Albistea entzun

«Gelditzea atzera egitea da»

Euskaraz bizitzeko gogoa ozen adierazi dute milaka lagunek Donostian, gazteak buru zituztela. Konpromisoa eskatu diete herritarrei, eta «hizkuntza politika berriak» abian jartzea administrazioei
Milaka lagun Donostiako Bulebarrean, atzo, Euskara Aurrera egitasmoaren manifestazioaren amaieran.
Milaka lagun Donostiako Bulebarrean, atzo, Euskara Aurrera egitasmoaren manifestazioaren amaieran. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko maiatzak 22 - Donostia

«Euskara ez da aurrera joanen, aurrera eraman behar da». Hala kantatu zuen Irantzu Idoate bertsolariak atzo, Euskara Aurrera lelopean Donostian egindako manifestazioaren amaieran, milaka lagunen aurrean. Horretarako giharra, herritarren babesa, izan baduela berretsi zuen euskarak, non eta hilabete eta erdi lehenago Korrika amaitu zen leku berean. Herritarren sostengua eta «herri gogoa» euskalduntze prozesuaren oinarrizko zutabe dela azpimarratu zuten, baina, aldi berean, prozesuak ezinbestean bi hanka behar dituela gogoratuta; bestea, administrazio publikoena.

Ezohikotik asko zuen mobilizazioak, euskalgintzak egiten dituenekin alderatuta, eta, abiatu aurretik, nabari zen ikusmina parte hartzaileen nahiz antolatzaileen artean, baita mobilizazioaren dimentsioa neurtu ezina ere, antzerako besterik erreferentzia gisa hartzea zaila baitzegoen. Eta ezohikoa zen, halaber, gazteek gidatutakoa zelako. Hain justu, horrek irudikatzen duena goratu zuen Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak: «Ikusten dugu euskararen katea ez dela eten. Gazte Euskaltzaleen Sareak determinazioa erakutsi du euskararen borrokarekin aurrera egiteko, eta, beraz, euskararen katebegi sendo bat izango dugu». Besteak beste horregatik, atzoko egunaren argazkia «euskararen historian» gorde beharko dela azpimarratu zuen.

Nabari zen gazteen presentzia, ohikoan baino nabarmen handiagoa, manifestazioan, eta, orobat, aldarrikapenetan. «Gazteok ere euskaraz» eta «azterketak euskaraz» oihuek oihartzun egin zuten ibilbidearen zati askotan, euskararen ofizialtasunaren aldekoekin batera, besteak beste.

Hizkuntza eskubideak zanpatuen dituztenek euren aldarrikapenak eraman zituzten mobilizaziora, aurrez antolatzaileek eskatua zuten gisan. Hala, manifestazioaren buruak Antiguako tunela zeharkatu orduko, Ipar Euskal Herriko ikasleek bi pankarta handi zabaldu zituzten alboko horma batean; «hezkuntza euskaldunaren bidean» ikasleei «borrokarako» deia egiten ziena bata, eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren aurpegi alderantzizkatua ageri zuena bestea, «zure jukutriaz gaindi, euskaraz ikasiko dugu» leloarekin batera.

Aldarrikapen gehiago ere izan zen; hala nola pantailetan euskara sendotzearen aldekoa. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren atarian, berriz, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek Espainiako eta Frantziako estatuen «inposizioa» salatu zuten, eta euskarak «burujabetza» behar duela aldarrikatu.

Behin Kontxako pasealekuko nahiz Donostiako erdiguneko kale obraz beterikoak zeharkatuta, errazagoa egin zen manifestazioari benetako tamaina hartzea, eta orduantxe egin zuen distira handien. Askatasunaren hiribidea alderik alde bete zuten manifestariek, eta amaierarik ikusten ez zitzaion jende oldeak hartu zuen Bulebarra.

«Normalizaziorik» ez

Jendetza hari hitz egin zioten Aize Otaño AEK-ko kideak eta Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sarekoak. Mobilizazioaren zergatira joz hasi zen Garaikoetxea. Gogoratu zuen euskararen egoeragatiko «kezkak» eraman zituela Euskara Aurrera egitasmoa abiaraztera: «Kezkatuta gaude euskaraz bizitzen jarraitzeko oztopo nabarmenak ditugulako. Bai, oraindik ere bai, gaur egun». Zailtasunok, gainera, tokian tokiko berezitasunak zeinahi izanda ere, Euskal Herri osoan dituztela gaineratu zuen: «Euskararen egoera ez dago inondik inora normalizatuta; ezta euskara ofiziala den lurraldeetan ere».

Lehendik ere «zaurgarria» zen egoera pandemiak are gehiago okertu zuela ohartarazi zuen Otañok. Gainera, euskararen biziberritze prozesuak azkenaldian «hainbat kolpe» jasan dituela esan zuen: Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua «kolokan» jarri izana, Nafarroan hizkuntza eskubideetan egin den atzerakada eta epaitegietatik iritsitako erabakiak, besteak beste.

Testuinguru horretan, anbizioz jokatzea ezinbestekotzat jo zuen Garaikoetxeak; egungo moldeetan, betiere. Izan ere, horixe nabarmendu zuen: hizkuntzaren biziberritze prozesuak garaian garaiko erronkei erantzun behar diela. «Ez dago besterik: geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu aurrera goaz». Euskarak dituen erronken artean zerrendatu zituen «belaunaldi berriak osoki euskalduntzea», «euskaraz eroso bizi ahal izateko espazioa eta eremuak zabaltzea», «pantailetan euskararen presentzia areagotzea», euskara «harrera hizkuntza» bihurtzea, «doakotasuna behingoz bermatzea» eta «euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea».

Horiek bermatzeko, baldintzetako bat biziberritze prozesua gaurko egunera arte ekarri duen berbera izango dela adierazi zuen Otañok: «Euskararen aldeko herri gogo indartsua». Egun ere halakorik izan badela gaineratu zuen, eta horren adibidetzat jarri Korrika eta Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu izana, besteak beste. Txalo zaparrada lehertu zen orduantxe, gazteek borrokaren lema hartu izanak sortutako ilusioaren erakusle.

Hala ere, «asko izan arren, ez da aski», Garaikoetxearen esanetan. Euskarak «herri bultzada berria» behar duela adierazi zuen, eta norbanako bakoitzak «konpromisoa» hartzea: «Euskalduntzean urrats berriak egingo baditugu, taupada euskaltzale, indartsu, antolatu eta eraberrituari esker izango da. Euskara aktibatzeko eta antolatzeko garaia da».

«Egiturazko aldaketak»

Herri bultzadarekin batera, baina, «egiturazko aldaketak» galdegin zituen Otañok, ohartarazita euskararen biziberritzearena ez dela norbanakoen «auzi partikularra». Interpelatu egin zituen administrazio publikoak, eta «egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri» behar direla defendatu. Horrekin batera, baina, elkarlanerako deia egin zien: «Euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten».

Ez egitea «justizia eta demokrazia» eskaerari entzungor egitea litzatekeela gogorarazi zuen Garaikoetxeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Buruntza Mendiko gurutze frankista bota dute

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Berria

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurrekoa, gaur eguerdian. ©Iñigo Uriz / Foku

Estatuaren biktimak aitortzeko «urrats instituzional garrantzitsuak» nabarmendu ditu Foro Sozialak

Iosu Alberdi

Legealdian emandako pausoen ondoriotzat jo dituzte Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak azken asteetan hartutako erabakiak.

Ahurretan sartu ezinezko 48 ordu

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion.

 ©BERRIA

Presoak eztabaidagai

Iosu Alberdi

1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.