Gerra Ukrainan. Errusiarrak

Errusiarrak ihesi Putinen gerraren ondorioetatik

Errusian gero eta gazte eta familia gehiago saiatzen ari dira herrialdetik ihes egiten. Aukera gutxi dituzte ateratzeko, eta gertuko estatuetara joatea erabaki dute askok.

Ezin da jakin zenbat errusiarrek alde egin duten herrialdetik. Horietako batzuk Istanbulgo aireportura (Turkia) bidaiatu dute egunotan. LARA VILLALON.
Istanbul
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gerrak Ukrainan ia bi milioi errefuxiaturen exodo bat eragin duen honetan, Errusian gero eta gazte eta familia gehiago saiatzen ari dira herrialdetik ihes egiten, erlojupeko lasterketa batean. Zigorrek eta errubloaren beherakadak gogor jo dituzte errusiarren patrikak, eta, mugakide duten herrialdean gerra gordinduz doan neurrian, gero eta beldurtuago daude Errusia ez ote den guztiz bakartuta geratuko. Kremlinek ukatu egin ditu zenbait espekulazio, esaten zutenak Errusiako agintariek gerra legea ezartzeko asmoa zutela; hain zuzen, lege horrek eragotzi egingo luke borroka egiteko adina duten gizonek herrialdetik alde egitea, eta askok ez dute han geratu eta arriskatu nahi.

«Gezurra esan zuen inbasioaren gainean, eta beste batzuetan ere aritu izan da gezurretan. Ez dakigu zer pasatuko den bihar. Oraingoz, ez dut Errusian geratu nahi», azaldu du Leonid dela esan duen gazte batek, Istanbulgo aireportura iritsi denean. Leonid ingeniaritza energetikoa ikasten ari da Obninsken, Moskuren hegoaldean, eta, familiaren laguntzaz, 1.200 euro biltzea lortu zuen Moskutik Istanbulera joateko txartela ordaintzeko. Gerra hasi aurretik, txartel hori 100 euro baino gehixeago kostatuko zen, baina, eskaria dela eta, asko garestitu da. 39 herrialdek itxia diete jada aire eremua Errusiako hegaldiei, eta Aeroflotek, Errusiako aire konpainia nagusiak, bertan behera utzi ditu behin-behinean nazioarteko hegaldiak, besterik esan arte.

Horrek aukera gutxi utzi dizkie errusiarrei: gertuko herrialdeetara ihes egitea erabaki dute askok, besteak beste Turkiara, Armeniara, Azerbaijanera eta are Arabiar Emirerri Batuetara. Azken egunetan izugarri ugaritu dira Errusiako zenbait hiriren eta herrialde horien arteko hegaldiak. Errusiatik Istanbulera egunean hamar hegaldi iristen ziren lehen, eta 30 baino gehiago orain; gehienak Turkiako aire konpainienak dira, Moskutik, San Petersburgotik, Sotxitik (Errusia) eta Groznytik (Txetxenia) ateratakoak. Armeniako hiriburuan, egunean lau hegaldi iristen ziren Errusiatik gerra hasi baino lehen; orain, 38.

«Lehenengo, bisa bat eskatu nuen Italian, hara lehorretik joateko, baina, azkenean, ikusita zein azkar ari den okertzen egoera, hegaldi txartel bat erosi nuen egun batetik bestera. Ezin dugu kutxa automatikotik dirua atera, eta txartelak ez dabiltza», azaldu du. «Oso zaila da, sentitzen baitut etxekoak abandonatzen ari naizela. Gerraren aurka nago, eta kalean egon behar nuke, protestan, baina itota gaude. Oso erraza da espetxeratuta bukatzea», esan du, atsekabetuta.

Ezin da jakin zenbat errusiarrek alde egin duten herrialdetik, baina tokiko zenbait komunikabidek diote gero eta gehiago direla. The Moscow Times egunkari independenteak ohartarazi zuen gazte batzuei hainbat orduz galdeketak egin zizkietela Errusiako pasaporte kontrolean, herrialdetik alde egitera zihoazela. Galdeketan, Ukrainako gatazkaz zer iritzi zuten galdetu zieten, eta ea Errusiatik ihes egin nahi zuten. Leonidek kontatu duenez, berak ez zuen arazorik izan pasaporte kontrolean, eta ez du halako beste inongo kasuren berri, baina esan du aireportuko Poliziak sakelako telefonoa miatu ziola. «Begiratu zuten zer aplikazio nituen, eta argazki batzuk. Galdetu zidaten zertara nindoan Turkiara. Itzultzeko txartel bat erosia nuen apirilerako, ez zezaten ezer susmatu», azaldu du.

Turkiara iritsita, Leoniden egoera kolokan dago oraindik ere. Oraingoz, lan bila hasiko da Istanbulen, eta ahaleginak egingo ditu urrunetik ikasten segitzeko. «Itzuli nahi dut, baina dena berriz normal dagoenean. Orain beste arazo batzuk konpondu behar ditut: nola bidaliko diot dirua familiari? Zer aplikazioren bitartez hitz egingo dugu? Ezer ez dabil».

Otsailaren 27an, Errusiako Fiskaltzak komunikatu bat atera zuen zera gogorarazteko: Errusiaren segurtasunaren kontrako «atzerriko estatu edo nazioarteko erakunde» bat diruz laguntzen dutenak edo halakoei edonolako babesa ematen diotenak kondenatuak izango direla traizioa leporatuta, eta 20 urteko kartzela zigorrak izango dituztela. Egoera horretan egon litezke 10.000 manifestari baino gehiago, atxilo hartu baitituzte Vladimir Putinen erasoaldi militarraren aurkako protestetan, Errusiako 50 bat hiritan. «Oso zaila da Putin kritikatzea jendaurrean. Ez bakarrik Poliziaren presioagatik, baita komunikabideetako zentsurarengatik ere. Nire familiako batzuek ez dakite zer ari den gertatzen Ukrainan, eta, azaltzen saiatzen bazara, haserretu egiten dira. Beste errealitate bat ikusten dute», azaldu du gazte moskutar batek, Dinak. Urte bukaeran iritsi zen Istanbulera, Ankaran migrazioari buruzko master bat egiteko, eta ez daki bueltatuko den.

«Egoera okertu» egingo da

«Putinek irabazi edo galdu egingo du, baina gure egoera okertu baino ez da egingo. Arraroa da; izan ere, ukrainarrentzat ikaragarria da, baina guk ere sufritzen dugu», esplikatu du, atsekabez. Ankaran, Dinak parte hartu zuen Putinek Ukrainari egindako erasoaren aurkako protestetan, dozenaka turkiar eta ukrainarrekin batera. «Toki guztietan gero eta gorroto handiagoa diete errusiarrei, Putinek egin duenagatik. Turkian ez dut nabaritu, baina sumatu dut nire ingurukoek espero dutela nik jendaurrean adieraztea gerraren aurka nagoela».

Errusiari zigor gutxien ezarri dioten NATOko estatuetako bat da Turkia, eta, oraingoz, atzerriko gerraontzientzat bakarrik itxi ditu Bosforo itsasartea eta Dardaneloak —Mediterraneoa eta Itsaso Beltza lotzen dituzten bi pasabideak—. Ankarak harreman diplomatiko eta batez ere komertzial onak ditu Kiev eta Moskurekin. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan izan da, Israelgoarekin, Frantziakoarekin eta AEBetakoarekin batera, Errusiaren inbasioa gerarazteko asmoz Putinekin bildu direnetako bat.

Ankarak menia bat egiteko eskatu dio Moskuri, eta zibilak lehenbailehen ateratzeko. Horrez gain, Erdoganek bere burua eskaini du bake prozesu bat abiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.