Etxetik gertu bai, baina ez etxean

Egun, Galizian daude hala eskatu duten preso independentista galiziar guztiak; oraingoz amaitu da sakabanaketaren aroa, baina bada zereginik presoen giza eskubideen arloan.

BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Joan den ekainaren 1ean, Marcha as Cadeias edo espetxeetarako martxa egin zuen Que voltem para a casa! (Etxera itzul daitezela) Galiziako preso independentisten senide eta lagunen elkarteak. Urtero egiten duten mobilizazioa da; aurtengoa 13. izan da, eta Tempo de retornar (Itzultzeko garaia) lelopean antolatu dute. Normalean, preso independentistak dauden espetxe guztietara edo ia guztietara joaten dira mobilizazioan parte hartzen dutenak, eta autobusak erabiltzen dituzte kartzela batetik bestera mugitzeko.

Aurtengoa, baina, berezia izan da. Espetxe bakarrera joan dira presoen lagun eta senideak, eta espetxe hori, Teixeirokoa, Galizian dago; hortaz, ez dute Espainiako lurralde urrunetara joan behar izan, aurreko martxetan bezala. Izan ere, orain arte preso galiziar independentistak sakabanaturik egon dira, baina orain badirudi etapa hori gainditu egin dela.

Iaz Espetxeetarako Martxa egin zutenetik, bi preso libre gelditu dira: Maria Osorio eta Diego Santim; eta beste bi, Roberto Fialhega eta Eduardo Vigo, Galiziara eraman dituzte, urte askoan Espainiako kartzeletan sakabanatuta egon ostean. Beste preso independentista bat ere badago, Raul Agulheiro, baina haren kasua berezia da: Villabonako espetxean dago (Asturias, Espainia), baina haren familia Lugoko (Galizia) kostaldekoa denez, gertuago dute espetxe hori Galiziako edozein espetxe baino, eta, horregatik, Agulheirok ez du lekualdatzea eskatu.

Sakabanaketaren aroa, oraingoz, amaitu dela dirudi. Baina horrek ez du esan nahi Galiziako preso independentisten eskubide guztiak errespetatzen direnik, ezta haien aldeko mugimenduak aurrerantzean besoak antxumaturik egoteko asmorik duenik ere. Presoek, haien senide eta lagunek eta presoak babesten dituen mugimendu politikoak ondo dakite estrategia berregokitu beharrean daudela, baina lana oraindik ere ez dela amaitu.

Cristina Rodriguez Ramos Que voltem elkarteko kidea da. Elkartea 2013an sortu zen, eta preso independentisten senide eta lagunek osatzen dute. Pozik dago aurtengo martxaren arrakastarekin: «Bi zutabek osatu zuten martxa, eta jendea gogotsu ibili zen. Gainera, aurten Galizian egin ahal izan dugu, eta horrek parte hartzea errazten du. Beste urte batzuetan, bi egunetan egin behar izan dugu martxa, Estremera, Toledo, Asturias eta beste espetxe batzuetara joan behar genuelako, batetik bestera. Aurten errazagoa izan da».

Rodriguezek dioenez, sentsazio «gazi-gozoa» izan dute aurtengo ibilaldian. «Batetik, pozik gaude, lehenengo aldiz denak Galizian daudelako. Denbora luzean aritugara sakabanaketaren kontra borrokan, horrek kalte handia egiten zielako familiei, ekonomikoki, psikologikoki eta beste zenbait arlotan. Hori, guretzat, oinarri-oinarrizko eskakizuna zen. Baina, bestetik, kartzelan segitzen dute, zigorraren erdia baino gehiago betea dute, orain arte lehen graduan egon dira denak, eta Edu [Eduardo Vigo, Galiziara lekualdatu duten azken presoa] hamabost bat egun eduki zuten bakarturik Ocañatik (Espainia) Teixeirora ekarri zutenean».

Presoen senideen ustez, sakabanaketaren aroa amaituta, orain iritsi da garaia arreta beste eskakizun batzuetan jartzeko: eskakizun garrantzitsuak eta preso guztien eskubide direnak, baina orain arte apur bat lausoturik egon direnak, urruntzea bukatu beharraren urgentziaren erruz. «Gradu aldaketa, esaterako, oinarrizko eskakizuna da. Suposatzen da lehenengo gradua salbuespena dela, behin-behinekoa, baina preso galiziarrei sistematikoki ezarri zaie, eta Eduardo Vigori oraindik ez diote gradua aldatu: lehenengo graduan egon da atxilotu zutenetik. Bakartzeak, miaketak eta giza eskubideen gainerako urraketak ere hor daude».

