«Errusiaren gerra krimenak» ikertuko dituen nazioarteko auzitegi berezi bat sortzeko eskatu zuen atzo Txekiak, EB Europako Batasuneko txandakako presidenteak. Ukrainak «berreskuratu» berri duen Izium hirian aurkitutako hobi komunaren berri izan ostean egin zuen eskaria—440 gorpu inguru topatu dituzte bertan, gehienak tortura zantzuekin—. «XXI. mendean zibilen aurkako gisa horretako erasoak pentsaezinak eta arbuiagarriak dira. Ezin dugu beste aldera begiratu. Bat egin behar dugu gerra kriminal guztiak zigortuak izan daitezen», adierazi zuen Txekiako Atzerri ministro Jan Lipavskyk.
Azken bi asteetan Kievek nabarmen egin du aurrera kontraerasoan, eta Errusiak otsailetik okupatuta zeuzkan milaka kilometro koadro bereganatu ditu. Errusiarrek atzera egin ahala, ordea, ugaritu egin dira gerra krimen salaketak. Ekialdeko Kupiansk hirian, Kharkiv eskualdean, Errusiako segurtasun indarrek zibilak torturatu dituztela salatu dute Ukrainako iturriek.
«Kontraeraso handiagoa»
Irismen handiagoko misilak nahi ditu Ukrainak, eta AEBei eskatu dizkie. Zehazki 305 kilometroko irismena duen misilen aurkako sistema eskatu dio Volodimir Zelenski presidenteak AEBetako estatuburu Joe Bideni. Washingtonek, baina, ez du izan nahi gerra zabaltzearen erantzule; izan ere, halako sistema batekin misilek erraz gaindituko lukete Errusiako muga.
Zelenskik adierazi du ez dela bere asmoa azpiegitura zibilak edo hiriak bonbardatzea; bai, aldiz, «kontraeraso handiago bat» bultzatzekoa, agian datorren urte hasieran. Errusiarentzat, baina, otsailean hasitako erasoaldia indartzeko arrazoia izan liteke Kiev halako armen jabe egitea. Baita, Moskun gero eta gehiagok eskatzen dioten moduan, gerra deklaratzeko aitzakia ere. Vladimir Putin presidenteak uko egin dio orain arte aukera horri, eta behin eta berriz esan du «operazio berezia espero bezala» doala.
«Errusiaren krimenak» ikertzeko auzitegi berezi bat eskatu du EBk
Ukrainak salatu du errusiarrek herritarrak torturatu dituztela Kupiansk hirian. Kievek irismen luzeagoko misilak eskatu dizkie AEBei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu