Pastor
DARWIN ETA GU

'Sweet Home Oklahoma'

2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, 2018ko uztailean, Sara Cunningham andreak iragarki bat jarri zuen Facebook-en: «Ama bat behar baduzue, zeuen ezkontza gay edo lesbianara joango dena, zeuen benetako amak han egon nahi ez duelako, esan iezadazue. Prest nauzue laguntzeko».

Oklahomakoa da Cunningham. AEBetako estatua Bible Belt eskualdean dago —Bibliaren Gerrikoa deitzen diote elizak bertan duen eraginagatik—. Sarak 58 urte ditu. Idazkaria da. Heterosexuala. Eta sinesmen handiko emakumea, kristau baptista.

AEBetako eta Europako zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Sara sinbolo bihurtu da LGBTQ+ kolektiboarentzat eta hura lagundu nahi dutenentzat. Jadanik mila lagunek baino gehiagok egin dute bat harekin, beren burua ordezko ama edo aita izateko eskainiz. Andreak elkarte bat sortu du, eta haren bidez babesa ematen die hainbat pertsonari. Bereziki nerabeei, amaren hitzek eman dieten mina sendatzen laguntzeko. Amak erdeinua besterik ez dielako erakutsi etxean: «Soilik ni hil eta gero izango duzu zilegi homosexuala izatea».

Etxekoen mespretxua eta etxez kanpokoen erasoak sufritu dituzte Sarak laguntzen dien gazteek. Ez pentsa Euskal Herrian askoz hobeto gaudela: Basaurin mutil bat jipoitu dute, marikoi zikina oihukatzen zioten bitartean. Koldarrak, basatiak. Ezjakinak eta konplexuz beteak.

Marikoi zikina. Halako hitzak ez dira gure ahotik irtengo. Gu oso progreak gara. Halarik ere, oraindik horren inguruko bromak egiten segitzen dugu, zenbaitetan, lagunartean erlaxatzen garenean. Pertsona multzo jakin bat iseka-iturri bihurtzen dugu. Askotan, nahi gabe bada ere, mikro-homofoboak gara.

Gehienetan, ez dugu marikoi hitza zuzenean esaten. Gure mikro-homofobia sotilagoa izaten da. Geure burua babesteko jokatzen dugun modua izan daiteke, gure inguruan susmorik txikiena izan ez dadin: kolore jakin bat aukeratzen ez dugunean; emozioak azaltzeari uko egiten diogunean, beharra sentitu arren; andrazko bat definitzeko ederra berba erabili bai, baina gizon bati buruzko iritzia eskatzen digutenean adjektibo hori esatera ausartzen ez garenean —emakume heterosexualek ez dute arazorik beste emakume bat ederra dela esateko—; gustu, ohitura edo jokaera ustez ez oso maskulinoak erakutsi nahi ez ditugunean. Edo masaje prostatikoa kanpotik hartzea hobesten dugunean, barrutik askoz onuragarriagoa dela badakigu ere.

Lagun edo ezagun bat armairutik irten dela aditu, eta harritu egiten gara, konturatu gabe geuk sartu genuela armairu horretan. Egun batean basapiztia batzuek laguna jipoituko dute marikoi zikina izateagatik. Eta bat egingo dugu harekin. Laguntza eskainiko diogu, gu ez garelako erasotzaileen modukoak. Baina ez gara ohartuko guk, mikro-homofobook, belar gaizto hori erein dugula nolabait. Eraso horren atzean hamaika eraso txiki ia hautemanezin baitira. Guk geure aletxoa jarri dugu bide horretan. Gorrotoak uzta eman du.

Manifestazioetara joaten gara, eta elkartasuna adierazten dugu. Batzuetan, haatik, arnasa hartzen dugu lasai, geure semea, koskortzen hasia, sarri ikusten dugulako futbolean. Ez da arraroa izango. Ez diote barrerik egingo eskolan; ez dute diskriminatuko; ez diote eraso egingo kalean. Ez dugu haurra susmagarri bihurtzerik nahi lorezaintza gustuko duelako —zer demontre ari da hamaika urteko mutil bat lore artean?—. Edo oso sentikortasun fina duelako. Ez dugu nahi umea arautik irten eta nabarmen dadin. Horrek zer ekarriko ote dion beldur gara. Ez dugu sufritzen ikusi gura. Bakea sentitzen dugu barrenean. Eta lotsa ere bai, lasaitasunaren zergatia zein den jabetzen garenean: semea ez da marikoia.

Sara Cunningham ezkonduta dago, eta bi seme ditu: Travis (37 urte) eta Parker (32 urte). Parkerrek duela 11 urte aitortu zion gay dela. Ezustea izan zen andrearentzat. Amorrua. Fedean sakondu zuen, eta, azkenean, mutila osotasunean onetsi eta maitatu zuen. Orain, semeak edo alabak diren bezalakoak onartzen ez dituzten amak ordezkatzen ditu ezkontzetan. Oklahoman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.