Pastor
DARWIN ETA GU

Gizon burusoilaren koplak

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Autobusa noiz irtengo zain daude bidaiariak. Bat-batean, gidariak dei bat jaso du. «Ez joan oraindik», adierazi dio telefonoaz beste aldeko neskak. Eta azalpenak ematen segitu du: «Bikote bat doa. Giri-ak dira. Masail gorriak dituzte. Adinekoak. Tira, adinekoak ez, 50 urte pasatuta edo izango dituzte. Garaiz iritsiko ahal dira! Gizona burusoila da eta emakumea... ez; emakumeak ilea du». Autobusean barreka ari da jendea. Izan ere, sakelakoan bozgorailua jarria du gidariak. Ez al da konturatu?

Ibilgailuan sartu da bikote musu gorria. Azkenean. Gizona burusoila da, eta emakumeak ilea du, bai. Haatik, andreak beste ezaugarri fisiko bat du, hura erraz identifikatzeko balioko lukeena. Hala izanda ere, autobus konpainiako neskak ez du ezertxo ere esan horretaz.

Roald Dahl zenak ez zuen hori egingo. Ezagunak dira idazle britainiarraren lanetan agertzen ziren deskribapen biziak, irudi eta adjektiboak. Oso krudelak, nonbait, gaurko umeek irakurtzeko. Hori dela eta, Dahlen lanak berridatzi egin dituzte oraingo haurren sentiberatasuna ez mintzeko eta, batez ere, txiki-txikitatik besteenganako errespetu eta gizabidean hezteko.

Nori eta zeri buruz idaztea dugu zilegi? Nola? Dahlen narrazioak gustatu edo ez, idazlea hil ondoren egindako testu aldaketak zentsura dira. Ados egon gaitezke egilearen idazkerarekin—edo ez—, baina horrek ez digu haren lana txikitzeko eskubidea ematen. Liburuari hitzaurrea jarri, lana testuinguruan azaldu, kritikatu. Hori guztia egin dezakegu, baina testuan artaziak sartu?

Benjamin Lacombe eta Sebastien Perez frantsesek animalien amatasunari buruzko liburu bat argitaratu berri dute. Kritikak berehala heldu zaizkie. Nor da gizonezko bat hartz, untxi, ahate edo oreinen amatasunari buruz idazteko? Lacomberen erantzuna: «Amatasuna ez da soilik emakumezkoen kontua». Zentsuraren eta autozentsuraren arriskuak aipatu eta edozeri buruz idazteko eskubidea aldarrikatu du idazleak.

Amei buruz soilik emakumeek dute idazteko eskubidea? Emakume guztiek ala bakarrik mundura umeak ekarri dituztenek? Eta haurrak nahi bai, baina ondorengorik izan ez dutenek? Ama izatea burutik inoiz pasatu ez zaien andrazkoek? Bronte ahizpek ez zituzten soilik emakumezkoen barruak eta grinak deskribatu; gizonezkoenak ere bai. Agatha Christiek literatura irakurterraza sortu zuen, baina gizonezkoen soslai psikologikoak bikainak dira. Orduan...

Artearen beste arlo batzuetara ere eraman dezakegu afera: aktore batek guraso baten rola hartu ahal du gurasoa izan gabe? Emakume pintore batek ezin du gizon baten tristezia islatu oihalean? Idazle gazte batek ezin imajinatu dezake pertsona zahar baten egoera, haren adinari dagozkion gorabeherak oraindik bizi izan ez dituelako? Gurera etorrita: bertsolari bati debekatu egingo zaio egunen batean bera inoiz izan ez den pertsonaren larruan sartzea, sormen eta antzezle lana libre egiteko? Edo areago: txapelketa nagusiko final batean planto egingo du bertsolari batek egokitu zaion rola ez dagoelako bere pertsona, sentimendu, emozio, bizipen eta esperientziei lotua? Inoiz gertatuko da halakorik, pertsona horrek libre aukeratuta edo presio sozialak bultzatuta? Galderak dira. Eta kezkak.

Nire kalparra etorkizunean zer izango zen hauteman nuenean dermatologoaren kontsultara joan nintzen. «Harro egon beharko zenuke alopezia androgeniko horretaz. Gizonezkoarena da, oso. Marlon Brandok Un tranvía llamado deseo filmean zuena bezalakoa duzu», esan zidan. Sartu baino kontentago irten nintzen handik, Hollywoodeko izar batekin zerbait komunean nuela sinetsita.

Nekez barneratu nuen burusoila izango nintzela. Ez zen gozoa izan hori onartzea —txima-luzedun idazle batek inoiz ulertuko ez duen sufrikarioa izan zen; beraz, ez dadila hura infernu hori deskribatzen saiatu!—. Orain ez dut Marlon Brando izan nahi. Hilekoa inoiz izan(go) ez duen eta disfuntzio kapilarra duen izaki biziduna ere ez. Gizon burusoila izan nahi dut. Besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.