Albistea entzun

Suizidioa, bere hotzean

Estatistikek agerian uzten dute geroz eta gazteagoak direla beren buruaz beste egiten duten pertsonak. Ipar Euskal Herrian nabarmen handiagoa da suizidioen proportzioa. Hiriburuetan eta herri txikienetan gertatzen dira kasu gehienak.
Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2019ko urtarrilak 24

Errepideetako istripuetan baino gehiago hiltzen dira beren buruaz beste eginda. Eta heriotza kausa nagusia da 40 urtetik azpikoen artean, istripuen ondoren. Horiek, bere hotzean, suizidioei buruzko azken datuek erakusten dituzten bi argazki. Urtero, 300 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste Euskal Herrian. Iaz, 229k egin zuten Hego Euskal Herrian. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereari buruzko kopuru zehatzik ez dago; CepiDc Frantziako osasun institutuaren arabera, 105 pertsonak egin zuten 2015ean Pirinio Atlantikoetako Departamenduan —Euskal Elkargoa eta Biarno batzen ditu—. Inoizko handienen artean daude kopuru horiek, suizidioari buruzko datuak jakinarazten hasi zirenetik. Gorabeheratsuagoak izan dira beste garai batzuk, baina azken urteetan egonkortu egin da joera.

Herrialdeka, berriz, ez dago alde handirik biztanle kopuruaren eta beren buruaz beste egin dutenen arteko proportzioan; bertsua da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baina pixka bat handiagoa da Bizkaian. Estatistikek erakusten dute suizidiorako joera handiagoa dela biztanle asko dituzten udalerrietan, eta txikienetan. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, hiriburuetan eta 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan jazotzen dira kasu gehienak. Beren buruaz beste egiten duten hiru herritarretik bat bizi da hiribururen batean. Eta lautik bat, herri txikiren batean.

Suizidioei buruzko estatistiketan, beste batzuetan bezala, 100.000 biztanleko tasa erabili ohi da da neurgailu gisa. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan oso antzekoak dira kopuruak; batez beste, iaz zortzi pertsonak egin zuten beren buruaz beste 100.000 biztanleko. Kopuru horrek nabarmen egiten du gora Bidasoko mugaz iparraldera: Pirinio Atlantikoetako suizidio tasa Hego Euskal Herrikoaren halako bi da han. Hala, Hego Euskal Herriko datuak gertuago daude Espainiako batezbestekotik —tasa bera da— Ipar Euskal Herrikoetatik baino. Pirinio Atlantikoetako tasa Frantziako Estatuaren menpeko lurraldeetako batezbestekoaren gainetik dago: bi puntu gehiago. Europako batezbestekoa baino handiagoa ere bada.

Sexuen araberako banaketan ere alde nabarmena antzeman daiteke. 100.000 biztanletik sei gizonek egiten dute beren buruaz beste, eta bi emakumek. Zehazki, Hego Euskal Herrian 174 gizonek eta 54 emakumek egin zuten beren buruaz beste iaz. Pirinio Atlantikoetan, berriz, 80 gizonek eta 25 emakumek, 2015ean. Proportzio bera da mugaren alde batean eta bestean: %76 gizonak, eta %24 emakumeak. Europako batezbestekoaren oso antzekoa da, halaber: %78-%22.

Gazteagoak

Adin tarte guztietan gertatzen da proportzio hori. Baina handiagoa izaten da gazteenen eta zaharrenen artean. Adibidez, Hego Euskal Herrian, 15-29 urteen artean beren buruaz beste egin zuten guztiak mutilak izan ziren. 80 urtetik gorakoen artean ere nabarmen gehiago dira beren burua hiltzen duten gizonezkoak (%92). Pirinio Atlantikoetan ere bada joera hori. Eta Europan, oro har.

Ikerketa batzuetan azpimarratzen da saiatu baina hiltzen ez diren emakumeak halako hiru gehiago direla, eta, bereziki, gazteenen artean gertatzen dela hori. Suizidio ahaleginei buruzko datu ofizialik ez dago, edo oso gutxi daude. ATIH ospitaleratzeei buruzko informazioa zabaltzen duen Frantziako agentzia publikoak, baina, agerian utzi zuen errealitate hori txosten batean. Akitaniakoak dira datuak, 2013. urtekoak. Suizidio ahaleginen bat egin zuten 15-19 urtekoen artean lautik hiru ziren neskak.

