Albistea entzun

Gerra Ukrainan. ANALISIA

Txina da eragiteko gaitasuna duena

Xi Jinping eta Vladimir Putin, asteartean, Moskun.
Xi Jinping eta Vladimir Putin, asteartean, Moskun. SERGEI KARPUHIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 24

Ikusita Mendebaldeak, oro har, nola erreakzionatu duen, ez dirudi Txinak Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko egindako proposamenak bide luzea egingo duenik. Hori bai, Errusiak inbasioa hasi zuenetik hamahiru hilabete pasatu diren honetan, gerrari militarraz bestelako irtenbide bat emateko mahai gainean dagoen bakarra da, lausoa izanagatik. Otsail amaieran plazaratutako hamabi puntuko dokumentua, finean, Pekinek auziaren inguruan daukan posizionamendu nolabait anbiguoaren laburpena da. Zeren herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko eskatzen du, bai, baina aldi berean esaten du, Errusiaren izena aipatu gabe, estatuen «segurtasun kezka zilegiak» aintzat hartu behar direla; gainera, ezarritako zigorrak kendu behar direlakoan dago, eta ez du planteatzen Moskuk tropak erretiratzea. Kievek ez dio bizkarra eman egitasmoari, baina adierazi du, hain justu, negoziazio batzuei ekin aurretik Errusiako indarrek Ukrainako lurretatik alde egin beharko luketela. AEBak ez dira fio Pekinez, eta Vladimir Putin Kremlineko buruari iruditzen zaio testua oinarri egokia izan daitekeela konponbiderako. Hala esan zion Xi Jinping Txinako presidente eta bere «adiskideari» asteartean, Moskun, eta, horrenbestez, pilota Mendebaldearen teilatuan uzten ahalegindu da.

Su etena egiteko eskaera bat ere jasota dago proposamenean. Izan ere, azken hamarkadetan jarrera ez- gerrazalea eduki du Txinak, eta aurtengo lehendabiziko asteak baliatu ditu munduan egoteko modu hori indartzeko. Aurrena, Wang Yi diplomazialari gorenak bira bat egin zuen Europan. Gero, Saudi Arabiak eta Iranek harreman diplomatikoak berrezarri zituzten, Txina bitartekari zela; hau da, eragile bihurtu da Ekialde Hurbileko guda geopolitikoan. Eta asteon Xik Putini eskatu dio tentsioa apaltzeko, hori delakoan herrialde gehienek nahi dutena; gainera, ez dio muzin egiten Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egiteari.

Txina aspalditik —XXI. mendearen hasieratik— azpimarratzen ari da nazioarteko harremanetan multipolaritatea delakoa duela helburu. 1945ean Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren ezarritako mundu ordenan, Mendebaldeko herrialdeek dute pisu handiena, eta Pekinek balantza hori orekatu nahi du. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak bere kontzeptu estrategiko berria aurkeztu zuen iazko ekainean, eta, hartan, aurrenekoz aipatu zuen Asiako erraldoia, leporatuz aliatuen «segurtasunari eta balioei» desafio egiten diela, eta mundu ordena «irauli» nahi duela. Txinak Mendebaldeari — eta batik bat AEBei— egozten dio statu quo-ari militarki eustea, eta bere jokatzeko modua aldarrikatzen du; alegia, etxetik kanpoko jardunean gutxienez lotura ekonomikoen bidez eragitea taula geopolitikoan.

Ekonomia da Txinaren nazioarteko harremanen zutarria, eta, inbasioaren ostean Mendebaldeak Kremlini jarritako zigorren ondorioz, nagusiki Pekinek egindako erosketei esker eutsi ahal izan dio zutik Errusiako ekonomiak. Europarantz zihoazen gasaren eta petrolioaren iturriak itxi ditu Moskuk, bai, baina Txina energia beharrean dago, eta, orduan, abagunea dela eta, inoiz baino gehiago inportatu du Errusiatik. Hori batetik. Eta, bestetik, aintzat hartu behar da bai AEBekin, baita Europarekin ere, harreman komertzial sendoa duela Pekinek, tentsioak gorabehera. Eta, orokorrean, haren interesentzat garrantzitsua den eremu bateko egonkortasuna astintzen ari da gerra.

Ez, Txinari ez datorkio ondo gerra luzatzea. Dena den, eta gertatzen ari denari testuinguru zabalago bat emanda, gatazkak aukera ematen dio bere kontrario geopolitiko behinena, AEBak, Europara begira lanpetuta edukitzeko, eta ikusteko ea modu horretan apur bat galtzen duen Asia-Pazifikoan — Taiwanen, hain justu— jarria duen arreta. Washingtonen erantzuteko gaitasunari begira dagoela, alegia.

Mundu multipolarra gogoan, Txinari ez zaio komeni Errusiak Ukrainan galtzea. Hori ziurtatu ahal izateko bide bat litzateke Errusiari armak ematea. AEBak ohartarazten ari dira Moskuk Pekini eskatu dizkiola, eta Pekinek ez duela aukera baztertzen. Biek ukatu dute. Horrek tenkatze are handiago bat eragingo luke Mendebaldearen eta Txinaren arteko harremanetan.

Mendebaldeak Xi Jinpingi eskatu izan dio Putinengan eragiteko, eta, bere modura, horretan ari da. Inbasioaren aurretik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agertu nahi izan zuen, batez ere, bitartekari moduan; eta Turkiak ere rol hori jokatu izan du, eta, oraindik jokatzen du, tarteka. Baina aldagai guztiak mahai gainean jarrita, Txinak du, berez, horretarako gaitasuna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. ©GEORGI LICOVSKI / EF

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean udal bozak berriz egiteari

Mikel O. Iribar

Lehen ministroak zehaztu du herrialdeko indarren aurkako indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Kremlinen aurka ari direla dioten bi miliziak adierazi dute Errusiako indarrekin borrokan dihardutela Belgorod eskualdean.

AEBetako armadko MQ-9 Reaper motako dronea, borroka misio batean, Afganistago hegoaldean, datarik gabeko argazki batean. ©Leslie Pratt/ EFE

Drone adimentsuak hil al du bere giza kontrolatzailea?

Edu Lartzanguren

AEBetako Aire Armadako koronel batek adierazi duenez, adimen artifizial batek gobernaturiko drone batek bere kontrolatzailea hiltzea erabaki zuen ariketa birtual batean, bere xedea betetzeko oztopoa zela iritzita. Armadak ukatu egin du.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.