Gailurraren kontra mobilizatuak

Bi hilabete falta dira G7koen goi bilera iragateko Miarritzen, segurtasun neurri zorrotzen artean. Euskal Herriko 45 eragilek plataforma bat osatu dute kontragailurra antolatzeko.

G7 Ez plataformakoen protesta, Miarritzen, Macronen bisitaren harira. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bixkotxeriak Miarritzen izanen dira; koktelak, Baionan». Hala erran omen zuen Jean Grenet garaiko Baionako auzapezak 2000. urteko urrian, Europako estatuburuen goi bileraren aitzinetik. Estatuburuak Miarritze (Lapurdi) bunkerizatuan elkartu ziren, eta istiluak izan ziren asteburu osoan Baionan. Esaldi hura eta gertakari haiek gogoratu dituzte behin baino gehiagotan agorrilean Miarritzen iraganen den G7ari buruz tokiko agintariek eta hedabideek egin dituzten adierazpenetan. «Mehatxuak» ikusten dituzte gailurraren parean; «ultra-bortitzen» mehatxua. Eta araberan, segurtasun neurriak iragarri dituzte: segurtasun eremuak, poliziak, manifestazio debekuak, garraio mozketak... «Eztabaida demokratikoa aipatzen dute, baina, bitartean, errepresioa prestatzen ari dira», salatu du Dominika Dagerre G7 Ez plataformako kideak. Mobilizazioak antolatuko dituzte goi agintarien bilkura salatzeko.

G7koen gailurra Miarritzen zela jakin bezain laster hasi ziren bilkurak egiten eta Euskal Herri mailako dinamika sortzea erabaki zuten. «Hasieratik oinarri gisa ezarri dugu Euskal Herria izatea erreferente nagusia», azaldu du Dagerrek. Gaur egun 45 kide dira plataforman, Hego nahiz Ipar Euskal Herrikoak; elkarteak, sindikatuak eta mugimendu politikoak. Berriki, Ipar Euskal Herriko Jaka Horiak ere sartu dira taldean. «Plataforman badira Frantziako eragileak ordezkatzen dituzten egitura batzuk; guziek onartu dute Euskal Herria hartzea koadro gisa, eta hizkuntza mailan ere bai». Euskal Herriko bilkurak euskaraz egiten dituzte, itzulpen sistemarekin.

«Ariketa aldetik aski ezohikoa da», Hartzea Lopez Arana G7 Ez plataformako kidearen hitzetan. «Eztabaida espazio bat sortu dugu: zer mobilizazio mota, nola egin, zer kontaktu kanpoko erakundeekin, zer gai kontragailurrean... Eta hori saiatzen da ahal den eta modu horizontalenean aipatzen eta erabakitzen. Bakoitzaren helburu eta egiteko moldeak konfrontatzen dira, baina baita bateratzen ere». Dagerreren arabera, «hautsi-mautsiak» egitea dakar horrek, «helburua baita plataforma bakar bat egotea bururaino eta elkarrekin erabakia burutzea».

Hasieratik arau bat finkatu dute: plataformak hitza hartzen du plataformak erabaki dituen eginmolde edo ekinaldiei buruz bakarrik. Ondoan, eragile bakoitzak askatasuna badu, nahi izanez gero, bere aldetik mobilizazioak antolatzeko edo iritziak plazaratzeko. Lopez Arana: «Denak kontziente gara batasun hori bururaino atxikitzen badugu indar bat izanen dela G7koen gailurrari begira. Desadostasunak badira plataformaren barnean, entseatzen gara kohesio edo batasun horri lehentasuna ematen, elkarrekin iristeko bururaino». Kanpoari begira ere garrantzitsua da, haren ustetan. «Gailur hau inposatzen digute. Hemen badugu herri zapalduen problematika ere, eta, nazioarteari begira, euskal erreferente bat izatea mugaz bi aldeetakoa...». Frantziako plataformaren adibidea hartu du; ez dute plataforma «nazionala» deitu, «hexagonala» baizik. «Hori lehen ez zuten horrela erraten».

