Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Zabor usaina duen amorrua

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'La hija detodas las rabias'

Zuzendaria: Laura Baumeister. Herrialdea: Nikaragua - Mexiko - Herbehereak - Alemania - Frantzia - Norvegia - Espainia. Iraupena: 91 minutu.

Maria, 11 urteko haurra, zabortegi ondoan bizi da bere ama Lilibethekin. Hondartzan eraikitako txabola batean egiten dute lo, eta zaborra jaso eta saltzetik lortzen dute bizirauteko dirua. Maria, inguruko beste haur batzuekin batera, egunero joaten da zabortegira poltsa eta makila eskuetan dituela, eta, bertan, saltzeko baliagarriak izango diren materialak bilatzen ditu: oihalezko trapuak, metal zatiak, jateko zerbait... Zaborra dakarten kamioiak iristean, korrika hurbiltzen dira nork lortuko altxorrik handiena. Lilibethek tratu bat egin du inguruko gizon batekin, eta jada ordaindu dizkion txakurkume batzuen bila pasatuko da biharamunean. Mariak zabortegian topatu duen usteldutako haragia emango die txakurrei, eta jabea etorri aurretik hilko dira. Bikoteak ihes egin beharko du, eta Maria haurrak jasotzen dituzten birziklapen instalazio batean utziko du amak, lanen bat topatu arte.

La hija de todas las rabias film luzeak Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria jaso zuen 2019an, eta WIP Latam Industria Saria iaz. Laura Baumeister nikaraguarraren lehen film luzea da.

Ia usaindu egin daiteke zaborra. Zabortegia inguratzen duen lanbroa, plastikozko botilez betetako gela, berriak direla pentsatu dezaten garbitu behar diren kable eta motor zatiak. Testuraz betetako irudiak eskaintzen dizkigu Baumeisterren filmak, eta argazkiak eta soinuaren tratamenduak Mariarengana hurbiltzen gaituzte. Guztiz arrotza zaigun ingurune batean haurraren amorrua ulertu dezakegu, eta harekin sufrituko dugu kontakizunean zehar. Mariaren irudimenean dauden eszenak ere erakutsiko dizkigu nikaraguarrak: bertan katu itxura duen ama azalduko da basoan, zelatan. Haurraren ihesbidea den imajinazioa erretratatu nahi izan du zinemagileak, baina, kasu honetan, indarra kentzen dio istorioari. Aldiz, Maria eta haren amaren arteko loturak eta birziklapen instalazioan ezagutuko duen mutikoarekin izango duen harremanak 11 urteko haur batek izan beharko lukeen samurtasun hori erakutsiko digute. Amorru eta zabor guzti horren atzean Ara Alejandra Medalek bikainki gorpuztutako haur bat besterik ez dagoela ikusiko dugu, amaren beharra duen haurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.