Minari zor zaion plazera

Oihana Aranak 'Lazunak azkazaletan' poema liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin. Jakin-minetik eta galderetatik sortutako poemak dira

GORKA RUBIO / @FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Malen Amenabar ilustratzailearen irudi iradokitzaile bat dakar Oihana Aranaren (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) poema liburuaren azalak: neska baten eskua, kristalezko ontzi baten barruko arrainari keinuka. «Malen bertso mundutik ezagutzen dudanez, libururako eskatu nion propio». Arana bera ere ezaguna da bertsolaria den aldetik, Gipuzkoako Eskolarteko txapelduna izan baitzen 2017an eta 2018an. Orain, Lazunak azkazaletan liburua plazaratu du Susa argitaletxearekin. «2019aren bukaeran idazten hasitakoak dira aurreneko poemak, eta 2021eko otsailekoak dira azkenak. Bizpahiru aldiz berrantolatu dut liburua. Kronologikoki atonduta neukan hasieran, baina azken bertsio hau, gutxi-asko, darabiltzadan gaien arabera egituratuta dago». Hitzaurre gisako poema bat dauka sarreran, epilogo moldeko post data bat amaieran, eta bost atal zabal tartean; 54 pieza, denera.

Leire Lopez editoreak Aranaren poema bat errezitatuz abiatu du aurkezpena: «Abilak gara fikzioan/ errealitatea bilatzen/ [...] zer ezkutatzen dudan/ jakin nahi duenak/ jai dauka». Lopezen aburuz, joera dago poesia fikziotik kanpo irakurtzeko, poetaren ni hori zuzenean idazlearekin lotzeko. «Uste izateko poetaren penak, pozak, maitasuna, gorrotoak, bizipenak, sentimenduak irakurtzen ari garela, poesia nitasunaren translazio zuzena dela. Oihana Aranak kontra egiten dio horri liburuko aurreneko poeman: Fikzioaren apologia. Fikzioaren lurraldean sartuko gara, beraz».

Bost ataletako gai nagusiak

Liburuaren atalak azaldu ditu Aranak banan-banan. Lurrikara sinbolikoak da lehenengoa. «Poema kritikoenak daude, hasteko. Kritika sozialerako baliatu dut». Konstelaziogintza da bigarren atala, gau girokoa, ilargiak eta izarrek argitua; eta bakardadearen, finitutasunaren, maitasunaren gaiak darabiltza. «Hirugarren atala Herdoildutako aldamioa da, harreman sozialei buruzkoa. Haustura moduko bat gertatzen da liburuaren zati honetan, eta hemendik aurrera intimoagoak bihurtzen dira poemak».

Indar berezia dauka laugarren atalak, eta soila eta laburra izenburua: Etxeak. «Poemak idazteko, domestikotasuna hartu dut marko orokor gisa». Habitatu egiten diren espazio fisikoez, psikologikoez eta sinbolikoez dihardu. «Bizi dugun garaiari, inguruko pertsonei eta norberaren gorputzari buruz ari naiz, hain zuzen. Etxea: babes eta morrontza, arma eta armadura. Etxea: prekaritatera lotzen gaituen instituzioa, edo pribilegioen jakitun izatera garamatzan eremua, edo oroitzapenen gordailua eta mamuen bizilekua».

Arrainontzi bat buruan da bosgarren atala. Gorputzarekin harreman estua duten poemak datoz. Plazera, beldurra, ezkutatu beharra dira bertako gaiak.

Azkenik, Epitafioa poema solteak ixten du liburua, hitzen eta perpausen grafiarekin jolas eginez. Eta Lopez editoreak alderdi horixe nabarmendu du, liburu osoa bustitzen baitu. «Oihanaren poemek asko dute ironia bidezko jolasetik, eta irakurleari jokoan parte har dezan eskatzen zaio, fikzioaren jolas aurreprogramatuan».

Lazunak azkazaletan izenburu nagusiaz ohar batzuk egin ditu Aranak, lazunak deituriko arrainak poesiaren metafora gisa har ditzan irakurleak. «Lazunak eta poesia, biak ala biak animalia periferikoak dira, iheskorrak, ur uherretan ibiltzen direnak. Jendearen gehiengoak maite ez dituen arren, maite ditugunontzat oso ederrak dira».

Jakin-minetik sortutako poemak dira Aranarenak, dudatik eta galderetatik. «Sekula erantzunik emateko intentziorik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.