Australia, ezkerrerako bidean

Gaurko parlamenturako bozetan, funtsezkoak izango dira inflazioaren gorakada, klima aldaketa eta segurtasun nazionala. Oposizioko Alderdi Laborista da irabazteko faboritoa

Scott Morrison Australiako jarduneko lehen ministroa, iragan igandean, kanpainako ekitaldi batean. MICK TSIKAS / EFE.
Josep Solano
Tokio
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Galdeketa nagusiek diotenez, litekeena da gaur Australian egitekoak diren hauteskundeetan herrialdeak ezkerrerako bidea hartzea, ia hamarkada batez agintean liberalak eduki ondoren eta azken hiru lehen ministroak joera politiko horretakoak izan eta gero. Astelehenetik, australiarrek badute modua botoa aurretiaz emateko; Ordezkarien Ganberako 151 ordezkariak aukeratu beharko dituzte datozen hiru urteetarako, eta Senatuko aulkien erdiak baino gehixeago datozen sei urteetarako. Botoa ematea derrigorrezkoa da, eta bozkatzera joaten ez direnek 13 eta 120 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte.

Frank Bongiornok, Australiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle eta analistak, uste du aukera handia dagoela gobernua alda dadin. «Oraintxe errealista iruditzen zaidan beste emaitza bakarra hau da: gutxiengoen koalizio gobernu bat osatzea, independenteen eta alderdi minoritarioen babesari esker», azaldu du.

Hiroya Sugitak, Kanagawako Unibertsitateko irakasle eta Australiako politikako adituak, bat egin du Bongiornoren iragarpenekin, baina gogorarazi du galdeketek 2019an ere zentro-ezkerreko koalizioa jotzen zutela garaile eta azkenean Scott Morrison liberala izan zela lehen ministro: «Anthony Albanesek [laboristen buruak] kanpainan hanka sartzeren bat edo beste izan badu ere, Alderdi Laborista hobeto moldatu da kanpainan, baita hiru liderren arteko debatean ere».

Gobernu berriak aurre egin beharko dien erronka nagusiei dagokienez, bi adituek uste dute zailtasun handiak izango dituela zenbait kontu garrantzitsutan, hala nola ekonomian, osasunean, eta eskualdeen segurtasunean eta egonkortasunean, bereziki kontuan hartuta egun Txinarekin duen tentsioa eta Ukrainako gerra. Sugitak azaldu duenez, laboristek «gutxieneko soldata inflazioarekin bateratzearen alde egiten dute, eta hori arindu handia izango da diru sarrera txikiak dituztenentzat», baina, «gobernu kontserbadorearen agindupean aurrekontu defizita nabarmen igo» dela eta, gobernu berriak «neurriak hartu beharko ditu gastuak txikitzeko».

Bongiornok, berriz, ez du errotiko aldaketarik espero arlo horietan. «Ekonomiari dagokionez, oraingo gobernuak dituen arazo berak izango ditu [gobernu berriak], ezin landuzkoak: defizita, zorra, igotzen ez diren soldatak eta inflazioa». Akademiko australiarraren arabera, gobernu berriak «ezingo du askorik egin prezioen, aurrekontu defizitaren eta zorraren inguruan; izan ere, konpromisoa hartua du diru sarrera handiak dituztenei gobernuak ezarritako zergen murrizketa handiak babesteko».

Bai gobernua eta bai oposizioa bat datoz zerbaitetan: segurtasun politikan eta egonkortasun nazionalean. Sugitak ziurtatu duenez, «Penny Wong senatariak, Kanpo Harremanen itzaleko ministroak, esan du bi alderdiek akordio bat daukatela AEBekin duten aliantzaren inguruan, defentsan KPIaren %2 gastatzearen inguruan eta AUKUS itunaren inguruan; hortaz, ez da aldaketarik espero».

Bongiornok uste du AUKUS aliantzak eragotzi egingo duela herrialdeak denbora tarte arrazoizko batean itsaspeko nuklearren flota bat izatea: «Ondo informatutako iritzi emaile batzuen ustez, itsaspekoak ez dira inoiz egingo, eta anakronikoa da pentsatzea Australia berriz ere Erresuma Batuaren orbitara bueltatu eta segurtasunerako haren kide nagusia izango dela. Gainera, gertatu denaren ondorioz, herrialdeari ahuldu egin zaizkio harremanak Pazifikoan presentzia handia duen nazio boteretsu batekin, Frantziarekin alegia, eta desagertu egin zaizkio Europako Batasunarekin merkataritza akordio bat egiteko benetako aukera guztiak».

Txinarekiko harremanak

Bi akademikoak eszeptiko agertu dira gobernu aldaketak Txinarekiko harremanak hobetuko ote dituen, azken urteetan hainbat tirabira izan baitituzte bi herrialdeek, baina, edonola ere, baztertu ere ez dute baztertzen. «Kontuan izanda sortzekoa den gobernu laboristak ez duela asko aldatuko Txinaren inguruko jarrera, ez dut uste aldaketa drastikorik izango denik harekiko harremanetan; nolanahi ere, lehen ministroa eta Kanpo Harremanetarako ministroa berriak izateak aukera ematen du harreman hori leuntzeko», esan du irakasle japoniarrak.

Bongiorno kritiko azaldu da oposizio laboristarekin eta atzerriko politikarako oraingo kabinete liberalarekin, eta Morrisoni egotzi dio maiz «propio probokatzaile izatea, bai ekintzetan, bai erretorikan; laboristek hitzik esan gabe onartu dute hori, ez baitute nahi inork pentsatzea Txinarekin samurregi jokatzen ari direla». «Canberran beste gobernu bat egotea egungo tentsioak amaitzeko aukeratzat jotzen duen Txinak edo ez: horren araberakoak izango dira gauza asko», esan du Bongiornok, eta gehitu du egun Txinako ministroek ez dietela erantzuten beren homologo australiarrek egindako deiei.

Txinak eta Salomon Uharteek sinatu berri duten segurtasun hitzarmenari dagokionez —Australiak eragin handia izan du uharte horietan—, Bongiornok iritzi dio Pazifikoa joko taula bihurtu dela Txinaren eta Mendebaldearen arteko lehian, baina ziurtatu du gai jakin horrek ez diela interes berezirik pizten hautesleei. Sugitarentzat, Australiako kanpo politikaren porrota da hitzarmen hori, «ez baitu kontuan hartu Hego Pazifikoko nazioek eskatua dutela klima aldaketaren aurka modu esanguratsuan ekiteko». Akademiko japoniarraren arabera, laborismoak agintzen badu, «gobernu berriak serio ekingo dio klima aldaketaren kontra, eta handitu egingo ditu Hego Pazifikoko nazioentzako laguntzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.