Pastor
DARWIN ETA GU

Youssef eta kirol zipaismoa

2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Espainia munduko futbol txapelketatik kanpo dugu. Ez dut ukatuko: poztu egin naiz. Ez soilik futbol aldetik, la Roja delakoak espektakulurik eskaini ez duelako. Ez bereziki. Munduan denik eta jokorik ikusgarriena erakutsita ere, ez nintzateke tristatuko taldea kanporatu eta gero. Kontua futbola, soilik futbola dela erantzungo didate. Ez da soilik futbola. Partidaren harira Espainian esan diren guztiek argi utzi dute lehia futbola baino zerbait gehiago zela. Dezente gehiago.

Marokok irabaziz gero, taldearen zaleek dena hankaz gora jarriko zuten susmoa hedatu da —hemen autokritika egin beharra daukat: nik ere halako errezeloa nuen, eta ez dut uste bakarra izan naizenik; zer esatea nahi duzue, arrazismo lauso eta ikusezinaren zantzu eta sustraiak oharkabean barnera eta erro daitezke—. Ordea, ez da halakorik gertatu. Istilurik ez Euskal Herrian.

Belgikan ez bezala, garaipena bakean ospatu dute gure hirietan Magrebeko taldearen aldekoek: Bilbon, Iruñean, Gasteizen... Agian, ikerketa soziologikoak eta psikologikoak egin beharko genituzke hori guztia ulertzeko. Istiluak izan diren Europako beste herrialdeetan zer gertatu den azken hamarkadetan, nola bizi izan diren eta nola sentitzen diren gurasoak, aitona-amonak edo birraitona-amonak afrikarrak dituzten belgikarrak hala jokatzeko. Gurean ez da halakorik gertatu. Hemendik 20-30 urtera, zer izan liteke? Batek jakin. Ez naiz igarlea, baina esango nuke etorkizunari begira lana dugula Euskal Herrian Belgikan bezala gerta ez dadin. Alde guztietakoek. Alde guztietatik. Hango hauek eta hemengo haiek. Guk guztiok, alegia.

Katalunian ere istilurik gabe ospatu dute milaka lagunek Marokoren garaipena. Youssef gaztea bikain mintzatu da katalanez, Beteve telebistan: «Izugarria da, hau historian behin gertatzen da. Guk burua ondo jantzita dugu, badakigu non gauden, badakigu Katalunian gaudela eta sen onez ospatzera aterako gara. Horixe egin dugu beti (...) Eskerrak katalan guztiei guk ere halako festa bat ospatzea onartzen dutelako. Gurekin batera ospa eta goza dezatela. Free Palestina, beti!».

Hori guztia esanda, kontu bat: ez dakit zenbat euskal herritar poztu diren Marokok Espainia kanporatu duelako. Askotxo, seguruena. Neure buruari galdetzen diot ea nola erreakzionatuko genukeen Marokok balizko euskal selekzioa kanporatu eta gure kaleak ehunka eta ehunka lagun magrebtarrez bete balira, bandera, dantza eta kantu, garaipena ospatzeko. Hain rollito ona izango genukeen?

Oso erraza da marokoarrekin bat egitea Espainiari nagusitzen zaizkionean. Hala ere, zer esango genuke ospakizuna gure Euskal Herri maitearen kontura izango balitz? Zer da mingarriagoa: jatorri magrebtarra duen gazte euskaldun batek Marokoren garaipena Euskal Herriaren kontra ospatzea ala hemengo beste herritar bat, euskalduna edo erdalduna, gure herriaren zapalkuntzaren ikurra den nazioaren selekzioaren alde egotea? Nik argi daukat erantzuna. Futbolaren drogak zenbait abertzale edo independentista noraino itsu dezakeen ere bai.

Izan ere, herritar batzuek gozatu ederra hartu dute Espainia txapelketatik at geratu dela ikusita. Zergatik eta Luis Enriquek Realeko jokalaririk eraman ez duelako Qatarko txapelketara. Eta entrenatzaile espainiarrak Oiartzabali deitu balio, zer? Kirol zipaismoa besarkatu eta Espainiaren alde egingo genukeen?

Ez, ez erabili betiko kopla edo aitzakia: jokalariak behartuta daudela Espainiaren selekziora joatera, hori egiteko deia jasoz gero. 90eko urteetan hainbat gazte epaitu eta horietako batzuk espetxeratu zituzten Euskal Herrian soldadutza egiteari uko egiteagatik. Ulertu egiten dut gure kirolariek karrera, palmaresa, bizimodua eta geroa Espainiarekin jokatuz hobetuko dituztela pentsatzea. Alta, ez iradoki, mesedez, euskal futbolari bat epaitu eta, are gutxiago, kartzelara eramango dutela elastiko espainiarra ez janzteagatik. Denok dakigu hori ez dela gertatuko. Inolaz ere ez. Joseba izan edo Youssef.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.