauritutako gizona

Berria

74 urte zituen, eta uztailaren 26ko entzierroan zauritu zen.

BU-520 errepideko 2. kilometroa, Burgos ©Google Maps

Hiru gazte hil dira asteburuan trafiko istripuz

Lide Egizala Urteaga

Barakaldoko 20 urteko bi gazte hil ziren larunbat gauean. Igandean, berriz, Astigarragako gazte bat hil zen Pirinioetan, moto istripu batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...