Itxaropenaren berotan

Araluceko beharginek lantegiko kanpoaldean segitzen dute euren egoerarentzako konponbide baten eske. 42 egun daramatzate, eta manifestazioa egingo dute gaur.

Zaintza txandak egiten ari den Araluceko langile multzoetako bat, etxolaren barruan, iragan asteartetik asteazkenerako gauean. IMANOL MAGRO EIZMENDI.
Imanol Magro Eizmendi.
Igorre
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kea dario burdinazko berogailu handiari, eta Igorreko (Bizkaia) gaueko behe lainoarekin nahasten da. Gauerdia pasatua da industrialdean, eta hotzak bere arrastoa uzten du autoen kristaletan. Etxolan, aldiz, epel dago. «Bizia dagoela esan nahi du suak; berogailua piztuta badago, gu hemen gauden seinale». Esaldia Araluce trokel lantegiko grebalarietako batena da. Azaroaren 15az geroztik daude metalezko etxolan. 140 langileak sei multzotan banatu dira, eta lau orduko txandak egiten ari dira. «Bi hilabete daramatzagu kobratu gabe, eta gogorra da; pertsona eta etxe bakoitza mundu bat da. Langile batzordeak gure babesa du, eta elkarri laguntzen diogu. 140 gara eta inork ez du amore eman: txalotzekoa da hori», azaldu du harro Alberto de la Fuentek. 51 urte ditu eta 19 daramatza Aralucen.

Hilabete pasatu da telebista kamerak eta kazetari gehienak Igorretik joan zirenetik. Azaroaren 8an, Batz kooperatibako langile batzuk, Ertzaintzak babestuta, Aralucen egiten ari ziren trokelak ateratzen saiatu ziren. Batz da Araluceren jabea; duela hiru urte erosi zuen egoera larrian zegoenean, eta, arrazoi ekonomikoak direlamedio, abenduan ixtea erabaki zuen. Bere garaian zenbait eskaintza egin zizkien Araluceko langileei: enpresa haien esku uztea, kaleratzeak sinatu eta itxiera hiru hilabetez uztea... Ez zituzten onartu, eta 42 egun geroago xake partidako piezak beste koadro batzuetan daude. Batzek hartzekodunen konkurtsoan sartu zuen Araluce, eta orain konkurtsoko administratzaile batek du lema. Langile batzordeak dio ez direla harekin bildu, eta ezin dutela posta elektronikorik jaso negoziazioetan erabilitako helbidea «moztu» dietelako. Batzi egozten diote.

Langileei dagokienez, aurki abenduko biak gehituko dira kobratzeke dituzten soldaten zerrendara. Greban daude; beraz, inork ezin du haien lana bukatu, eta enpresako biltegitik irten dira. Araluceko sarrera libre dago, ez dago traba egiten duten autorik, eta administratzailea barruan egon da. Etxola alboan dago, eta Eder Arribasek —33 urte ditu eta zortzi urte daramatza Aralucen— hartu du berogailuari jaten emateko ardura, eta sartzen ez den egur batekin borrokan ari da. Ez du ukatu egoera gogorra dela, eta «urduritasuna» aitortu. Garbi du ere zergatik merezi duen eustea. «Ez dezatela itxi. Autogintzaren sektorean gorabehera asko egoten dira, hilabete batzuk barru lan karga etor daiteke, eta tartean beste aukera batzuk badaude».

Alboan du Izkander Agirrezabala, igorreztarra hura ere, eta bost urte daramatza enpresan. «Zail ikusten dut norbait agertzea, baina itxaropena ezin da galdu. Gazteok agian gutxiago dugu jokoan, baina niri kontzientziak ez dit uzten 55 urteko lankide bat miseriara bidaltzen. Haientzat oso ezberdina da kaleratze kalte-ordaina enpresak eta Soldatak Bermatzeko Funtsak ordaintzea [SBFaren muga 22.000 euro da]. Erretiroa hartu ahal izatea ala ez, hori da aldea». Txandako kideen adinaren batezbestekoa 47 urtekoa da eta ia 21 urte enpresan. Hemezortzi seme-alaba dituzte guztien artean.

Beñat Etxeberria Athleticeko jokalari igorreztarraren gola entzun dute irratian. De Miguel auziaz ari dira batzuk etxolan, partxisean besteak, eta kanpoan sakelakoek aurpegiak argitzen dituzte. Han da Julio Dominguez, tabakoa erretzen. 48 urte ditu; azken hirurak Aralucen egin ditu. «Txandak luzeak dira, baina eguneko beste hogei orduak are luzeagoak dira, etortzeak mesede egiten dit». Diziplina garrantzitsua da, kemenari eusten laguntzen dio. Izan ere, asko dira osasun arazoak izaten hasi diren langileak: lo egin ezina, depresio kasuren bat... Dominguezek jasoko duen kalte-ordaina txikia izango da, baina uste du borrokak merezi duela. «Absurdoa da Araluce bezalako enpresa aktibodun bat ixtea. Prentsa onak ditu, eskulan kualifikatua... Sektorean jendea ezagutzen dugu, eta lan karga espero dute».

Giroa mikaztuta

Igorrek 4.100 biztanle ditu, eta Arratiak, 27.000. Bertakoak dira Araluceko eta Batzeko [700 kooperatibista] langile gehienak. «Giro txarra dago oro har, ezin da ezkutatu», aitortu du Arribasek. «Nire familian Araluceko eta Batzeko jendea gaude, eta gaiari buruz ez hitz egitea erabaki dugu». Agirrezabala ere herrikoa da. «Giroa ez da ona. Guk argi dugu Batzeko langileak ez direla gure aurkariak, baina egoera enkistatu egin da. Guk ez dugu kalterik nahi, baina uste badute nire langile eskubideak defendatzea eurei kalte egitea dela, bada arazo bat dugu».

Gaur manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Aralucetik irten eta Igorrera joango dira. Langileek salatu dutenez, telefono eta sare sozial mezu asko zabaldu dira herriko dendariei eta ostalariei ez parte hartzeko esaten. Batzordetik Batzeko zuzendaritzari egozten diote tentsioa, eta garbi dute ez dutela talkarik nahi. Lasaitasun deia egin nahi izan dute: «Gure familien sostengua babestu nahi dugu, besterik ez», argitu du De la Fuentek. Lortu bitartean kea irtengo da etxolatik, 02:00etako txanda sartu denean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.