Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zahar etxeetan betiko arazoak, betiko konponbideak

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusaren olatuen joan eta etorri hauen artean zahar etxeen bizitza aurrera doa. Dagoeneko txertatuta daude Euskal Herriko zahar etxeetako biztanle guztiak, eta horri esker bizimodua aldatzen ari da. Orain, bisitak maizago egin daitezke, paseoak baimenduta daude, eta familiak eta egoiliarrek elkar uki dezakete.

Nahiz eta zahar etxeetan COVID-19 kasu aktiborik ez egon momentu honetan ezin dugu bizitza normalera bueltatu kutsaduraren berpizteak ekiditeko, baina baretasun honi esker badirudi garai ona dela aztertzeko zer gertatu den eta etorkizunean zer aldatu behar den epidemia larri hauek saihesteko.Hala ere, nik uste dut etorkizuneko zaintza ereduak diseinatzeko pandemia buruan edukitzea akatsa larri dela, zeren eta bunkerrak eraikitzeko edo gizakien arteko distantzia soziala betirako arau gisa mantentzeko arriskua baitakar.

Koronabirusaren agerpenak Pandoraren kutxa zabaldu du eta aspalditik zetozen zenbait arazo azaleratu ditu, adibidez zaintzaile kopuru urria. Sindikatuek, profesionalek, egoiliarrek eta hauen senideek etengabe salatu dute pertsonal eskasia azken urteetan. Zaintzaile eta zaintzeko pertsonen arteko proportzioa oso desorekatuta dago, baina hau ez da gauza berria. Urteak pasa ahala ikusi dugu zahar etxeetara bizitzera joaten diren pertsonen soslaia aldatu egin dela, orain ingresatzen diren pertsonak zaharragoak dira, gaixoagoak eta mendekotasun maila handiagoa dute, baina egoera hau aldatzen zen heinean langile kopurua ezartzeko irizpideak ez ziren aldatu.

Badira beste arazo batzuk konpondu barik, esate baterako publikotasunaren asuntoa. Ez dut uste publiko edo pribatuen arteko eztabaida orain zehatzena denik; ordea, kalitatezko edo kalitate gabeko egoitzen inguruko eztabaida bai. Zahar etxeak irekitzeko, mantentzeko eta kontzentratzeko irizpideak gogorragoak izan behar dira kalitatea lortzeko, modu honetan, dirua bakarrik nahi duten enpresak sektoretik botatzeko. Honekin batera, arau hauek betetzen direla ziurtatzeko ikuskatzeak handitzea nahitaezkoa da.

Aste honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan egoitzen segurtasuna hobetzeko eta esparru soziala eta sanitarioa koordinatzeko formazio profesionaleko titulu berri bat asmatzeko eskaera bat egin da. Asmakizun honek politikariek erizain geriatrikoei buruzko daukaten jakinduri urria agerian uzten du.

Laburbilduz, utz ditzagun antzinako eztabaida antzuak eta aukera ditzagun benetako soluzioak: kalitatezko egoitzak, hauek benetan sustatzen dituzten araudiak, eta, noski, langile gehiago eta hobeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.