Adingabeak sarean ez erortzeko

Adingabeen argazkiak, bideoak edo informazioa sare sozialetan zabaltzea geroz eta ohikoagoa da gurasoen artean. 'Sharenting' deitzen diote jokabide horri, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horren arriskuez ohartarazteko kanpaina bat abiatu du. Adituen ustez, arduraz jokatzea da gakoa.
BERRIA

Iker Tubia -

2019ko azaroak 27
Haurra sortu berri, klixk. Seaskan lotan, klixk. Lau hankatan edo bitan ibiltzen, rec. Lehenbiziko hitzak, bazkaltzen, haur eskolan, ikasturte bukaerako dantzan, parkean, familiarekin... Haur asko, sortzen diren unetik beretik sare sozialetan daude. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, sei hilabete betetzean haurren %81 sarean ageri dira, eta, bost urte bete arte, haien 1.000 argazki jarriko dituzte Interneten. Era berean, bi urtetik beherako haurren %5ek gurasoek sortutako profila dute sare sozialetan. Hori dela eta, kontzientziazio kanpaina abiatu du Unicef elkartearekin batera.

Nik ere badut zer esana. Hala dio sharenting-ari buruz ohartarazteko kanpainak. Gurasoek seme-alaba adingabeen argazkiak, bideoak edo bestelako informazioak sare sozialetan partekatzeari esaten zaio sharenting. to share (partekatu) eta parenting (hazkuntza) hitzak elkartuta sortu dute neologismoa. Aldundiaren arabera, gero eta ohikoagoa da praktika hori: «Haur baten bizitzako edozein gertakari edo datu garrantzitsu Interneten partekatzen dute guraso batzuek». Horrek kezkaturik ditu, haurren eskubideak urra ditzakeelako sharenting-ak.

Adituen arabera, kezkagarriena zera da: haurren aztarna digitala oso txikitatik sortzen dute gurasoek, eta horrek arazoak ekar ditzake. Sharenting-az ohartarazi dute Maialen Garmendia EHUko soziologoak eta Elsa Fuente Unicefeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako koordinatzaileak. «Argazki dibertigarriak jartzen dituzte, eta, batzuetan, irudi horiek arazoak sortzen dizkiete: adibidez, lagunek ikusi, eta iseka egiten diete», azaldu du Garmendiak. Izan ere, argazki horiek bullying egiteko ere erabil ditzakete beste haur batzuek.

Argazkien kontrola, berriz, galdu egiten da sare sozialetan jartzen diren unean bertan. «Sareetan jartzen diren argazkiak berreskuraezinak dira: ez dakigu noren eskuetara irits daitezkeen». Eta bada beste arazo bat ere, ez hain agerikoa, baina geroago ailega daitekeena: guraso batzuek argazki asko hedatzen dituzte, eta haur horiek nerabezaroan lehenbiziko sakelakoa dutenean, euren argazkiak jarri nahiko dituzte, eta litekeena da gurasoek hori ez egiteko esatea. «Haurrek gurasoen jarrerak imitatzeko joera izan dute beti; beraz, gurasoen aldetik ez da oso koherentea beti egin dutena haiei debekatu nahi izatea».

Mundu digitala ez da apartekoa, eta perspektiba hori ez galtzea garrantzitsua da afera horietan. Gakoa da mundu fisikoan eginen ez litzatekeena Interneten ez egitea: «Ez genituzke kalean gure haurren argazkiak banatuko, ezta? Ba, nolabait, hori da sare sozialetan egiten dena», azaldu du Garmendiak. Kontuan izan behar da sare sozialetan edozeinek izan dezakeela aukera argazki horiek hartzeko. Horregatik, garrantzitsua da pribatutasuna zaintzea. Sare sozialek ematen dituzte zenbait aukera irudiak edozeinek ikus ez ditzan. Pribatutasun neurriak hartzea aukera bat da. Hala ere, irudi horien kontrola ez dago erabat segurtaturik.

Eskubide kontua

Sharenting-aren arriskuez ohartaraztean, haurren eskubideez ari direla nabarmendu du Fuentek. Duela 30 urte sinatu zen Haurren Eskubideei buruzko hitzarmena. Eskubideak ez dira aldatu, baina egoera eta ingurua bai. 1989an ez zen sare sozialik, eta Interneten berririk ere ez zuen jende gehienak. «Teknologiaren gorakadak haurren eskubideentzat mehatxu berriak ekarri ditu, baina aukera berriak ere bai. Kontuan izan behar da Interneten erabiltzaileen heren bat adingabeak direla. Beraz, haurrei babesik handiena eman behar diegu alor guzietan, baita sarean ere», azaldu du.

Baina, zer eskubide dituzte haurrek sarean? Eskubidea dute errespeta ditzaten; haien identitatea, informazio konfidentziala eta pribatutasuna babestua izateko; sarean noiz eta nola parte hartu nahi duten erabakitzeko; IKTen bidez bizi kalitatea hobetzeko, inguru on eta baketsu batean; eta sarean aske eta babestuta sentitzeko.

