Erle langilea, erle autonomoa

Erleen dibertsitate genetikoa zaintzeko Europako bi egitasmotan parte hartzen ari dira Euskal Herriko zenbait genetikari eta erlezain. Erle beltzaren ezaugarriak gordetzeko eta subespeziea hobetzeko, erreginak hazten ari dira; asteburuan banatuko dituzte.

Erle langilea, erle autonomoa.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Andone Estonba Danimarkatik etorri berria da. Hango enpresa batekin ituna negoziatu du: erlezainek edo ikertzaileek gailu bat izango dute laster, jakiteko zein erle motarekin ari diren lanean, DNAren analisiaren bitartez. Tresna garrantzitsua izan daiteke bertako erlea zaintzeko, saihesteko erleen gainbehera eta horren polinizazioaren lana ezinbestekoa duten ekosistemen apokalipsia, askotan iragarritakoa.

Estonba EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko katedraduna da, Leioan (Bizkaia). Hura da erleez Europan egiten ari diren nazioarteko egitasmoen burua Euskal Herrian.

Smartbees proiektua da horietako bat. Europa osoko hamasei unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresa elkarrekin lanean jarri ditu 2014. urtetik, bi erle espeziek Europako tokian tokiko erleak sistematikoki ordezkatzeko prozesua gelditzeko asmoz. Estonbak Euskal Herriko erlearen karakterizazio genetikoa egin zuen 2000. urtean. «Aniztasun genetiko handia zuela ikusi genuen, eta, alde genetikotik, gure erlea osasuntsu samar zegoela», esan du.

Europan hamabi erle subespezie daude. Euskal Herriko berezko erlea Apis mellifera iberiensis subespezieko ekotipo berezi bat da. «Genetikoki oso lotuta dago gurea Pininioetatik iparraldera Europa osoan dagoen Apis mellifera mellifera subespeziearekin, baina hori oso galduta dago». Izan ere, Europako erlezainek beste espezie batzuk zabaldu dituzte: Apis mellifera carnica —Esloveniako Kranjska eskualdeak eman dio izena, han baitu jatorria—, eta ligustica, erle italiarra izen arruntarekin ezaguna. Horien eraginez, Europako erle beltza «oso egoera larrian dago», Estonbaren arabera, «baina Iberiar penintsulan ongi gordetzen da».



Pop kulturak ere erakusten du bi espezie horiek noraino nagusitu diren: erle italiarra marrazki bizidunetako Maya erlearen estilokoa da —banda hori argiak ditu—, eta carnica ere argi samarra da. Edozein haurri erle bat marrazteko eskatu, eta litekeena da halakoa egitea.

Baina zer esan nahi du erle espezie bat «osasuntsu» edo «galduta» dagoela esateak? Estonba alde genetikotik mintzo da, betiere. «Mellifera mellifera oso bakartuta geratu da; oso leku gutxitan dago; hibridatuta dago kanpotik ekarritakoekin, eta populazioak zatituta daude». Eskozian eta Irlandan bakarrik geratzen dira populazio sendoak.

Garrantzitsua da kontua, tokian tokiko erlea dagoelako hobekien moldatuta ingurunera, eta hobeto egiten dielako aurre gaitzei. Baina, koloreari erreparatzea ez da aski. Nola jakin dezakete erlezainek eta ikertzaileek zein espezietakoa den erlauntzetan duten erlea? Estonbaren taldeak txip bat garatu du horretarako, subespezieak bizkor eta zehatz bereizteko.

Estonba Leioako (Bizkaia) laborategietan dabil lanean, eta Egoitz Galartza mendian, erleekin. Albaitaria da, eta hogei urtez dabil erlezain. Erlandere marka sortu zuen Miren Lizasoainekin, Arbeitzan (Allin, Nafarroa). Smartbees egitasmoan aritu da, eta Erbel Erle Beltza Hazleen Elkartea koordinatzen du.

Erle beltzaren koloniak parekatzen aritu izan da, errendimendu kontrolak egiten, eta oldarkortasuna neurtzen, gero erregina hoberenak aukeratzeko. Erbeleko erlezainek euren erleen datuak jasotzen dituzte, eta Alemaniako Laenderinstitut fuer Bienenkunde ikerketa zentroko datu basean sartzen dituzte. «Han prozesatu egiten dituzte, esne behientzat eta ardientzat erabiltzen den sistema berarekin. Eta erregina bakoitzaren balorazio bat egiten dute. Horrekin aukeratzen ditugu hurrengo belaunaldiaren amak izango diren erreginak». Ehun eta mila erregina artean sor ditzakete erregina bakoitzetik, sasoi batean. Horiek bazkideen artean banatzen dituzte, eta haiei berriz egiten diete azterketa. «Horrela osatzen da hobekuntzaren zikloa».

Hirugarren belaunaldia egiten ari dira orain. Asteburu honetan banatuko dituzte horretan sorturiko erreginak 30 bazkide ingururi. Alemaniarrek esan diete hamar bat urte beharko direla emaitza ikusgarriak izateko.

Erleen itxaropena

Estonba beste egitasmo batean dabil lanean: Beehope. Erleei naturan autonomoki eboluzionatzen uztea da helburua, gizakiaren esku hartzerik gabe. Kostata, baina gune bat sortu dute Araban horretarako; «natur parke moduko bat, erleentzat». Izkin jarri nahi dute, Kanpezun. Ziurtatu behar dute eremu horretan inork ez dituela kanpoko erleak sartuko. «Kutsadurarik ez dela egongo ziurtatzea dibertsitatea gordetzeko modu bat da».

Smartbees eta Erbel egitasmoek lagundu dute erleak hobeto ezagutzen. «Guk gero eta gehiago ikasi, orduan eta hobeto ulertuko dugu zergatik ari diren erleak kolapsatzen», esan du Galartzak.

Barroa parasitoa, pestizidak, klima aldaketa... Erleak etsai asko ditu azken boladan, eta sufritzen ari da. «Niri ez zait apokaliptikoa izatea gustatzen, baina erleen egoera ez da batere ona», esan du Estonbak. «Gure baserritarrek lehen denek zituzten hiruzpalau erlauntz, eta ia ez zieten kasurik egiten urtean behin eztia jaso arte. Orain asko zaindu behar dira». Zientzia eta teknologiaren laguntzarekin, erleek etorkizun eztiagoarekin egin dezakete amets.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.