martxelo otamendi
Udal eta foru hauteskundeak. ANALISIA

EAJ behera, EH Bildu gora

2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hauteskunde gau guztietan legez, kontraste gaua izan zen atzokoa alderdien egoitzetan. EH Bilduren poz handia, PSEren eta PSNren poz kontrolatua eta EAJren poz tristea.

EH Bilduren emaitzak oso onak dira hauteskunde mapa ia osoan. Gora egiten segitzen du. Ez du zigorrik jaso Espainiako Gobernuari lege garrantzitsu gehienak aurrera ateratzen laguntzeagatik, eta batzuk alderantziz egin zezan gogotik saiatu arren, etorkizunaz hitz egin duelako, ez iraganaz. Hori da Sinn Feinek Irlanda osoko hauteskundeetan daukan arrakastaren giltzetako bat: etorkizuna.

Gauaren beste ertzean EAJren emaitza kualitatiboki txarrak daude. Segitzen du lehen indarra izaten Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batuta, baina alderdiko pesimistarik handienak ere ez zuen horrelako emaitza aldrebesik igarriko atzoko. Ataka estuan jarri dute emaitzek hainbat erakundetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta zenbait udaletan, PPren babesa beharko duelako kargu nagusiak hartzeko.

Nafarroa eta Iruñea ziren atzo arretagune nagusietako batzuk,Navarra Sumaren hausturak ahultzen zuelako eskuinaren esparrua, eta horrek atea zabaltzen zion EH Biduren hautagai Joseba Asironi garaipena lortzeko. Ez zuen lortu, oso gertu ibili arren. Iruñean UPNren zerrendaburu Cristina Ibarrola irabazteak lasaitasun haizea bidali zuenPSNren egoitzara. Nafar sozialisten hautagai Elma Saizek, UPNk irabaziko zuelakoan, behin eta berriro errepikatu zuen bere buruari emango ziola botoa ekainaren 17an alkatea aukeratzeko egingo den udal berriaren batzarrean. Asironek irabazi balu, eta Saizek kanpainan behin eta berriro eman duen hitza jango ez balu, historia irakaslea izango zen hiriburu zaharreko alkatea.

Begi bistakoa da PSOEk atzo Espainian lortu zituen emaitza txarrek zaildu egiten diotela PSNri, Iruñean boto aurrerazalea atzo nagusi izan zen arren, alkatetza Asironi ematea. Erabakia, dena dela,Madrilgo Ferraz kalean hartuko da, Nafarroak beti garrantzi enblematikoa daukalako Espainiako politikan.

Nafarroako Parlamentuko hauteskundeek baieztatu egin zuten, espero zen bezala, EH Bilduk sorpassoa egitea Geroa Bairi. Enblematikoa izan liteke atzoko eguna Uxue Barkos eta Koldo Martinez erreferentzia nagusia dauzkan taldearentzat, seguru aski belaunaldi gazteago bati utzi beharko baitiote lekua biek.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagai Maddalen Iriartek jo zuen atzo aldaba kolperik handienetako bat; aise irabazi baitzion Eider Mendoza jeltzaleari. Oso emaitza onak eskuratu zituen atzo EH Bilduk Gipuzkoan, bi erreiek, udal eta foru hauteskundeek, ondo eta batera funtzionatu zutelako. EAJk kanpaina inbertsio handia egin zuen lurralde horretan, zenbatu besterik ez baitago zenbat aldiz egon den Iñigo Urkullu lehendakaria kanpaina egiten. Iriarteri dagokio, irabazlea izan zelako, hurrengo egunetatik aurrera Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengoa osatzeko harremanei ekitea. Ez du erraza izango.

Gasteizen gertatu zen atzo ezusterik handienetako bat, bikoitza, gainera. Bete egin zen EAJ, PSE, EH Bildu eta PP, laurak, oso gertu ibiliko ziren iragarpena, baina oso gutxik esperoko zuten EAJren hautagai Beatriz Artolazabal laugarrena geratzea. Gaur arte alkate izandako Gorka Urtaran zerrendatik kentzea ez zen, emaitzen arabera, oso ideia ona izan. Gogorra delako 2023an PPren atzetik geratzea.

Aurreko hauteskundeetan zabaldutako bidetik irabazi egin ditu hauteskundeak EH Bilduk Gasteizen. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ehunenekoetan, gazte gehien daukana da Gasteiz.

Bizkaia zen aldaketa gutxien espero zen herrialdea, handia baita urteetan metatu duen indarra. Baina ez izan zion galga jarri beste herrialdeetan EAJk pairatu zuen jaitsierari; Andoni Ortuzar atzo saiatu arren, abstentzioarekin bakarrik azaltzen ez dena.

Elkarrekin Podemosek —nabaria zen EH Bilduren igoeraren pairatzaileetako bat izango zela— eutsi egin zion atzo.

EAJk gogoeta egin beharko du komeni ote zaion, atzoko emaitzak ikusita, orain bezain irmo eustea bere aliantza estrategia esklusiboari, alegia, PSE izatea bere aliatu bakarra. Nahiz, batuketa horren ondorioz, ez batak ez besteak irabazi ez duten herrietan bietako batek hartu alkatetza. Atzoko emaitzei lupa politikoaren begiratzeak emango digu argibiderik jokabide hori errentagarria zaien edo ez.

Denborak esango du atzoko emaitzek joera aldaketa bat erakusten duten, edo istripu bat izan diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.