Printze baten komeriekin hasiko du OLBEk kurtsoa

Rossiniren 'Il turco in Italia' opera bufoa estreinakoz emango dute Bilbon. Sei emanaldi izango dira Euskaldunan, azaroaren 2ra arte

Gioachino Rossiniren Il turco in Italia opera. ABAO.
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Amodiozko istorio dibertigarri batekin hasiko da OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak 69. denboraldia: Gioachino Rossiniren obra baloratuenetako bat, Il turco in Italia opera bufoa, estreinakoz ikusi ahal izango da Bilbon. Ikuskizunak Selim du protagonista, Italiara plazer bila helduko den printze turkiarra. Selimen inguruan, maitasun korapiloak eta hanka sartze xelebreak gertatuko dira, baina, horretaz gain, gizarteari begiratzeko askotariko moduez ere badihardu opera horrek; ironiaz, betiere. Asteazkenetik aurrera ikusi ahal izango da, eta hurrengo astelehenean izango da azken emanaldia, azaroaren 2an; guztira, operaren sei emanaldi erakutsiko ditu Bilboko Euskalduna jauregiak, ohi baino bi gehiago, edukiera murrizketa neurrien ondorioz.

Paolo Bordogna baritonoa izango da Selim: eskarmentu handia du opera bufoan. Printzeari Sabina Puertolas soprano nafarrak lagunduko dio oholtzan, Fiorillaren rolean arituko baita. Horiez gain, Renato Girolami eta Pietro Spagnoli baritonoak, Marina Viotti mezzosopranoa eta David Alegret eta Moises Marin tenoreak ere ariko dira, besteak beste. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jarriko du musika, Christophe Roussetek gidaturik, eta, Emilio Sagiri esker, 1960ko hamarkadako Napoli koloretsua bilakatuko da aretoa.

Mozarten eragina

Il turco in Italia opera sortzeko orduan, Mozarten Cosi fan tutte izan zen Rossinirentzat eragin nagusia. Eredu horretan oinarrituta, konpositore italiarrak narrazio finduko obra ondu zuen, hala ahotsei nola instrumentuei dagokienez. Hala ere, Rossiniren obretan ohikoa denez, Il turco in Italia-n erabilitako lengoaian ere lerro melodikoa gailentzen zaie gainontzeko arlo musikalei. Eta, besteak beste, Rossinik sortutako duetorik esanguratsuenetakoa entzungo da opera honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.