Nestor Salaberria 9 urteko haur baten aita da. Sare sozialen erabiltzailea da, eta haurraren argazkiak ere jartzen ditu. Argazki horietan, adingabea bizkarrez agertzen da askotan edo aurpegia ezabaturik. «Nire izaera irekia da, liburu ireki bat bezalakoa naiz. Baina alabaren amari ez zaio gustatzen alabaren aurpegia agertzea; beraz, horrela adostu genuen. Egia da badaudela arrazoiak estaltzeko», azaldu du. Erlijioarekin parekatu du adingabeen pribatutasuna: «18 urterekin hautatuko dute nahi duten edo ez: haiek aukeratu behar dute, ez die heldu batek inposatu behar».

Neurriak hartuta bada ere, argazkiak jartzea erabaki du. «Nire bizitzaren zati bat da, eta ez dut atal hori ezkutatu nahi. Beste gauza batzuk argitaratzen ditudan moduan, hori ere jartzen dut». Onartu du neurriak hartu behar direla, baina, hala ere, kalean eta toki askotan grabatzen dituztela pertsonak. Alegia, pribatutasunaren kontrolik ez dagoela gaur egungo gizartean.

Fuentek uste du afera ez dela argazkirik batere ez argitaratzea. Afera da arduraz jokatzea: «Aldea da erabileraren eta neurrigabekeriaren arten». Gainera, gogorarazi du helduek adingabeen intimitatea babesteko betebeharra dutela. «Intimitate hori babesgabe uzten ari gara, eta informazio asko ematen dugu». Horregatik, haurrari galdetzea gomendatu du: «Noiz galdetu behar diogu? Beti. 13 urte betetzen dituenetik aurrera legeak behartuta, baina adin hori baino lehen ere aditu behar ditugu. Heldu batek ez badu argazki bat partekatzerik nahi ez dugu partekatzen; bada, berdin». Datuen babeserako legeak dio 13 urtetik aurrera ez dutela heldu baten baimenik behar datuak Interneten jartzeko. Europako Batasunean hori da muga.

Garmendiak ere haurrarekin hitz egitea gomendatu du. «Hobe da haiekin gauzak adostea. Arauak haiekin adosten diren heinean, motibatuago egongo dira». Gainera, egoera alda daitekeela ere gogorarazi du soziologoak: «Txikiak direnean, ez zaie galdetzen, eta agian ilusioa ere egingo die, baina helduago direnean, dagoeneko hasi dira haurrak gurasoei aldarrikatzen argazkiak ezabatzeko edo hedatu baino lehen baimena eskatzeko».

Batzuek auzitara ere jo dute. Duela hiru urte, Austrian, gazte batek gurasoak salatu zituen bere argazkiak baimenik gabe jarri zituztelako adingabea zen garaian. Gurasoek 700 lagun zituzten Facebooken, eta alabaren 500 argazkik bere bizitza kontatzen zuten, xehe-xehe. Kanadar batek ere antzeko salaketa jarri zien gurasoei, bere argazkiak argitaratuta «bere izen onaren kontra» egin zutelakoan. Gerora, salaketa gehiago izan dira hainbat herrialdetan. Ipar Euskal Herrian, adingabeen argazki intimoak baimenik gabe argitaratzeagatik, gurasoei 45.000 euroko isuna eta urte beteko kartzela zigorra jar diezaiekete.

Gakoa: arduraz jokatzea

Adingabeari baimena eskatuta argazkiak jartzea erabakitzen duten gurasoei aholku batzuk eman dizkie Fuentek: batetik, Googleko alertak aktibatzea. Adingabearen izen-abizenak nonbaiten argitaratzen diren unean jakinarazpena jasotzeko aukera ematen du Googlek. Bestetik, adingabearen konturik ez sortzeko gomendioa eman du, eta, argazki horiek, norberaren profilean jartzea. Izan ere, haur batzuei jaio bezain pronto kontu bat irekitzen diete sare sozialetan. Noski, helduek kudeatutakoa.

Garmendiak uste du hobe dela argazki askorik ez argitaratzea. Aurpegiak estaltzea aukera bat izan daiteke, baina horrek «trebezia teknologikoa» eskatzen duela dio. Mezularitza zuzeneko aplikazioak erabiltzea aukera bat da, baina Garmendiak ohar batzuk egin ditu: «Itxiagoak dira, baina, hala eta guztiz ere, bide horren bidez biral bihurtzen dira irudi batzuk. Kontuz ibili behar da haurren argazkiak nori bidaltzen dizkiogun edo zein taldetan jartzen ditugun».

Interneten zabalpenak eta sare sozialen sorrerak gauza asko aldatu dituzte. Unicefeko kideak uste du bi erronka nagusi daudela adingabeei dagokienez: sarearen kalteak gutxitzea eta onurak handitzea. Horretarako, adituen arabera, arduraz jokatu behar da. Fuentek esandakoa jarraitzea, adibidez: «Ezin dugu Interneten egin mundu fisikoan inolaz ere eginen ez genukeena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna