Albistea entzun

Finala balitz bezala

Osasunak eta Athleticek Kopako finalerdietako lehen partida jokatuko dute gaur, Sadarren. Osasuna hauspotuta iritsiko da; Athletic, zalantzati
Iker Muniain baloiarekin, ezker-eskuin Aimar Oroz eta Jon Moncayola dituela, San Mamesen.
Iker Muniain baloiarekin, ezker-eskuin Aimar Oroz eta Jon Moncayola dituela, San Mamesen. ARITZ LOYOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko martxoak 1

Bi urratsera baino ez dute Espainiako Kopako finala Osasunak eta Athleticek, eta aurrenekoa gaur egin nahi dute, Sadarren jokatuko den neurketan. Partida historikoa da gorritxoentzat, aurrez soilik bost aldiz jokatu baitituzte Kopako finalerdiak. Athleticentzat, ordea, ez da gauza berria: azken hiru aldietan iritsi dira finalaren atarira, eta hirutik bitan gainditu dute kanporaketa. Zuri-gorriek behingoz atera nahi dute 2009az geroztik galdutako bost finalen arantza. Lehenik, ordea, konfiantzaz beteriko aurkari baten kontra aritu beharko dute. Izan ere, Sevillaren aurkako garaipenak hauspotuta iritsiko dira gorritxoak gaurko partidara. Athletic, berriz, zalantzati dago.

Ikusi gehiago: Jon Andoni Goikoetxea: «Osasuna hobeto dagoela dirudi, baina, hilabete barru, batek daki»

Osasuna eta Athletic hiru bider izan dira aurrez aurre Espainiako Kopan, eta bizkaitarrak izan dira nagusi beti. Baina denboraldi honetan Kopan egindako ibiliari begiratzen diote bakarrik, baita harrotasunez begiratu ere: Fuentes eta Arnedori aise gailendu zitzaizkien, eta, Nastici kostata irabazi ostean, garaipen epikoak lortu zituzten Betis eta Sevillaren kontra.

Mende bateko historian, gorritxoek behin bakarrik gainditu dute finalerdien langa 2005ean izan zen. Bada, sinetsita daude Jagoba Arrasateren lemapean berriz ere finalera irits daitezkeela, eta teknikari gorritxoak ere badu fedea. « Aldarte onean gaude, eta osagai guztiak ditugu neurketa on bat egiteko».

Athletic ohituago dago halako lehiak jokatzen. Alta, Osasunak ere badu abantailarik. «Ilusio berezia dugu. Hori baliatzen saiatuko gara, alor mentala oso garrantzitsua izango da eta». Giroa gori-gori izango da Sadarreko harmailetan. Arrasatek jokalari guztiak ditu eskuragarri, Ruben Peña izan ezik, min hartuta baitago.

Gogorik ez zaio falta Athletici gaur ahalegin betean aritzeko, baina konfiantzaz ez dago boladarik onenean. Taldea itxura hauskorra erakusten ari da, eta, urtea hasi zenetik, bi garaipen bakarrik lortu ditu. Kopan, ordea, aparteko arazorik gabe gainditu ditu aurkariak. Gainera, alde du datu garrantzitsu bat: azken sei finalaurrekoetan, behin baino ez du galdu joaneko partida.

Zuri-gorriak ez daude egoera fisikorik onenean. Raul Garciak, Yerayk, Unai Simonek eta Jon Morcillok minez bukatu zuten Gironaren kontrako lehia, eta lehenagotik erizaindegian ziren Nico Williams, Ander Herrera eta Iñigo Martinez. Denak ez daude baztertuta gaurko lehiarako.

Mentalki ere arrastoa utzi zion azken neurketak Athletici. «Porroten saminak egun bat irauten du. Kopa beste txapelketa bat da, finalera iristeko aukera dugu, eta indar betean aritu behar dugu», esan zuen Valverdek.

Valverdek «gustuko» du Osasunaren jokoa. «Hasi eta buka erdiratzen du baloia, eta gainera, irizpidez mugitzen du. Gainditzen oso zaila da». Iraganean egindakoarekin ez du aski izango Athleticek. «Estatistikak berridatzi egin behar dira. Guk finalaurreko gehiago jokatu izanak ez du ezer esan nahi».

ETBn ikusgai, zuzenean

Atzo jakinarazi zuen EITBk finalerdietako bi partidak eta maiatzaren 6an Sevillan jokatuko den finala zuzenean emango dituela ETB1en, RTVErekin akordio bat egin ostean. Gaurko partidaren kontakizuna Jon Balenziagak egingo du, Naxari Altunak, Txema Añibarrok eta Mikel Arruabarrenak lagunduta. Partidaren ostean analisia egingo du Ana Ramosek, Janire Fraguaren, Gorka Iraizozen eta Miguel Angel Lotinaren laguntzarekin.

OSASUNA-ATHLETIC
Osasuna. Herrera; Moncayola, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Lucas Torro, Moi Gomez, Aimar Oroz; Chimy Avila, Ez Abde eta Budimir. .
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Berenguer, Sancet, Muniain eta Iñaki Williams..
Epailea. Gil Manzano
Lekua. Sadar futbol zelaia.
Ordua.
21:00 (ETB1).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOK U

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Ainara Arratibel Gascon

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
<b>Gorka Nieto iragan asteartean, Sportingen aurkako neurketan, jaurtiketa bat egiten.</b> ©JON URBE / FOKU

Lisboan biribildu behar

Beñat Mujika Telleria

Artalekun irabazi ostean, Bidasoa kanporaketa biribiltzen ahaleginduko da gaur, Lisboan. Hiru golen aldea daukate irundarrek
Laskun herria, eta atzean, zirkua osatzen duten gailurretako batzuk. ©JUAN MARI ANSA

Laskungo mendietan murgilean

Ramon Olasagasti

Juan Mari Ansak Pirinioetako zirku eder hari buruzko liburu bat ondu du, hamabi urteko lan handiaren ondotik. Auñamendi, Bilhara, Hiru Erregeen Mahaia, Dec de Lhurs eta beste zenbait gailur ezagutzeko 24 ibilbide bildu ditu, baita ingurunearen giza alderdia ezagutzeko kondairak eta istorioak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.