Beren buruaz beste egiten dutenen soslaia gaztetzen ari dela erakusten dute ikerketek. Suizidio guztietatik ia herenak 65 urtetik gorako pertsonen artean izan ziren 2010ean. Orain, 45-65 urte artekoetan izaten da kopururik handiena. Azken urteetako txostenek, halaber, agerian uzten dute 15-25 urte bitarteko gazteen artean gora egin dutela suizidioek. Gaur egun, 40 urtetik azpikoetan hori da heriotza kausa nagusia, askotariko istripuen ondoren: 33 gaztek hil zuten beren burua, eta 99 hil ziren istripuetan Hego Euskal Herrian iaz. Nabarmen gehiago dira beren buruaz beste eginda hildakoak gaixorik hildakoak baino.

Azken urteetako inkestetan joera da beren buruaz beste egiteko moduari buruzko informazioa ematea. Datuok hotzean hartuta, ondoriozta daiteke urteak pasatu ahala txikitzen ari dela altuera handiko leku batetik salto eginda beren buruaz beste egin dutenen kopurua, eta handitzen ari dela pozoiekin eta bestelako substantziekin egiten dutenena. Dena den, metodo nagusia izaten da oraindik ere aurrenekoa (%40); jarraian, lesio bidezko (urkatuta, itota...) suizidioak (%35).

Beren burua hiltzeko erabiltzen den metodoa aztertzeko orduan, sexuen artean dauden desberdintasunak nabarmentzen dira ikerketetan —INErenean eta CepiDc-erenean, esaterako, generoaren aldagaia erabiltzen dute eta ez adinarena edota besteren bat—. Hala, datu horien arabera, ondoriozta daiteke gizonen artean banatuagoa dagoela; beren buruaz beste egiten duten emakumeen artean, berriz, gehienek hautatzen dute garaiera handiko leku batetik botatzea. Iaz, Hego Euskal Herrian, hori egin zuten andreen %62k, eta gizonezkoen %32k. Gizonek nahiago izaten dute beren buruak lesionatuz hiltzea —urkatuta, itota, labana batekin...—; hori egin zuten %39k, eta emakumeen %21ek. Emakume bakar batek ere ez zuen erabili suzko arma bat hiltzeko; gizonen %9k aukeratu zuen hori.

Askotariko faktoreak

Logikoa denez, estatistiketan ez da azaltzen pertsona horiek beren buruaz beste egitearen arrazoia zein den. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, baina, suizidio kasu gehienen atzean patologia mental bat dago, buruko osasun arazo bat. Bikote hausturak, etxeko egoera, ikastetxekoa, ume edo gaztaroan jasandako esperientzia bortitz bat, edota, adinean aurrerago eginda, lan baldintzak, pobrezia, arazo juridikoak... Erakunde horren arabera, hamaika faktorek elikatu ditzakete patologia horiek; eta drogen eta alkoholaren kontsumoek areagotu egin ditzakete.

OMEren arabera, suizidio guztiak ezin dira eragotzi, baina gehienak bai. Arriskuak gutxitzeko neurri hauek proposatzen ditu: hiltzeko bitartekoak eskuratzeko aukera murriztea; buru nahasmenduak dituzten pertsonak artatzea, bereziki depresioa, alkoholismoa edo eskizofrenia pairatzen dutenak; ahaleginen bat egin duten pazienteen jarraipena egitea; lehen mailako osasun arretako profesionala prestatzea; eta komunikabideetan gaiaren inguruko tratamendu arduratsua sustatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioa, atzo, Bilbon ©Marisol Ramirez / FOKU

Jaurlaritzak esan du irakasleen %33,1ek bat egin dutela hezkuntzako grebarekin

Irati Urdalleta Lete

Atzo greba egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. Haien arabera, parte hartzea %60koa izan zen.

Greban dauden errepideetako langileak gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian. / ©BERRIA

EAJ eta PSE-EEk ELAri esan diote Aritzetako isurketen auzia epaitegietan argitu behar dela

Jone Arruabarrena

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin du ELAk, eta Eusko Abertzaleak eta Eusko Sozialistak taldeek «akusazio larriak» egitea egotzi diote.

Diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk

Diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk

Arantxa Iraola

Pandemia aurreko datuen aldean «ugaritze» bat ikusi dutela esan dute, eta testak egiteko bideak erraztu behar direla; eritasunaren nazioarteko egunaren harira mintzatu dira, gaur baita

San Tomas eguna, Bilbon. ©Marisol Ramirez / FOKU

San Tomas egunean Plaza Barriako postuak lekualdatuko dituztela salatu dute baserritarrek

Julen Otaegi Leonet

Bilboko Udalak ostalaritza «lehenetsi» duela eta baserritarrak «baztertu» dituela salatu du Enba sindikatuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...