«Egunik onenetako bat»

Iazko maiatzean gelditu zen aske Diego Santim preso ohia, hiru urteko zigorra bete ostean. 2018ko martxa apirilean egin zenez, barrutik bizi behar izan zuen, Topaseko espetxean (Espainia). «Barrutik ez nuen ezer entzuterik, baina, esaterako, Dueñasen (Espainia) egon nintzenean, kanpoan zegoen jende guztia ziegatik ikusten nuen, haien oihuak entzuten nituen, eta uste dut espetxean eman dudan egunik onenetako bat izan zela».

Santimek «oraingoz» bukatutzat ematen du sakabanaketaren aroa —«Espainiako Estatuarekin ezin gara inoiz fidatu», ohartarazi du—, eta uste du gainerako aldarrikapenei ekiteko garaia dela: «Estatuak ez ditu preso politikoak aitortzen, baina praktikan bai, haiekin duen jokabidea guztiz desberdina delako, eta ahalik eta traba gehien jartzean oinarritzen da: graduetan, bisitak onartzeko orduan, liburuak jasotzean eta abarretan».

Gainera, Teixeiroko espetxeak badu ospe txarra giza eskubideen errespetuari dagokionez: azken hilabeteetan bi sute egon dira han, eta haietako batean preso bat hil egin da. «Argi dugu ez dela besoak jaisteko garaia», esan du Cristina Rodriguezek. «Erne egon behar dugu».

Que Voltem plataformako kideen azken helburua da egun espetxean daudenak kaleratzea eta presorik gabeko nazioa erdiestea: «Badakigu zigorrak berriro aztertzea oso zaila dela», azaldu du Rodriguezek, «baina hori ere bada gure eskakizunetako bat: ezarri dizkieten zigorrak guztiz neurrigabeak dira, eta berriz aztertu beharko lirateke. Elkartea sortu zenetik, gure azken helburua beti izan da presoak etxean edukitzea». Bestalde, preso independentista guztiek zigorraren erdia betea dute, eta hiru laurdenak ere ez dituzte urruti; teorian behintzat, baldintzapean aske gelditzeko aukera izan beharko lukete goiz edo berandu.

Santimek ere nahi du presorik gabeko herria, baina uste du hori abagune politikoaren baitan egongo dela: «Guk independentzia nahi dugu, eta badakigu horri estatuak errepresioarekin erantzuten diola beti; beraz, Galizia independentea lortzeko preso politikoak egon behar badira, egongo dira, tamalez. Estatuak badaki espetxean atxikitzen dituenak ez direla kalean egongo independentziaren alde lanean».

Santimek aipatzen duen mehatxua benetakoa da: gaur egun, hamabi lagun daude auzipeturik Causa Galiza alderdi politiko independentistaren kontrako operazioaren ondorioz, eta inork ez daki horrek zer bide egin dezakeen datozen hilabeteetan. «Causa Galizaren kontrako auzibidea Dena ETA da lelo ezagun horren jarraipena baino ez da», azaldu du Santimek. «Erakunde politikoa da, baina, independentista denez, aparatu baten adarra balitz bezala aurkeztu nahi izan dute. Urrats kualitatiboa da, ez direlako joan ustezko terroristen kontra, jarduera publiko eta baketsua egiten duten erakunde politikoen kontra baizik».

Causa Galizako bederatzi kide —2015ean atxilotu zituzten— eta Ceivar errepresioaren kontrako elkarteko hiru —2017an atxilotutakoak— daude auzipeturik. Berriki, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2020. urtera arte luzatu du auzi horri buruzko ikerketa, eta gero erabaki bat hartu beharko du horren inguruan. «Ez dut uste askoz gehiago izango dutenik ikertzeko», esan du Santimek, «baina auzia tiradera batean gordeta daukate, eta xantaia moduan erabil dezakete; noiz edo noiz, egoera politikoaren bilakaeraren arabera interesatzen bazaie, hamabi lagun sar ditzakete kartzelara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.