Albistea entzun

Gorpu kopurua, zehazteke

Aranzadiren arabera, gutxienez hamazazpi miliziano daude Polloeko mausoleo frankistan lurperatuta, Donostian. Ehorzketen liburuaren arabera, identifikatu gabeko laurogei gorpu daude hobi berean
Polloeko hilerriko ehorzketen liburutik eta Donostiako Udal Agiritegiko dokumentaziotik ateratako informazioa.
Polloeko hilerriko ehorzketen liburutik eta Donostiako Udal Agiritegiko dokumentaziotik ateratako informazioa. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko ekainak 16

Donostiako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak maiatzean jakinarazi zuten Donostiako Polloeko hilerrian gutxienez hamazazpi miliziano antifaxista lurperatu zituztela, Euren idealak, Jainkoa eta Espainia defendatzeagatik hildakoen oroimenera egindako mausoleoan. Gurutze frankistaren azpian dagoen errepublikano kopurua, ordea, baliteke dezente handiagoa izatea. Batetik, Aranzadik zalantza adierazi du hobian dauden beste hamalau lagunen kidetza politikoaren inguruan. Bestetik, identifikatu gabeko laurogei gorpu ere lurperatu zituzten mausoleoan, Polloeko ehorzketen liburuaren arabera.

Ikusi gehiago: 36ko gerratik erbestera joandako Gipuzkoako 6.819 ume identifikatu dituzte

Pedro Arriola, Narciso de Santos, Lorenzo Etxarri, Marcos Galluralde, Camilo Ibañez... Hamazazpi izeneko zerrenda bat osatu arte. Guztiak ere PCEko, CNTko, UGTko eta herri milizietako kideak, Aranzadiren arabera. Zalantzazkotzat jo dituztenen izen zerrendari erreparatuz gero ere, badira Euskal Memoriak eta Gogora institutuak erakunde berberekin lotu dituzten beste zazpi izen: Manuel Arconilla, Fernando San Saturnino, Cesareo San Sebastian, Juan Ortiz de Zarate... Gainerakoen daturik ez dute argitaratu.

Guztiak zerrenda bakar batean ere topa daitezke: Donostiako Udal Agiritegian. Zehazki, 1958an Gipuzkoako gobernadore zibilak agindu eta Polloeko hilerriko arduradunak osatutako zerrenda bat da, ustez «gurutzadako heroi eta martiriena». Hark matxinoen gorpuzkiak Erorien Haranera eramateko Madrilen asmoei erantzun zien. Horietatik 121 —bada 132 izeneko beste zerrenda bat ere— mausoleoan ehortzita zeudela dio testuak, eta, zerrenda hartatik tiraka identifikatu ditu Aranzadik aurrez aipatutako 31 lagunak. Haietako inor ez zuten Erorien Haranera lekualdatu, argudiatuta gorpuak «taldean» lurperatuta zeudela, eta «zaila» zela haiek «indibidualizatzea».

Miliziano gehienek ezaugarri komunak dituzte: 1936ko uztailaren amaieran edo abuztuaren hasieran hil zituzten Donostian, matxinoak hirian altxa berri zirela. Hala, Ambrosio Narbaiza, Benito Uranga, Camilo Ibañez... ageri dira 1936ko uztailaren 25ean Polloen lurperatutakoen artean. Egun hartan, denera 74 lagun hobiratu zituztela dio ehorzketen liburuak, aipatutako milizianoekin eta bando nazionalaren alde egindakoekin, baina beste 47 «identifikatu gabe» ere ageri dira. Eta zerrendaren alboan, esaldi bat: «Bakearen etorbideko 94tik 104ra bitarte dauden gorpuzki hauek guztiak 1940ko ekainaren 24an eta 25ean mugitu dira Martirien Mausoleora». Obra urtebete lehenago hasi ziren eraikitzen, 1939ko otsailean.

Alvaro Izurza, Eloy Zufiaurre, Lorenzo Etxarri, Etura... Horiek, berriz, uztailaren 27tik abuztuaren 3ra bitarte linbo hobi komunean ehortzitakoen zerrendan ageri dira. Haiekin batera, matxinoen aldean hildako zenbait kideren izenak eta «identifikatu gabeko 33 gorpu». Zerrendaren aldamenean, antzeko mezua: «Linboko gorpuzki guztiak 1940ko uztailaren 8an eta 9an mugitu ziren Martirien Mausoleora».

