Jon Andoni Goikoetxea. Osasunako eta Athleticeko jokalari ohia

«Osasuna hobeto dagoela dirudi, baina, hilabete barru, batek daki»

Kanporaketa «erakargarria eta orekatua» izango dela uste du Goikoetxeak. Haren iritziz, bi taldeek «antzera» jokatuko dute. Athleticen abiadura azpimarratu du, eta Osasunak jokaldia amaitzeko duen gaitasuna.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Athleticen eta Osasunaren elastikoak jantzi dituzten jokalarietako bat da Jon Andoni Goikoetxea (Iruñea, 1965). Realarekin eta Bartzelonarekin ere jokatu zuen, gainera. «Bi final izango dira. Lehen neurketa irabazten duenak urrats handia egingo du». Egun, jokalari gazteen ikuskatzaile gisa ari da Euskal Herrian, Bartzelonarentzat. Espainiako telebistak partidari buruz egingo duen kontaketan parte hartuko du.

Ikusi gehiago:Finala balitz bezala

Osasuna eta Athletic, zure talde izandako bi, elkarren aurka ariko dira kopako finalerdietan. Kanporaketa erakargarria eta berezia da, ezta?

Bai, noski. Kanporaketa erakargarria eta orekatua izango da. Ilusio handia dago Bilbon eta Iruñean. Finalerdietan dago nire talde izandako beste bat ere, Bartzelona.

Kanporaketa honek ilusio handiagoa sortzen du Iruñean Bilbon baino?

Izan daiteke. Azken finean, urte askoren ostean beste final batera ailegatzeko aukera dauka Osasunak. Bestalde, Athletic, ginga jarri ez dion arren, azken urteetan askotan ailegatu da azken kanporaketetara.

Azken emaitzak ikusita eta kontuan hartuta zer jokalari gera daitezkeen jokatu gabe, Osasuna hobeto ailegatuko da joaneko partidara?

Nico Williams, Yeray eta Raul Garcia ez aritzeak nabarmen eragingo dio Athletici. Alde horretatik, Osasunak abantaila izan dezake, baina Athleticek talde ona dauka. Oso goian estutu eta intentsitate handiarekin jokatzen du Athleticek; gainera, talde ausarta da, eta, ligako azkeneko partida kenduta, denboraldi ona egin du orain arte. Ernestoren [Valverde] taldea asko gustatu zait.

Ligan puntu bakarraren aldea dago bi taldeen artean, eta San Mamesen jokatutako neurketa hutsean amaitu zen.

Bai, eta neurketa hura ez zen duela hainbeste jokatu. Athletici gola sartzea baino ez zitzaion falta izan neurketa irabazteko. Osasuna sendo aritu zen defentsan, eta gola sartzeko azken aukera izan arren, Athletic hobeto aritu zen. Antzeko partida izan daiteke itzulerakoa.

Berdinketa izanez gero kanpoan egindako golek bi aldiz gehiago balio ez izateak partida lasaiago jokatzeko aukera eman diezaioke Osasunari?

Bai. Kanporaketa orekatua izango dela uste dut, eta, beraz, lehen neurketa irabazten duenak urrats handia egingo luke. Bi final izango dira.

Itzulerako neurketa hilabete barru izango da. Gauzak asko alda daitezke ordurako?

Egia da hori. Badirudi Osasuna hobeto iritsi dela, baina, hilabete barru, batek daki. Partida ahalik eta hobekien prestatzeko, entrenatzaileak aukeratu ahal izatea da garrantzitsuena.

Athleticek bere jokatzeko erari eusten dio; Osasunak, tarteka, joko landuagoa ere egin du sasoi honetan. Zer-nolako partida espero duzu?

Antzera jokatu dezaketela uste dut, intentsitate handiarekin jokatzen dutelako, eta presioa oso goian egiten dutelako. Bakoitzak bere erara, baina nagusitzea izango dute xedea. Osasunak asko harritu nau aurten: Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka etxean galdu arren, parez pare aritu ziren, eta jokoaren ekimena talde gorritxoak eraman zuen askotan. Ondo jokatzen du Osasunak, eta talde lehiakorra da.

Zein da talde bakoitzaren bertute nagusia?

Athleticena, abiadura. Azkarrak eta buruz burukoan trebeak diren jokalariak dauzka azken metroetan. Osasunari dagokionez, jokaldiak amaitzeko gaitasuna eta area ingurura jokalari askorekin iristeko duen trebezia nabarmenduko nuke.

Zu hegaleko jokalari trebea izan zinen. Nico Williams eta Ez Abde dira euren kabuz neurketak erabakitzeko gaitasunik handiena duten bi jokalariak?

Mota horretako jokalari gutxi geratzen dira. Ez Abdek egun ona badauka, oso arriskutsua da, taktikoki gabezia batzuk baditu ere. Edonola ere, Osasunak horrelako jokalari bat behar du. Nico Williamsek, bestalde, oso denboraldi onak egin zituen harrobian, eta gai izan da lehenengo taldean maila hori bera emateko. Zirrara sortzen du.

Jokalari gisa, Ernesto Valverderekin ibili zinen Athleticen. Zer moduzkoa iruditzen zaizu haren lana?

Aldaketa batzuk egin ditu. Esaterako, askok zalantzak genituen arren, Oihan Sancet euskarritik gertuago kokatu du. Entrenatzaile lasaia da, eta konfiantza transmititzen die jokalariei. Gustuko dut entrenatzaile gisa, eta, egon den taldeetan, jokalariek ongi erantzun dute. Asko pozten naiz harengatik.

Eta zer hausnarketa egiten duzu Jagoba Arrasateren lanaz?

Taldea urtez urte hobetzen ari da harekin. Asko pozten naiz talde teknikoagatik, eta uste dut kirol zuzendaritza ere lan ona egiten ari dela. Klubak hartu duen erabakirik onena talde tekniko hau izatea da. Arrasateri erreparatuta, aldaera asko erabiltzeko gaitasuna duela esango nuke.

2017an uko egin zenion Osasunako kirol zuzendaritzan jarraitzeari, eta, 2020tik, Bartzelonako ikuskatzaile lanetan ari zara. Oso bizimodu ezberdina da?

Bai. Osasunan urte asko egin nituen, eta postu askotan aritu nintzen. Brauliok jarraitzeko esan zidan arren, harreman estua nuenetako batzuek kluba utzi zutenez, ez jarraitzea erabaki nuen.

Gustatuko litzaizuke klub baten egiturara itzultzea?

Eroso nago daukadan lanarekin, baina ez dut ezer baztertzen. Harrobian urte asko egin ditut, eta gutxi asko, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gazteak kontrolpean dauzkat. Formakuntza lana asko gustatzen zait.

Dream Team-eko jokalari izan zinenez, nola prestatuko luke Johan Cruyffek horrelako kanporaketa bat?

Ez zen askorik nahastuko. Lasaitasuna transmitituko liguke, eta futbolean jokatzeko eta jokaldiak amaitzeko eskatu. Pozgarria da hark ekarri zuen estilo hura oraindik ere talde askotan ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.