Hiru zutabe finkatu dituzte G7koen gailurrari aurre egiteko: bataila ideologikoa, masa mobilizazioak eta desobedientzia zibila. Kontragailurra antolatuko dute gailur ofiziala aitzin —oraingoz, Irun eta Hendaia artean aurreikusia da—, eta, ondoren, mobilizazioak: agorrilaren 24an manifestazioa eginen dute eta agorrilaren 25ean, Miarritze inguratuko duten zazpi elkarretaratzeren bidez «ortzadarra» osatzera deitu dute. «Kolore anitzeko mundu bat aldarrikatzen dugu».

Manifestazio debekua ere salatu nahi dute mobilizazio horretan. «Ez dakigu zehazki zer eremutan izanen diren debekuak», esplikatu du Dagerrek. «Egunez egun ari dira neurriak egokitzen. Frantziako muga guziak itxiko dituzte, Alemania, Belgika eta Italiarekin ere bai. Nahi dute ahalik eta jende gutxiena etor dadin». Bestelako mobilizazioak ere antolatzeko asmoa dute. Bihar, manifestazioa izanen da Donostian, eta bestelako ekitaldiak Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Uztailaren 13rako ere manifestaziora deitua dute Miarritzen, eta «masiboa» espero dute. «Garrantzitsua da Miarritzen berean erakustea zer nahi dugun eta zer ez».

Harremanak prefetarekin

Zazpi bloketan antolatuko dute agorrilaren 19tik 24ra iraganen den alternatiben gailurra: «Beste mundu baten alde, kapitalismotik eta multinazionalen diktaduratik atera»; «planetaren suntsitzearen aurka, lurra zaindu, bizitza bermatu»; «mundu feminista baten alde, patriarkatuarekin amaitu»; «herrien aniztasuna eta askatasuna bermatu, mundu dekolonial eta diskriminaziorik gabeko baten alde»; «demokrazia sozialaren alde eta, denentzat, eskubide berdinak bermatzeko, autoritarismoarekin amaitu»; «herrien arteko elkartasunean oinarritutako mundu justu baten alde, gerla eta inperialismoarekin amaitu»; «inor ez da ilegala, mugak hautsi gizakientzat».

Azken hilabeteetan, agintariekin harremanean egon dira antolaketari begira. «Plaza publikoa erabili nahi genuenez, argi zen berme batzuk behar genituela», azaldu du Lopez Aranak. Miarritzeko auzapezarekin elkartu ziren lehenik, eta kontrakoek zer leku izanen zuten galdetu zioten. Pirinio Atlantikoetako prefetarekin izan dituzte harremanak geroztik. «Hasieratik argi zen haien zona gorri-urdinarekin ezingo genuela Miarritzen antolatu, nahiz eta hori izanen zen bidezkoena», esplikatu du Lopez Aranak. Baionan egiteko eskatu zuten; prefeturak, ezetz. Akizen (Landak) egitea proposatu zieten; plataformak, ezetz. «Guretzat argi zen Euskal Herritik kanpo ezin zela», azaldu du Dagerrek. «Ororen buru, guk dugu erran Hendaia eta Irun artean antolatuko genuela. Guretzat, eremu horrek esanahi biziki azkarra baitu, gutxienez eragile batzuek onartzen ez dugun muga badelako».

Haiekin bildu zenean desadostasunik agertu ez bazuen ere, kontragailurra bere herrian egitearen aurka azaldu da azken asteetan Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza. Lopez Arana: «Guretzat sinplea da: gailurrik ez bada, ez da kontragailurrik; bata bestearen ondorioa da. Hemengo klase politikoaren zati bat aritu zaigu erraten kontragailurrak arazoak sortzen dituela. Guretzat, gailurrak sortzen ditu; beraz, has gaitezen hasieratik. Auzapezaren eta prefetaren arteko eztabaidak ez dira gure afera». Alternatiben herrixkara etorriko direnei ahalik eta baldintza egokienak eskaintzea da plataformakoen lehentasuna, baina badakite adostutakoak bertan behera gelditu daitezkeela. «Arrunt kontziente gara prefeta lekuko fusible bat dela. Hitzematen ahal dizkigu nahi dituen gauza guziak; bihar Barne Ministerioak edo Eliseoak erabaki bat hartzen badu, desaktibatzen ahal du sei hilabeteko lana. Halakorik gertatuko balitz nola erreakzionatu eztabaidatzen hasiak gara».

