Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Karibuak eta

2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Zorigaitzak bizitza bat honda dezake, baina badira bere zerbait behar dutenak, bizia sentitzeko. Ni ez naiz hain menpekoa, nahiz eta beti nagoen dudan zorigaitz baten handia bere larrian ote datzan, ala denboraren luzean. Uraren konparazioan, ez dakit zein den izugarriago: uholde baten oldarra ala tantaketa jarraitu bat garunean. Honek eternitatea usnarazten dit, eta eterno-kutsuko zernahik izutu egiten nau.

Beste munduaren antzekoena iruditzen dut: hilerrian marmarioa, eta hiria isilik. Ez dauka aipatu tantekin zerikusirik, baina eguzkiaren irteera zirraraz itxaroten duzunean, izarren ezabapena desiatzen ari zara. Eskerrak badiren ilargiak ere Laboaren profila bezalakoak, kapelu eta guzti. Horrelako zerbait pentsatuko zuen trumoi-hotsera jaiki eta, ortzia garbi ikusirik, berriz oheratu zenak. Tripak kurrinka.

Maite ditut pikuak, baina ez dut maite pikondoan atzeman nazaten, bai baitakit pikuak jatean naizela tximinoen antzekoen. Hauek ala fraideak ote dira zaharragoak? Ba, begira pinguinoen komunitatea. Beharbada, tximinoa zaharragoa izango da, gorilaren kasuan, behintzat, zeinak oso eboluzio luzea izan behar baitzuen, bera hain handia izanik, belarri hain chipak edukitzeko. Ez dakit gorilak berak badakien, baina belarriek hil arte hazten jarraitzen dute.

Zaharrena, seguruenik, karibua izango da, adartzat armairu artistiko baten armazoia jantzi ziotena. Beharbada, artistiko horretantxe dagoke gakoa. Artistari zail egiten zaio ezer kontenplatzea (bai tamalgarria!), espresio bat ateratzeko ez bada. Gogoeta marjinal horretatik at, eboluzioa, batzuetan, traba izugarria da. Barregarria ere bai, tximino sudurluzearen kasuan bezala. Zaila da hautespen naturalari esleitzea horrelako prominentzia baten abantailak. Isil nadin, gizakiaren abantailak ere ez baitira hain argiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.