Durangoko 53. Azoka. Komikigintza

Irudiz ere osatzen da azoka

Urtetik urtera, gero eta gehiago dira euskaraz argitaratzen diren komikiak. Gorakada horren atzean ez dago arrazoi bakar bat, baina generoa bolada onean ikusten dute sortzaile nahiz argitaratzaileek

Askotariko adin, gustu eta estilotako irakurleentzako moduko komikiak daude mahaietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ez gehienetan, baina tarteka gertatzen da, etxeko apalategitik aspaldiko liburu bat hartu, eta barruko lehen orrialdean idazlearen eskaintza irakurtzea. Durangoko Azokan liburu hura erosi eta idazleak sinatu zionekoa etorriko zaio orduan gogora irakurleari, beharbada, eta haren kaligrafiari erreparatuko dio. Ez gehienetan, baina tarteka ere gertatzen da, aspalditik etxean gordetako liburu bat zabaldu, eta eskaintza gisa egilearen marrazki bat topatzea. Haren trazuari begiratuz gogoratuko da azokako beste egun hartaz. Jende ugari batu zen Landakon atzo ere —bezperan baino gehiago ziurrenik—, azokaren bigarren egunean, eta ugari ziren erakusmahaien atzean zebiltzan sortzaileak ere, boligrafoak eskuetan gehienak, zaleen eskakizunak bete, eta beren lan berrietan haientzat eskaintzak papereratzen. Idatziz gehienek, ohikoa denez. Baina ez guztiak; bazen eskaintza marrazki bihurtzen zuenik ere, komikigilerik ere bazebilelako mahaien beste aldean. Gerta liteke, beraz, hemendik zenbait urtera norbaitek etxean liburu bat zabaldu, eta atzoko egunez egindako marrazkia topatzea lehen orrialde zurian.

Asisko Urmenetaren AztiHitza liburuan, esaterako. Erroa argitaletxearen mahaian lehenik, eta Gure Berriak-en erakusmahaian gero —bien arteko ekoizpena izan da lana—, bisitariekin hizketan eta eskaintzak marrazten jardun zuen irudigileak. Agosti Xahoren biografia marraztu du oraingoan. Iaz ere izan zen Durangon, Eusklabo alaiak (Gure Berriak) komiki liburuarekin. Bi urtean bi lan. Ez da ohikoena, baina joera baten adierazgarri ere bada. Azken urteotan gora egin du euskaraz plazaratzen diren komikien kopuruak. Komikipediak egindako zenbaketaren arabera, 2010ean euskarazko bost komiki argitaratu ziren; hamar izan ziren 2014an; 29 iaz; eta, aurten, 23 komiki berri kalean dira dagoeneko. Asiskorena, tartean. «Nire ustez, bere momentuan Will Eisner marrazkilariak ideia jenial bat eduki zuen, eta izan zen komiki hitza pixka bat baztertu, eta eleberri grafiko asmatzea», azaldu zuen, irriz. «Horrek bultzada eta prestigio berria ekarri zion komikiari». Haren ustez, formatuan ere liburuarenera «hurbiltze bat» gertatu da. «Ez dakit sinbiosi bat den, baina badu literatur liburu klasikotik, eta badu komiki albumetik. Eta uste dut horrek bere ondorioa ekarri duela». Horren lekuko aurten plazaratu diren euskarazko komiki «ikaragarri interesgarriak» jarri zituen.

Joera globala dela uste du marrazkilariak, ez dela soilik Euskal Herrian gertatzen ari. Are gehiago: «Beharbada, Europako norabidea hartu du Euskal Herriak; nahiz eta ez izan industriarik, ekimena bada, eta argitaletxe batzuek gero eta interes handiagoa dute».

Gorakada orokorra dela esatean bat etorri zen Dani Fano komikigilea ere. Astiberri argitaletxearen erakusmahaian zebilen bere lan berria sinatzen, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak, zeina «bizitzari omenaldi bat» den, egilearen hitzetan. Uste du kanpo eta barne faktoreek eragin dutela komiki kopuruaren emendatzea. «Fenomeno globala da jendeak ulertu duela komikigintzaren barruan denetarik aurki dezakeela, bai gaien aldetik, bai proposamen artistikoen aldetik; orain oso zabala da, irakurleak badu non aukeratu, eta horrek zabaldu egin du». Baita irakurle mota ere, irudigilearen ustez. Etxera etorrita, Fanoren ustez, «hainbat egitasmoren inguruan egile sare bat errotu» da, eta haien arteko harremanak lagundu egin du komikigintza dinamizatzen eta argitaletxeak erakartzen. «Hala ere, nire ustez, oraindik falta da euskal kulturaren motor diren argitaletxe handiek serio egitea apustu komikiaren alde; uste dut hori oraindik gertatzeke dagoela, eta motorra, orain, batez ere datorrela egile sare errotu bat egotetik, Xabiroi, Astiberri eta Harrieten inguruan, adibidez». Fanok uste du hainbat azokatara elkarrekin joateak eta elkar ezagutzeak proiektu ugari bultzatu dituela.

