EAJk ikurrina aldarrikatu du, «komunitatearen sinbolo gisa»

Kalejira bat egin du Bilbon, ikurrina aurrenekoz duela 125 urte igo zela ospatzeko. Elkarbizitzaren eta errespetuaren ikurtzat ere jo dute jeltzaleek

EAJren kalejira, atzo, Bilbon, ikurrinaren omenaldian. Lehen lerroan, Juan Mari Aburto eta Itxaso Atutxa. BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikurrina lehendabiziko aldiz igo zela 125 urte bete direla ospatzeko ekitaldia egin du EAJk Bilbon, kalejira batekin. Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak hitz egin du ekitaldiaren bukaeran, eta ikurrina aldarrikatu du, «komunitatea egiten duen sinbolo gisa». Azaldu du EAJk lanean jarraituko duela «ikurrina, errespetuan oinarrituta eta inolako inposaketarik gabe, Europako beste nazio errealitateen pare egon dadin».

Ciriaco Iturri Euzkeldun Batzokija elkarteko kide beteranoenak altxatu zuen lehen aldiz, Bilboko Posta kalean, 1894ko uztailaren 14an, Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek diseinatutako bandera. «Hortik sortu zen EAJ. Era berean, lehen ikurrin hartatik sortu zen gure nazio nortasuna, gure sentimendua», azaldu du BBBko buruak, eta «handik 125 urtera euskal aberria eraikitzen» segitzen dutela.

Atutxaren esanetan, herri bat ez da eraikitzen masta batean bandera bat edo beste bat jarrita; «herri bat eraikitzen da herri borondatea dagokion lekura emanez; erakunde batzuekin ordezkatuta sentituko den kolektibitate soziala bilbatuz; kontzientzian eta borondatean aurrera egingo duen proiektu batekin; demokrazian eta erabakimenean aurrera eginez; aldekoak irabaziz; komunitatea eraikiz; kolore hauekin identifikatuko diren gero eta herritar gehiago erakarriz».

Omenaldia Dendarikaleko Bilbo Zaharra batzokian hasi dute, balkoian ikurrina jarrita. Euzko abendaren ereserkia kantatu ostean, bi ikurrinekin eta txistulari talde baten laguntzarekin, Posta kalera joan dira, Euzkeldun Batzokija zen tokira. Atutxarekin batera, han izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ibone Bengoetxea Bizkaiko foru diputatua, Bilboko zinegotzi, Bizkaiko batzarkide eta EAEko legebiltzarkide batzuk, eta alderdiaren jarraitzaile ugari.

1936ko urriaren 19an, lehen Euzko Jaurlaritzak, ikurrina ofiziala izango zela erabaki, eta Euskal Herriko bandera izendatu zuen. Frankismoan debekatuta egon zen. 1977an legeztatu zuen Espainiako Estatuak. Atutxa EAJren buruzagiak nabarmendu duenez, «elkarbizitzaren eta errespetuaren ikurra» ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.