Gurutze frankistaren azpian egon daitekeenaren erakusgarri da sei urte geroago Polloeko arduradunak Gipuzkoako Gobernaziora bidalitako gutuna ere. 1946ko irailaren 24ko data du: «Komenigarria litzateke aipatutako gorpuzkiak Martirien Mausoleora mugitzea, horietako batzuk gorrien biktima izan baitziren. Eta ez denez posible horiek identifikatzea, iradokitzen dut hemezortzi hilotzen gorpuzkiak partikularki hala eskatu dutenekin batera mugitzea». Beste hitz batzuetan, arduradunak baimena eskatu zuen 1936ko uztailaren 26an Polloen ehortzitako hemezortzi gorpu mausoleora mugitzeko, haien kidetza politikoak kontuan izan gabe. Izan ere, horietatik gutxienez seik Aranzadik argitaratutako zerrendetan ageri direnen ezaugarri berdinak dituzte. Santiago Legorburu, Manuel Rebollo, Antonio Aranzasti... uztailaren amaieran hil zituzten, herri milizietako eta bestelako erakunde antifaxistetako kide zirela, Gogora institutuaren eta Euskal Memoriaren arabera.

Mugimendu horien gaineko hipotesi bat bota zuen Aranzadiko ikertzaile Javier Bucesek lehen aurkikuntzaren berri eman zutenean: baliteke, praktikotasunaren mesedetan, gorpu guztiak batera lurperatzea, haien kidetza politikoa kontuan hartu gabe. Izan ere, gorpuak batetik bestera mugitzea ere hilerrietako ohiko prozedura bat zen, Donostiako Udal Agiritegiko arduradun Belen Martinezen hitzetan. Kasu horretan, baina, mausoleo frankista batera lekualdatu zituzten.

Zabal eta sakon

Zerrendetan ageri dira 1936ko uztailaren amaieran hil ez zituztenak ere. Horietako bat da Pedro Aramendia, Aranzadik «zalantzazkoen» zerrendan jarri zuena. Hura abuztuaren 29an hil zuten, Gogora institutuaren datuen arabera. Eta Euskal Memoriaren zerrendetan PCEko militante gisa ageri da. Hala, Donostiako Elkarrekin Podemos-IUko zinegotzi Haizea Garaik azterketa sakonago bat egiteko eskatu du. Zehazki, Aramendiaren heriotzaren data kontuan hartuta, azterketa zabaltzeko eskatu du, «mausoleo frankistara eraman ziren gorpu guztiak berresteko».

Garaik uste du Donostiako Udala presaka aritu dela informazioa argitaratzeko orduan, eta «denbora gehiagorekin eta inplikatutako agente guztiekin kontrastatuz lan egin izan balitz», hamazazpiko zerrenda hori luzatzeko modua egongo litzatekeela, «zalantzak» alde batera utzita.

Zinegotziak, baina, urrats bat gehiago ere egin nahi du, eta Gogora institutuari «senideen bilaketa aktiboa egiteko erantzukizuna» exijitu dio, eta, haiek topatu ezean, hildakoak parte ziren erakundeekin harremanetan jartzeko. Azken helburua litzateke haiek hobi komunetik ateratzea: «85 urte baino gehiago eman dituzte mausoleo frankista batean, eta faxismoa goraipatzeko omenaldiak jaso dituzte. Horregatik, ezinbestekoa da gorputzak, haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lan osoa eta zorrotza egitea». Izan ere, mausoleoa frankismoari gorazarre egiteko topalekuetako bat izan da urte luzez.

Gurutzearen azpian zer egon daitekeen ez dago argi. Polloeko arduradun Gorka Ruedaren hitzetan, hilerriko langileek ere ez dakite nolakoa den mausoleoa barrutik. Beraz, hura ireki eta gorpuak deshobiratzea da han lurperatuta egon daitezkeen miliziano antifaxistak identifikatzeko modu bakarra. Nahiz eta hura ere prozedura «zaila» izango litzatekeen, Ruedaren ustez, gorpuak nola dauden ikusteko dago eta.

Arduradun politikoek izango dute azken hitza. Orain arte haiek hartutako neurri bakarra maiatzaren 25ean iritsi zen. Memoria Historikoaren Legeari men eginda, Donostiako Udalak agindu zuen gurutzean iltzatutako plaka kentzeko, frankismoari gorazarri egiten ziolako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Abeberriren omenezko ekitaldia, atzo, Miarritzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Abeberriren ibilbide oparoa ohoratu dute

Oihana Teyseyre Koskarat - Garazi Aduriz

«Hats luzeko» abertzale eta kulturgilea izan dute gogoan. Eragile anitzetako ordezkariak izan dira miarriztarrari egindako omenaldian

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak berriz egiteko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du EAren eskaera, eta alderdiaren primarioak berriz egiteko agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Juan Alberto Belloch, artxiboko irudi batean. ©Javier Cebollada / EFE

Juan Alberto Belloch: «Galindo, borrokalari antiterrorista moduan, onena zen»

Iosu Alberdi

Justizia eta Barne ministro ohiak adierazi du bera izan zela Galindori jeneral kargua ematea ahalbidetu zuena, nahiz eta jakin atxilotuak torturatzen zituela.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...