Udal eta Foru hauteskundeak. Euskara

Kontseiluak hamabost neurri proposatu ditu hizkuntza politikarako

Positibotzat jo ditu urteotan Nafarroako Gobernuak egindako urratsak, eta ezinbestekoa iruditzen zaio Euskararen Lege berri bat ontzeko bidea egitea.

Kontseiluko kideak proposamena aurkezten, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Hauteskunde kanpaina betean aurkeztu du Kontseiluak datorren legegintzaldian Nafarroan garatzeko hizkuntza politiken proposamena. Zurrunbiloaren erdian. Hain zuzen ere, horixe nahi du: hizkuntza eskubideak «erdigunean» egotea. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko hamabost proposamen egin ditu. Horien artean, eskatu du hizkuntza politikak gobernuaren politiken «zehar lerro» izatea, administrazioak herritarren eskubideak bermatzeko «betebeharra» edukitzea, eta euskalgintzak instituzioen babesa jasotzea. Bestalde, ezinbestekotzat jo du egungo arkitektura juridikoa aldatzea eta Euskararen Lege berria onartzea. Gainera, gobernuaren aurrekontu osoaren %2 euskararen normalizaziora bideratzeko eskatu du.

Hezkuntzaren arloan, ikasle guztiak euskararen jabe izan daitezen beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu du, eta helduen euskalduntzearen sektorea indartzeko doakotasunerako bidean egin diren proposamenak indartzeko. Euskarazko hedabideak babestearen garrantzia ere nabarmendu du, eta euskarazko kultur sistema sustatzeko eta aisialdia euskalduntzeko neurriak zehaztu ditu. Horiez gain, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko, arnasguneak babesteko, ingurune digitalari lotutako estrategia garatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak ere proposatu ditu.

Konpromisoa

Atzera begiratzeko unea ere bada, eta Nafarroako Gobernuak azken lau urteetan euskararen arloan egindako urratsen inguruko balorazioa ere egin du Kontseiluak. Euskalgintzari ateak zabaldu dizkiola nabarmendu dute, eta horri esker, proiektuak garatu ahal izan dituztela. Hala ere, «iraganeko inertzia hainbatek» hor jarraitu dutela salatu du. Kontseiluak, berriz, «erantzukizunez» jokatu duela esan du, eta etorkizunean ere bide beretik joateko konpromisoa hartu du. «Urteetako injustiziak apurtzeko garaia baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.