Arabako agendaren defendatzaile jo dute euren burua EAJk eta EH Bilduk

Andoni Ortuzarrek dio egitasmoak erdietsi dituztela Madrilen. Iñaki Ruiz de Pinedok esan du «erregimena urduri» dela bere indar politikoarekin

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, atzo, Murgian. JON RODRIGUEZ / EFE.
Erredakzioa
Gasteiz
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Araban egin dituzte hauteskunde ekitaldiak EAJk eta EH Bilduk, eta biek jo dute euren burua herrialdeko agendaren defendatzaile nagusitzat. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen arabera, haien lanaren ondorioz lortu dira Araban Foronda aireportuko 24 orduko zerbitzua, abiadura handiko trena Gasteizen lur azpitik sartzea, Jundizen garapena, sail ureztatuak, AP-1 eta AP-68 autobideen transferentzia, Garoñako zentralaren itxiera, Goi Nerbioi inguruko saneamendua, Lapuebla de Labarcan (Trebiñun) irisgarritasuna hobetzea eta Gasteizko bide sarea hobetzea.

Ortuzarrek EAEko Ahal Dugu, PSE-EE eta PPren kontrako mezua eman du Murgian, Arabako udal eta foru hauteskundeetako hautagaien aurkezpenean. Esan du EAJ dela «Euskadiren interesen defendatzaile nagusia», eta hori horrela izatea ez dutela gustukoa «Espainiako alderdiek». «Gu Madrilera Euskadiren interesak defendatzera goaz, eta etxera itzultzen gara lortutakoarekin —eta azkeneko urteotan asko izan dira lorpenak—, baina haiekMadrilera doaz euren nagusien aginduak entzutera eta, hona etortzen direnean, burumakur eta esan zaiena egiten dute».

EH Bildu, Marotoren aurka

EH Bilduk Gasteizen egin du ekitaldia, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei buruzkoa. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako zerrendaburuak azaldu duenez, bere indar politikoa izan da herrialdeko agenda Madrilera eraman duen talde bakarra: Trebiñuko konderria, Garoña, Martxoak 3.... «Erregimenak badaki hori, eta oso urduri dago».

Duela lau urte EH Bilduk ere eragotzi zuen Javier Maroto Gasteizko alkatea izatea berriro, eta, orain, Espainiako bozetan lehiakide izango du, hura izango baita PPren Arabako zerrendaburua. Haren aurka mintzatu da Ruiz de Pinedo: «EH Bilduren botoa ezinbestekoa izango da Maroto eta hark ordezkatzen duena berriz ere etxera bidaltzeko. Eskuin osoa batu nahi du guk diputaturik izan ez dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.