KRITIKA. Antzerkia

Hemen dago Zampano

Agus Perez -

2019ko maiatzak 15

'La Strada'

Zuzendaritza: Mario Gas. Moldaketa: Gerard Vazquez. Eszenografia: Juan Sanz. Musika: Orestes Gas. Antzezleak: Alberto Iglesias, Alfonso Lara, Mar Ulldemolins. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 10.

Zampano —azken bokalean kargatu behar dugu azentua— Federico Felliniren La Strada filmeko protagonista dugu. Gizagaixo indartsua bezain singlea da, Italiako bideetatik bere zirku-saio apalekin dabilena, eta laguntzaile darama Gelsomina, bere amari erositako neskatoa. II. Mundu Gerraren ostean gaude, egun batean topo egingo dute beste zirku-artista batekin —Eroa— eta bi gizonen arteko ezinikusiak ekarriko du tragediaren amaiera. Hurrenez hurren, Anthony Qinnek, Giulietta Masinak eta Richard Basehartek jokatu zituzten hiru rol nagusiak, baina Masina geratu zen ikusleen iruditeria kolektiboan, hala bere dohain pertsonalengatik nola Gelsominari eman zizkion tolesgabetasun eta bizi-gogoarengatik.

Mario Gas zuzendari katalanak orain Arriaga antzokira ekarritako bertsioan hiru pertsonaia nagusi haiek besterik ez ditugu ikusi, bigarren mailako rol guztiak erabat ezabatuta, eta haien inguruan ibili diren pailazo misteriotsuek Felliniren I Clowns filmeko arketipoak ekarri dizkigute gogora, urrutitik izan arren. Azken horiek, ordea, zeregin teknikoetan ibili dira gehienbat, eszena edo koadroen arteko trantsizioak gauzatuz, dela garrantzi gutxiko zozokeriak eginez dela eszenografiako lau elementu handiak lekualdatuz.

Hain zuzen ere, nolabaiteko ahalegina egin du ekoizpen honek eszenografiaren alorrean, eta esandako elementuak Zampanoren moto-karroa eta zirku-itxurako hiru egitura metaliko handiak izan dira. Egituretako goiko aldean pantaila bana zegoen, eta haietan proiektatu dira jatorrizko filmeko pasarteak izan litezkeenak, taula gaineko aktoreen aurpegiekin konbinatuta.

Eta hor amaitu da guztia.

Hor amaitu da guztia, Gas zuzendariak babesgabe utzi dituelako antzezleak, eremu eszeniko idor hartan. Izan ere, jatorrizko irudien desolazioa ezin zen eremu eszenikoaren gogortasun horrekin irudikatu, eta pertsonaien barne paisaiek argien iluntasun mortua eta filmeko soinu-bandaren zatirik ezagunena behin eta berriz errepikatzea baino zerbait gehiago eskatzen zuten. Alde horretatik, esan beharra dago Orestes Gas delako batek sinatzen duela soinu-bandaren Konposizioa arloa, inon ere antzeman ez duguna.

Bide horretatik, antzezleen esku geratu da emanaldia, eta bai Ulldemolinsek bai Iglesiasek txukun defendatu dituzte Gelsomina eta Eroaren rolak, baina Lararen kasuan behintzat, argi dago gorpuzkera gihartsua edukitzeagatik aukeratu zutela Zampanoren pertsonaia irudikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna