«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek

Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zerua goibel, baina jendea koloretsu. Halako irudia eman zuen atzo egin zuten harrotasun martxak, Miarritzen (Lapurdi). Gure harrotasunak ez du mugarik lelopean egin zuten manifestazioa ehunka lagunek. Genero identitateetan mugarik ez dagoela aldarrikatu zuten, eta, LGTB komunitateko etorkinei sostengua adierazi zieten, horien baldintzarik gabeko harrera eskatuz.

Itsasargian bildu ziren arratsaldean manifestazioaren aurretik. Bertan, dozena bat eragile prebentzio eta pedagogia lanetan aritu ziren. Etienne Clercin SOS Homofobia elkarteko kidea da. Azaldu zuenez, laguntzaileek osaturiko sare baten bidez, LGTBfobia erasoen biktimei telefono bidezko laguntza eskaintzen diete. Kasurik larrienetan, larrialdiko babesa ere plantan ezartzen dute. «Harrotasunaren martxan izatea garrantzitsua da biltzen diren lagunei gure elkartea aurkezteko, eta hor garela adierazteko».

Les Bascos LGTB elkarteak antolatu zuen eguna, eta pandemiaren ondotik ohiko baldintzetan egin duten lehen martxa izan zen atzokoa. Mikaela Clapisson elkarteko lehendakariak egunaren beharrezkotasuna nabarmendu du. «Zinezko behar bat da harrotasunaren martxa guretzat, ikusgarritasuna ematen baitio LGTB komunitateari, eta LGTB pertsonen eskubideen defentsan etengabe arituko garela oroitarazteko». Harekin bat egin du Andrea Jimenez martxara bildu den andre batek. «Gure eskubideak ozen aldarrikatzeko eguna da. Eta ez bakarrik legezko eskubideak, bizitza normal bat egiteko eskubidea ere bai».

Izan ere, eraso LGTBfoboen gorakada nabarmendu dute eragile guztiek. Clercin: «Azken urteetan eskuin muturraren diskurtsoa zabaldu da eremu publikoetara ere, eta horrek zilegitasun bat eman die batzuei gorrotozko diskurtsoak egiteko». Haren elkarteak jasotako erasoen lekukotasunek gora egin dute, argiki. «Erasoen maiztasuna emendatu da, baina horien bortizkeria ere bai», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.