Beldurraren estrategia

Segurtasun neurri oso zorrotzak iragarri zituzten urtarril bukaeran Miarritzen, G7koen goi bileraren «segurtasuna bermatzeko». Miarritze erabat itxiko dute, 15.000 polizia izanen direla aipatua izan da, eta oraindik zehaztu ez duten eremu zabal batean manifestazioak egitea debekatuko dute. Garraioetan ere izanen du eragina: aireportua eta Baiona, Miarritze eta Donibane Lohizuneko tren geltokiak itxiko dituzte gutxienez.

Maiatzaren 18an, Miarritzen izan zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea G7koen bilkura prestatzeko, eta segurtasun neurriak izan zituen hizpide hark ere. «Segurtasun indarren mobilizazio handia egonen da Miarritze bera baina baita hiri eta eremu delikatu gisa identifikatuak segurtatzeko». Kopuruaz galdetuta, ez zuen zehazki mintzatu nahi izan. «Horri buruzko ikusmolde maximala dugu, ez baitugu nahi herritarrei eta haien lasaitasunari eraso eginen dion desordenarik eta suntsiketarik egon dadin. Jadaneko, Frantziako eta Europako zenbait talde bortitzek hitzordua emana dute, zoritxarrez, orain, G7 edo G20 bat dagoen aldi oro gertatzen den gisan», adierazi zuen.

Gailur denboran, Hendaiako atxikitze zentroa erabat hustu eta atxiloaldiak kudeatzeko erabiliko dute. Auzitegian ere neurri bereziak hartuko dituztela erraten ari dira, berehalako epaiketak saldoan egin ahal izateko. Horri buruz informazio berezirik ez duela adierazi du Teddy Vermotte Baionako abokatuen elkarteko burulehenak. «Argi dena da Justizia ministerioa antolatuko dela, gehiegikeriak baldin badira behar beste epaile eta polizia izan daitezen». Haien aldetik, abokatuak mobilizatuko dituzte, atxilotuen defentsa eskubideak bermatuak izan daitezen. Agorrilaren 19tik irailaren 1era, 50 abokatuko taldea egonen da gau eta egun zaintzan. «Ez dakigu zer eta nola gertatuko den, baina, gerta daitekeenaren aitzinean, atxiloaldi eta epaiketa guzietarako abokatuak izanen ditugu eskuragarri. Hori da abokatuen eta abokatu elkargoaren lehentasunezko misioa».

Kezka ere agertu du Vermottek, azken hilabeteetan Frantziako Poliziak erabilitako bortizkeriari begira. Azaroaren 17an Jaka Horien mugimendua abiatu zenetik, David Dufresne kazetariak bildu ditu datuak Mediapart agerkarian. Mobilizazio soziala hasi zenetik ehunka zauritu izan dira: 307 buruan zauritu dituzte, 24k begi bat galdu dute, bostek eskua galdu, eta hildako bat egon da. Zaurituen artean 114 kazetari daude. Gutxienekoa da, ordena publikoa atxikitzeari dagokionez, demokrazia liberal batean ezohiko zenbakiak direla erratea.

G7 Ez plataformakoak ere kontziente dira egoeraz. Lopez Arana: «Plataformakook erraten dugu badela estatuaren inposaketa eta bortizkeria gogor bat. Bera da horren arduraduna. Hitzordu bat inposatzen digute: ez digute galdetu guk halakorik nahi genuen hemen ala ez. 15.000 polizia ekarriko dituzte. Ikusten dugu manifestazioen nolako kudeaketa egiten duten azken sei hilabeteetan. Kezkatzen gaituena da estatuaren bortizkeria, eta nola ari diren hori prestatzen, juridikoki, ideologikoki, segurtasun mailan... Harategi bat prestatzen ari dira. Eta argi erraten digute: zaurituak egonen dira, ospitalearekin ikusten ari dira... Hori guzia elikatzen dute ezkutatzeko beraien biolentzia».

Araberan, prestatzen ere hasiak dira. Abokatu talde bat osatzeko lanak abiatuak dituzte, eta mediku talde bat ere osatu nahiko lukete. Oldartu gazte dinamikak, udaberrian, konferentzia bat antolatu zuen Frantziako Poliziak erabiltzen dituen armei buruz. Lopez Arana: «Beldurraren estrategiari aurre egin behar diogu, eta gaurdanik ahalik eta jende gehienari erran behar diogu gailurraren kontrako mobilizazioetan parte hartzeko; kopuruak eginen baitu diferentzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.