Xabiroi aldizkariaren koordinatzailea ere bada Fano, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena eta jada 50. zenbakira iritsi dena. IkasElkarren erakusmahai gainean, besteak beste, aldizkariaren aleak eta Haur Besoetakoa komikiarenak zeuden, eta, mahaiaren bestaldean, azken lan horien egileak, Unai Iturriaga eta Alex Sanvi. Haur Besoetakoa 2 plazaratu berri dute, eta irakurleei aleak bertsoz nahiz irudiz eskaintzen zebiltzan atzo. Orain dela hamar urte baino komiki gehiago ikusten ditu azokan Iturriagak ere, eta hori hala izateko hainbat arrazoi aipatu zituen: «Pentsatu nahi dut Xabiroi-k baduela eragina bai zaleak sortzen eta, batez ere, autoreen arteko harremana sortzen. Bestalde, ukaezina da nobela grafikoa deitzen den horrek komikitik aldentzean lortu duela prestigioa helduen munduan, eta uste dut horrek hemen ere eragin duela, baina baita Xabiroi-ren urteetako lanak eta autoreen prestigioak ere». Haren ustez, argitaletxe batzuk ez ezik, bestelako eragileak ere komikira jotzen ari dira hainbat istorio kontatzeko, «liburua baino eskuragarriagoa edo popularragoa izango den formatu baten bila». Eta irakurleen profila ere zabaltzen ari da.

Horretarako, askotariko begiradak biltzen saiatzen da urtero Gregorio Muro, Harriet. Egilea eta Harriet argitaletxeko zuzendaria da, eta «publiko desberdinei begirako gauza oso ezberdinak» argitaratzea du helburu. Aurtengo nobedadeen artean, esaterako, mahaian ditu Mintxo pertsonaia ezagunaren istorioen bilduma—Miguel Berzosak Ipurbeltz aldizkarirako sortu zuen pertsonaia— eta frantsesetik euskarara ekarritako hainbat lan —Mutuaren hitza (Laurent Galandon-Frederic Blier), Hasiera berri bat (Gwenola Morizur-Marie Duvoisin), Inoiz ez (Bruno Duhamel) eta haurrentzako Isaline (Maxe L'Hermenier-Yllya), besteak beste—. Elkarren artean oso ezberdinak diren istorioak direla nabarmendu du Murok. «Esango nuke azken urteotan irakurle kopuruak ere gora egin duela ziurrenik, baina ez lanen gorakadaren proportzio berean. Hala ere, ona da askotariko eskaintza egotea, sentsibilitate ezberdin gehiagorenganaino iristen baitzara horrela».

Komikia, bere bidea egiten

Komikigintzan espezializatutako argitaletxeak dira Harriet eta Astiberri. Ez da hori Txalapartaren kasua, baina argitaratzen du komikirik. Aurten, esaterako, Lucio Urtubiaren biografia komiki modura eman du, Gerezi garaia izenburupean. Haren egilea ere, Mikel Santos Belatz marrazkilaria, zaleei eskaintzak idazten eta marrazten zebilen atzo goizean, argitaletxearen standean. Haren ustez ere, nabaria da eleberri grafikoen gorakada, eta irakurle mota berriak zaletzen ari direla iritzi zion. «Badago bizitza osoan komiki bat irakurri ez duen jendea, eta, bat-batean, bat irakurri, gustatu, eta beste baten bila joaten dena. Eta, gainera, adin nahiko nagusikoak». Oso pozik dago lanak izan duen harrerarekin, hirugarren edizioa baitu dagoeneko. «Euskarazko lan bat hirugarren ediziora iristea oso zaila da», nabarmendu zuen Jon Jimenezek, Txalapartako editoreak. Duela bost bat urte plazaratu zuen etxeak lehen komikia, eta adierazi zuen orain arteko lanek harrera ona izan dutela. «Argitaletxe barruan, eta oro har Euskal Herrian, bere lekua egiten ari da komikia; badago nolabaiteko olatu bat, sortzaileen aldetik ere ikusgarritasun handiagoa dago... Helduen literaturan txertatu den fenomeno bat da, eta uste dut bidea zabaltzen ari dela».

Mendiari lotutako liburuetan da aditua Sua argitaletxea, baina aurten komiki bat plazaratu du hark ere: Everest, 1980ko euskal espedizioa-Herri oso bat gailurrean, Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok ondua. Euskaraz argitaratu duten lehen komikia da, Bilboko Mendi Film Festivalekin elkarlanean. Eta harrera bikaina izan duela dirudi. «Hau mundu berri bat da guretzat, erronka galanta. Eta, egia esan, oso ongi doa, gure lanen artean gehien saldua da», azaldu zuen Argiñe Areitio argitaletxeko zuzendariak.

Beste hainbat salmahaitan ere bazen komikirik. Katakrak liburu dendaren mahaian Zerocalcareren Hondamuinean (Farmazia Beltza) zegoen eskuragai, eta Nabarralderenean, berriz, Adur Larreak eta Miren Mindegiak ondutako Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak liburuxka.

Liburu, disko, hitzaldi eta bestelakoen artean, komikirik ere bada Durangon. Eta ez gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.