Loli Garcia. CCOO Euskadiko idazkari nagusia

«Lan erreforma indargabetu behar da, patronalaren adostasunarekin edo gabe»

Lan eta pentsioen erreformetan emaniko lehen pausoak gustuko ditu Garciak, baina oraindik bide luzea falta zaiela nabarmendu du. Kritiko mintzo da euskal sindikalismoaren egoeraz.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ekainaren 1ean beste lau urterako berritu zuen kargua Loli Garciak (Barakaldo, Bizkaia, 1969). Bigarren legegintzaldia du Euskadiko CCOOko buruan: bozen %68rekin aukeratu zuten. Boz zuriak ia herenak izan ziren, baina horrek ez du arduratu: «Gurean adostasun handiko kongresuak ezohikoak dira. Ez da zigor boza, gauza batzuen garapenari buruzko iritzi ezberdina duten batzuen boza baizik. Babesa nabaritzen dut». Hartaz geroztik, jo eta ke dabil lanean, mugimendu handiko egunak baitira hala Euskal Herrian nola Madrilen.

Duela hilabete aukeratu zintuzten, eta ez duzu aspertzeko betarik izan aste hauetan.

Ez, hau etengabeko lan bat da. Azken urte eta erdian bost aldiz handitu da ekintza sindikala. Egoera oso berezi batean gaude, gure ustez behin-behinekoa dena, baina etorkizunerako oinarriak finkatzea oso garrantzitsua izango da krisi honetatik nola ateratzen garen ikusteko.

Marko hori azken asteetan negoziatzen ari da, erreforma ezberdinekin. Azkenekotik hastea onena, Espainiako Gobernuak bere proposamena egin du behin-behinean dauden langile publikoak finkatzeko. CCOOk onartu egin du, ELAk eta LABek kritikatu, kalte ordainak hor daude… Zer diozu?

ELAren kritikari ez diot erantzungo. Estatu mailatik datorren guztia ezbaian jartzen dute, eta ez gatoz bat horrekin. Guk balorazio ona egiten dugu; batetik, oinarriak finkatu dituelako, oposizio bitartez lan publikoetara sartzeko bidea mantenduz; eta, era berean, bermatu egiten du urte asko behin-behinean daramaten langileak lehenestea postu horiek betetzeko garaian. Funtzionarioen ordezkapen tasa desagertu egin da. Erakundeek egoera horretan dauden postu guztiak atera behar dituzte lehiaketara 2024 amaitu baino lehen. Hori azaleratzen erraza da, lehiaketa gabe beteta dauden postu estrukturalak detektatzea da. Guk lan hori egina dugu, eta Jaurlaritzak ere bai. Kalte ordainak akuilu bat izan behar dute plaza horiek azaleratzeko.

Pentsioen erreformaren lehen zatia adostu duzue. Pentsiodunen elkarteek, baina, kritikatu egin dute akordioa.

Akordio ona da, garbia, ez dago murrizketak eragingo dituen baldintzarik. Ez da akordio osoa, bigarren fasea falta da, eta beste gai batzuk ukitu nahi ditugu: gutxieneko pentsioa, errelebo kontratua... Arazo bat dago, eta bi modutara konpondu daiteke: 2013ko bidetik, murrizketekin; edo akordio honek dioen bezala, aurrekontua handitzearen bidetik. Akordio honek 2013ko erreforma indargabetu du bi arlo erregresiboetan: KPIa legez bermatzen da, eta, bestetik, jasangarritasun faktorearen baldintzarik gabeko indargabetzea. Ez dezagun ahaztu horiek zirela pentsiodunen elkarteak sortu zirenean zituzten bi aldarrikapenak.

Jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen sistema horrek mesfidantza handia sortu du. Zer da ekitate faktorea?

Zehazteke dago. Gobernuak zer esango duen? Ez dakigu. Ez dugu jaso proposamenik. CCOO ez da egongo etorkizuneko pentsioak murriztea dakarren inongo akordiotan. Ez dakitakordioa egongo den; baietz espero dut, baina ez dakit. Negoziazioari epea eman behar zaio, azarora arteko epea dugu.

Lan erreforma ere udazkenean eztabaidatuko da. Epea urte amaiera da, eta gobernuaren asmoen zirriborroa ezaguna da dagoeneko. Zer iruditu zaizu?

Ez da gure proposamena, urrunago iritsi nahi dugu. Lan erreforma indargabetu behar dela uste dugu, baina, horretarako, beste testu bat jarri behar da. Gure helburuak negoziazio kolektiboko erremintak berreskuratzea da: ultraaktibitatea, sektore hitzarmena enpresakoaren gainetik jartzea... Ezin dugu onartu akordio kolektibo bat enpresa eremuan okertzea, ordezkaritza sindikalik ere ez dagoen lantokietan. Horren eredu da Kelly-en, hoteletako garbitzaileen, egoera. Gero behin-behinekotasuna murrizteko neurriak daude: kontratu motak murriztu; kausalizatu kontratu horiek... Behin-behinekotasuna zigortu egin behar da, kotizazioak handituz adibidez.

Maiatzaren Lehenean Espainiako Gobernuari esan zenioten hitza bete behar zuela. Ari al da?

Pandemiaren zati gogorrena pasata, gobernuari esaten genion agenda sozialarekin konplitzea zegokiola. Pixka bat estutzea erabaki genuen. Gure ustez, pentsioen akordioa bide horretan doa. Lan erreforma negoziatzen ari gara, eta gauzak ez doaz gaizki, baina lana dago egiteko. Horrek guztiak urte bukaerarako argituta egon behar du, akordioarekin edo gabe, hori argi utzi behar dugu. Ez dugu patronalaren betoa onartuko. Haiek kontuan izan behar dute aurreko gobernuek hitzartu gabeko erreminta batzuk eman zizkietela.

Erreformarik gabe ez dago Europako funtsik, eta haien onuradun handiak enpresak dira.

Patronala, baina, negoziazioa baldintzatzen saiatuko da. Behin-behineko kontratuen arrazoia arautzeak ez dio graziarik egingo. Guk gobernuari esan diogu: hau ezin da gehiago atzeratu, adostasunik edo gabe, lan erreforma indargabetu behar da. Gero gutxieneko soldataren auzia dago. Batez besteko soldataren %60 izan behar du: 1.040-1.060 euro artean dago. Aurten, 2022an eta 2023an igo behar da.

Udazkenean greba orokorra deitzearen zurrumurrua ez da baretu. LABek maiatzean aipatu zuen aukera hori.

Guretzat greba orokorra baliabide garrantzitsua da, eta ondo erabili behar da. Ezin dugu jo sasigreba orokorretara, prentsan tituluak eman arren, eta jende asko mobilizatuta ere, lantokietan eragin murritza duena. 24 greba antolatu ditzakegu Euskadin, baina, mahai batean ez bagara esertzen, ez du zentzurik. Guk negoziazioari aukera bat eman nahi diogu, espazioak badaude horretarako, Euskadin ere bai. Gero badago mugimendurik nire erakundeak ez du baztertzen mobilizazioa.

Udazkenean greba egitea eskaini al dizuete?

Ez.

Erantzuna entzunda baietz zirudien.

Ez. Euskadiko beste sindikatu batzuengatik diozu?

Bai.

Bada ez. Eta ez dut uste deialdia elkarrekin egiteko deituko gaituztenik. ELAk eta LABek azken urteetan ez dute egin. Euskadin sakoneko arazo sindikal bat dugu. Lau sindikatu handiak ez gara esertzen interes komuneko gauzen inguruan hitz egitera. Iragan asteazkenean bi pankarta zeuden Durangoko lan istripuaren salaketan. Istripua salatu dugu, arrazoien analisian bat gatoz, ezbeharrak konpontzeko moduetan bat gatoz... Zergatik goaz bi pankartekin?

Zergatik?

Bada bi sindikatu daudelako eredu horrekin hautsi nahi ez dutenak. Gai hau jorratzeko eskaintza egina diegu, lau aldiz uste dut, istripu baten aurrean elkarrekin erantzuteko. Bat eginda indar irudi handiagoa ematen dugu, eta gero bakoitzak bere berezitasunak izango ditu. Azken urteetan lortu ditugun gauzak batasun espazioetan lortu ditugu.

Bizkaiko metaleko borroka salbuespena izan al zen?

CCOOk batasun sindikal espazio guztiak landuko ditu. Langileentzat ona dela uste dugulako. Helburua lan hitzarmenak dira, istripuak amaitzea... Gero aldarrikatu daiteke lan harremanen euskal markoa, estatuarekin harremanik ez duena, eredu federal batean oinarritutako eredua... Asmo horiek sindikatu bakoitzaren irizpideen araberakoak dira. Baina langileen eskaera zehatzak hor daude, nik aldatu nahi dudana, eta baita LABek eta ELAk ere, baina ziur asko ez gure modu berean. Testuinguru horretan, ba al dugu espaziorik aldarrikapen komunak egiteko? Ni baiezkoan nago. Horretarako borondatea behar da, eta azken urteetan aurkakoa sumatu dugu, prozesu batzuk espresuki sortu direla sindikatu batzuk kanpoan uzteko.

Kritiko mintzo zara. Harremana ez dago bere onenean.

Oinarrian ez dago harremanik, konfederazio mailan behintzat ez. LABekin komunikazio hobea dugu, ELArekin ia ez da existitzen, edo zuzenean ez da existitzen. Badakigu ELAk ez duela gizarte mugimendu batzuen mobilizazioetan parte hartu CCOO ere mobilizazio horretan zegoelako. Ez naiz ezer asmatzen ari. Euskadin negoziazio kolektibo sektorialaren blokeoa bizi genuen lan erreformen aurretik. Hemen sektore mailako hitzarmen batzuk egon dira, Bizkaiko metalekoa adibidez, ELAk sinatu ez zuena. Sindikatu batzuen eredua enpresa mailako akordiora joatea da eta sektore mailakoa alboratzea.

Enpresa mailan, aldiz, badirudi harremana hobea dela: PCBn, Tubacexen…

PCBn guk dugu ordezkaritza handiena. Ados nago diozunarekin. Batasunak indartsuago egiten gaitu. Hor zailagoa da esatea «ez naiz zurekin eseriko». Ez dira espazio errazak, dena den.

PCBn eta Aernnovansindikatu moduan ez zenuten kaleratzeen akordioa sinatu; ITP Zamudion eta Alestisen, berriz, bai.

Ez da kaleratzeen akordioa, lan erregulazioena baizik. PCBn ez zegoen krisi egoerarik, krisia behin-behinekoa da. Beste lanabes batzuk erabil zitezkeen, eta enpresak ez du izan negoziatzeko asmorik. ITP Zamudio, aldiz, talde handi batean sartuta dago, Espainian beste planta batzuk dituena. Erregulazioak guztiei eragiten zien, eta negoziazioa bateratua zen. ELA ere eseri zen, baina zer gertatu da? ELAk espazio horiek ukatu egiten ditu, eta enpresari eskatu dio Zamudioko plantan negoziatzea bakarrik, eta beste espazioak ez zaizkio axola. Enpresak ezetz esan du. Zein da kontua? ELAk gehiengoa duela Zamudion, baina ez planta guztiak kontuan hartuz gero. Guk akordio bat negoziatu dugu, gure ustez mesedegarria dena. Ez da kaleratzerik egon, aldi baterako kontratuen ez berritzeak baizik, eta gero beste neurri batzuk daude, lan poltsa esaterako.

Ertzaintza langileekin izaten ari den jarrera salatu duzue.?

Nik Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari deitu nion. Oso arriskutsua da egiten ari direna, lan gatazkak ordena publikoko gatazka bihurtu nahi dituzte, eta hori salatuko dugu. Lan sindikala kriminalizatzen saiatzen ari dira, eta Ertzaintzaren agresibitate maila izugarria izaten ari da lan gatazketan. Erantzuleak egon behar dira. Batetik, gauza hauek egiten dituzten pertsonak, eta bestetik,, erantzule politikoak.

Nola dago Euskadiko CCOO egun? 2019an hirugarren sindikatua zineten afiliatu eta ordezkari kopuruan, %18arekin.

Nik ondo ikusten dut. Afiliazioa handitu dugu azken lau urteetan. Sindikatua egoera hobean kokatzeko aldaketa batzuk egin behar ditugu, ordezkaritza sindikalean ere gora egiteko. Zertan oinarritzen da aldaketa? Gure jendea langileengandik gertu kokatzea. Ezin gara egon jendea etortzeko zain; lantoki gehiagotara iritsi behar dugu. Ordezkaritza genuen ia toki guztietan hazi egin gara, eta orain ordezkaririk ez dugun tokietara iritsi behar dugu. Delegatuei lagundu behar diegu, haien atzean egon. Azken hiru hilabetekoan LABekiko genuen aldea murriztu dugu.

Irungo udaltzainen ebazpenak berriro ekarri ditu mahai gainera euskara eskakizunak. Zer iritzi duzu haren inguruan?

Hausnarketa egin eta lan bat argitaratu dugu: Klase arrakalarik gabeko herri eleanitz baten alde. Sumatu dugu euskara klase arrakala bat eratzen ari dela ia arlo guztietan. Eta uste dugu hizkuntzak bateratzailea izan behar duela, eta euskararen erabilera sustatu behar dela, baina oso kritikoak gara hizkuntz eskakizunei buruzko dekretuarekin eta haren erabilerarekin, arrakala hori haustea eragozten ari delako. Hizkuntz eskakizunak tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren araberakoak izan behar dira; eta gainera, iruditzen zaigu beste eskakizun mekanismo batzuekin ere lan egin behar dela administrazioan, ez hain akademikoak, baizik eta komunikazio gaitasuna dutenentzat, baina agian ezin dutenak azterketa gainditu. Arazo hau desagertu egingo delako belaunaldi pare batean, gazteak maila onarekin aterako dira eskolatik, baina beste adin batzuetan arazoak izaten ari dira orain. Ildo horretan, gure ustez, Irungo epaia ez dago eskakizunen kontra, baina esaten du eskakizunak ez direla egoki ezarri; izan ere, udalak eskakizuna ezarri die araudiak uzten zion postu kopuru handienari, kontuan hartu gabe ez dela beharrezkoa postu guztietan eskakizuna jartzea, eta horrek eragin du jende jakin bat enplegu publikotik kanpo geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.