Milaka dira hutsik aireratu diren hegazkinak pandemiaz geroztik, eta alarmak piztu ditu horrek zenbait hegazkin konpainiatan. Aireportuetako ordutegi eskubideak —slot izenekoak— ez galtzea da hutsik bidaiatzearen arrazoia. Aire konpainia batzuen iritziz, hegaldi fantasmak deitutakoek «ez dute inolako zentzurik», etaeragiten duten kutsaduraz ohartarazi dute.
Lufthansak iragarri du 18.000 hegaldi huts egin dituela pandemia piztu zenetik, eta beste 3.000 Brussels Airlines konpainiakLufthansaren jabetzakoa hura. «Urtarrilean eskaria murriztu denez, bertan behera utzi beharrean gaude hegaldi asko. Gainera, ia hutsik joango diren 18.000 hegaldi egin beharko ditugu neguan, beharrezkoak ez direnak, aireratzeko eta lurreratzeko eskubideak bermatzeko soilik», azaldu du Lufthansak.
Bidaiaririk gabeko bidaiak «zentzurik gabekoak» direla dio Alemaniako konpainiak. Gainera, ohartarazi du programatuta zeuzkaten 33.000 hegaldi bertan behera uzteko asmoa dutela urtarrila eta martxoa bitartean, omikron aldaerak eragindako erreserben beherakada dela eta.
Pandemia aurretik, aire konpainiek antolatuta zeuzkaten aireratzeko edo lurreratzeko ordutegien %80 bete behar zituzten gutxienez, etorkizunean hegaldiak antolatzeko eskubidea ez. galtzeko. Pandemia iritsi zenean, ordea, %50era murriztu zuen gutxieneko muga hori Europako Batzordeak. Martxoaren 28an hasiko den udako denboraldirako, ordea, ratio hori %64ra igo du Bruselak, baina, Lufthansaren ustez, gehiago murriztu beharko litzateke: «Hartara, hegazkinek ez lukete hutsik bidaiatuko, ez eta kutsadura handirik eragingo ere». Azken finean, «alferrik» aireratzea dela dio.
Lufthansaren ustez, hegaldi huts horien eraginez klima eta ingurumena irteten dira galtzaile, eta horrek kezkatzen du: «Beharrezkoak ez diren hegaldiak egin beharko ditugu ordutegi eskubideak ez galtzeko. Oso bidaiari gutxiko hegaldiak dira, eta beteta doazenek adina berotegi gas isurtzen dute».
Greenpeaceren datuen arabera, ez dabil oker Lufthansa. Izan ere,Alemaniako konpainia horrek onartutako hegaldi fantasmak soilik aintzat hartuta, 360.000 tona berotegi gas inguru isuri ditzaketela diote datuek. Eta, Greenpeaceren hitzetan, «urteko 240.000 diesel edo gasolina ibilgailuren isurketak adina da hori». Bruselak bat egiten du baieztapen horrekin —«hegaldi hutsak txarrak dira; txarrak dira ekonomiarentzat eta txarrak ingurumenarentzat»—, baina oraingoz ez du aldatu slot-en araudia.
Ryanairrekin lehian
Ryanair konpainiak, ordea, Lufthansaren kexei entzungor egiteko eskatu dio Europako Batzordeari. Are gehiago, Ryanairrek azaldu du «konponbide erraza» duela hegaldi hutsen auziak:Lufthansak hegaldien prezioak jaitsi beharko lituzke, hegazkinak hutsik joan ez daitezen. «Lufthansak ez badu hegaldi fantasmarik egin nahi, eserleku horiek merkeago eskaini beharko lituzke».
Ryanairren ustez, ingurumena «aitzakiatzat» hartzen du Alemaniako konpainiak. Dioenez, kexa horiek egin ditu bere ordutegien eskubideak galtzeko beldurragatik, eta baita kostu txikiko konpainien lehiaren beldurragatik ere.
EBko Garraio komisarioak azaldu du batzordeak hasieratik onartu dituela bidaiaririk gabeko hegaldiak saihesteko neurriak, eta, baieztatu du hartutako neurriek behar besteko malgutasuna ematen dutela:«Hegazkin konpainiaren bat bidaiaririk gabeko hegaldiak programatzen ari bada, erabaki komertzial batengatik ari da, baina ez araudiak hala ezartzen dielako». Gainera, Bruselak uste du bidaiari gehiago izango dela udan, eta konpondu egingo dela hegaldi fantasmen arazoa.
Hegazkin hutsak airean
Pandemia hasi zenetik, milaka hegazkin hutsik aireratu dira, hala egin ezean konpainiek ordutegi eskubide preziatuak galduko lituzketelako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu