Nigertik europarrak ebakuatzen hasi dira Europako zenbait herrialde

Militarren estatu kolpearen ondorioz, okertu egin da segurtasuna. Frantzia izan da herritarrak ateratzen lehena, eta europar orori eskaintza hori egin die; Italiak eta Espainiak asmo bera dute

Frantziako armadaren hegazkin bat Nigerko hiriburuko aireportura iristen, atzo. ISSIFOU DJIBO / EFE.
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Europako zenbait herrialde hasi dira jada ebakuazio planak martxan jartzen Nigerren. Frantziako Atzerri Ministerioak atzo baieztatu zuenez, ekin diote kolonia ohian dauden 500-600 herritar artean herrialde horretatik ateratzeko operazioari, eta aukera hori han dagoen europar orori eskaini diote. Ministerioaren esanetan, joan den asteazkenean estatu kolpea izan eta Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota zutenetik, segurtasuna erabat okertu da. Espainiako Gobernua ere bide horretatik ari da, eta atzo adierazi zuen 70 lagunen ebakuazioa kudeatzen hasia zela. Bestetik, Alemaniak ere aholkatu zien bere herritarrei Niger uzteko eta horretarako Frantziak antolatutako hegaldiak hartzeko. Italiak ere esan zuen hegazkinak bidaliko zituela, bertan dauden ehun herritar inguru ateratzeko helburuz.

Joan den igandean, Frantziarenenbaxadari eraso egin zioten Niamei hiriburuan, eta horren ondorioz hartu du Parisek herritarrak ebakuatzeko erabakia; zehazki, duela hiru egun, milaka pertsonak harriak jaurti zizkioten Frantziako misio diplomatikoko eraikinari, eta sarreretako bati su eman zioten.

Ebakuazio plana agintean dagoen junta militarrarekin koordinatuko dutela azaldu zuen Frantziako Atzerri Ministerioak. Hori bai, zehaztu zuen Nigertik alde egin nahi dutenek ebakuazio puntura joan beharko dutela. Ministeriotik aditzera eman zutenez, «azkar» aterako dituzte zibilak; lehen hegazkina atzo bertan irten zen.

Printzipioz, ebakuatuen artean ez lirateke egongo Frantziak herrialdean dituen 1.500 militarrak, zeinak jihadismoaren aurka borrokatzeko eta uranioaren erauzketarekin loturiko interes oso indartsuak babesteko bidaliak baitzituzten hara. Haien lana bertan behera geratu zen, Parisek hala aginduta, uztailaren 26an izandako estatu kolpearen erantzun gisa.

Herenegun gauean emandako elkarrizketa batean, Frantziako Atzerri ministro Catherine Colonnak berretsi egin zuen Bazoum presidente kargura itzularazteko deia. Estatu kolpea eman duen junta militarrak, CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionalean eratu denak, herenegun esan zuen Frantzia esku hartze militarra prestatzen ari zela; Colonnak, ordea, gezurtatu egin zuen hori atzoko elkarrizketan.

Afrika mendebalderako eta Sahelerako NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari bereziak, Leonardo Santos Simaok, gogor gaitzetsi zuen estatu kolpea atzo. «Nigerko Gobernuaren konstituzioaren aurkako aldaketak are gehiago zaildu du segurtasuna, zeina okerrera egiten ari baita», esan zuen Simaok. Bestetik, NBEren taldeak ahulenei laguntzen jarraituko duela adierazi zuen, eta bere bulegoak Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoarekin tokiko herritarrei laguntzeko duen konpromisoa berretsi zuen.

Bestalde, NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Farhan Haqek esan zuen Simaok alde guztiekin hitz egiten jarraituko duela «ordena konstituzionala» berrezartzeko eta «garaipen demokratikoak sendotzeko».

Kolpisten aurkako neurriak

NBEren idazkari nagusiaren ordezkari berezia Ecowasen bileran egon zen joan den igandean. Bilera horretan, erabaki zuten Nigerrekin harremanak etetea, eta kolpistei igandera arteko epea eman zieten boterea utzi eta Bazoum estatuburu kargura itzularazteko. Ohartarazi zuten neurri gehigarriak hartuko dituztela hori egin ezean, eta horien artean ez dela baztertzen indarkeria erabiltzea.

Oraingoz, Ecowasek zigor ekonomikoak ezarri dizkio herrialdeari. Horien artean nabarmenak dira hauek: Nigerren eta UEMOA Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko herrialdeen arteko aireko eta lurreko mugak ixtea eta Nigertik ateratzen den edo herrialdera doan edozein aireontzik aireko espaziotik hegan egitea debekatzea. UEMOA eta Nigerren arteko merkataritza eta finantza transakzio guztiak etetea ere aurreikusten dute, petrolio produktuei, elektrizitateari, ondasunei eta zerbitzuei dagozkienak barne.

Burkina Fasoko Gobernuaren bozeramaile Jean Emmanuel Ouedragogok eta Maliko trantsizio gobernuaren bozeramaile Abdoulaye Maigak, elkarrekin eginiko adierazpen batean, atzo Ecowasi jakinarazi zioten Nigerren aurkako esku hartzeak haien aurkako gerra deklaraziotzat hartuko lituzketela.

Bi gobernuek azpimarratu zuten esku hartze militar bat egiteak «ondorio negargarriak» izango lituzkeela, «eskualde osoa ezegonkortu dezaketela» argudiatuta. Alde horretatik, 2011n NATOk Libian eginiko esku hartzea jotzen dute Sahelen eta Afrika mendebaldean jihadismoa zabaltzearen erantzuletzat.

Afrikako mendebaldeko zenbait liderrek gogor kritikatu zuten «indarkeria erabili nahi izatea», baita Nigerri ezarritako zigorrak ere, eta adierazi zuten uko egingo ziotela horiek aplikatzeari, «herritarren sufrimendua okertzen» dutela eta «legez kanpokoak, bidegabeak eta ankerrak» direla argudiatuta. Bestetik, «elkartasuna» adierazi zioten Nigerko herriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.