Balkanetako gerrak. Elkarrizketa. Stasa Zajovic. Beltzezko Emakumeak elkartearen sortzailea

«Haga oso garrantzitsua izan da, baina ezin du ase biktimen justizia beharra»

Mladici ezarritako zigorrarekin pozik badago ere, erantzule askoren inpunitatea salatu du Zajovicek: «Serbiako Gobernua genozidioaren luzapena da; Milosevicen konplizeak dira ordezkari politikoak».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Stasa Zajovicek (Montenegro, 1953) bizitza osoa darama Balkanetako sarraskietako biktimen eskubideen aldeko borrokan, baita erantzuleen inpunitatea salatzen ere. Zena i Drustvo (Emakumea eta Gizartea) elkarteko kidea izan zen, 1991n Belgradoko Beltzezko Emakumeak egitasmo feminista sortu arte. Bartzelonan eman duen hitzaldiaren harira solastatu da BERRIArekin.

Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diote Ratko Mladici. Pozik?

Erabakia pozez hartu dugu, noski. Bizi guztiko espetxeratzea da; beste edozein erabaki hartu izan balute, sekulako hanka sartzea zatekeen. Biktimen kontrako beste umiliazio bat izango zen. Pozik gaude, izan ere, egungo ordezkari politikoekin ez dugu itxaropenik; gerra hartan aktibo izan ziren, eta ez dute erantzukizun politikorik hartu.

Hagako auzitegiari esker, 161 lagun auzipetu dituzte. Hala ere, bide luzea dago oraindik justizia egiteko, ezta?

Zalantzarik gabe. Haga oso garrantzitsua izan da, baina, ezin du ase biktimen justizia beharra eta irrika. Justiziaren forma alternatiboak sortzeko beharra dago. Guk ezagutu ditugun biktimetako gehienek justizia leheneratzailea nahiago dute, penala baino, eta argi dute estatuak eta erakundeak epaitu behar direla. Horregatik, gure gerra auzitegiaren aurrean oroitarazi dugu gerra propaganda egin duten ordezkariak direla genozidioaren erantzuleak. Eskubide penaletik haratago joan beharra dago.

Bosniako gerrari 1995ean jarri zitzaion amaiera. Daytongo hitzarmenaren bitartez, ustezko adiskidetzea sinatu zen, baina errealitatea argi-itzalez josita dago.

Gerrako eta nazioarteko eliteek adostu zuten akordio hori. Bake itunek ez dute sekula aintzat hartu gizarte mugimenduaren eta emakumeon ekarpena. Hori larria da, eta egiaztatzen du bake itunak ere, nazioarteko justizia gehiena bezala, militarizatuta dagoela. Itunak gerra armatuaren amaiera irudikatu zuen bakarrik. Garrantzitsua izan zen, baina ez zen, inolaz ere, adiskidetzerik egon. Adiskidetasuna komunitateekin landu beharra dago.

Zeintzuk dira, gaur egun, Serbiak jazarritako zapalketaren ondorioak?

Ugariak. Arazoa da Serbiako Estatuak ez dituela gerrara bidali zituen gizonen kopuruari dagozkion daturik. Beraz, inongo erantzukizunik gabe itzuli ziren. Guk dakigunera arte, emakumeen kontrako indarkeriaren erantzuleen heren bat baino gehiago gerra beteranoak dira. Eta emakume horiek trauma ondoko sindrome dute, zalantzarik gabe.

Diozunez, erantzuleek aktibo jarraitzen dute erakundeetan.

Gerraren ondorioak nonahikoak dira kultura chauvinistan, ultra-nazionalistan eta militaristan. Eta larriena da testuinguru honetan inpunitatearen klima zabalduta dagoela. Izan ere, ezin dugu ahaztu gerrara joan eta sarraskia sustatu duten gizonak, arbuiatuak izan ordez, aberriaren heroitzat hartzen direla. Hori agerian dago, bai gizartean eta bai erakundeetan.

Eta Serbiako Gobernua nola ari da jokatzen?

Gobernua genozidioaren luzapena da. Ordezkari politikoak Slobodan Milosevicen konplizeak dira, eta boterera iritsi badira da ez delako justizia trantsizionalik egin. Europako Batasunak argi utzi zuen inpunitateari amaiera jarri behar zitzaiola, baina hori ez da egin. Gure mugimenduaren arazoa ez da feministak garela [barrez], gure arazoa da inpunitatearen kontrako borrokan murgilduta gaudela.

Inpunitateaz haratago ere doa zuen aldarrikapena. Serbiako presidente Aleksandar Vucicen adierazpenak salatu dituzue, armen industria adar ekonomikorik arrakastatsuena dela esan ostean.

Zoritxarrez, gisa horretako hamaika aldarrikapen entzun ditugu. NATOren bonbardaketan biktima asko dago Serbian eta Kosovon luku bonbengatik. Gobernuak biktimak erabiltzen ditu datuak manipulatzeko, eta ez du arma horien kontrako hitzarmenik sinatzen. Iturri desberdinen arabera egiaztatu da Balkanetako herrialde guztiak ari direla armak esportatzen Saudi Arabiara. Ezin da ahaztu Ekialde Hurbileko biktimen erantzuleak ez direla diktadurak bakarrik, baizik eta armen industria eta politika neokoloniala ere.

Gizarte mugimenduen internazionalismoa da zuen bertze aldarrikapena.

90eko hamarkadako unerik gogorrenak ez genituzke gaindituko ez balitz internazionalismoari esker. Bide horretan, gainera, gustatuko litzaidake azpimarratzea sostengu ikaragarria izan dela guretzat Carlos Martin Beristain. Emakumeon Auzitegia sortzeko pieza erabakigarria izan da. Eta, horretaz gain, gure herriaren mugetatik haratago sortu ziren Beltzezko Emakumeak elkarteen sostengua ere ezinbestekoa izan da, noski. Zoritxarrez, laguntza sareetatik haratago, orain arte inpunitateak irabazi du borroka oro.

Genozidioaren mina sendatu al daiteke erabat?

Ez, mina erabat konpontzea ezinezkoa da. Inork ez ditu genozidioak lapurtutako seme-alabak bueltatuko. Etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa da iragana garbitzea. Esperientzia honen bitartez pertsonalki ikasi dut bestelako guztia erabat faltsua eta zinikoa dela. Gure leloa hori da, ez duguahazten, ezta barkatzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.