Albistea entzun

Bekatarien boteretzea

Dom Campistronek 'Bekatorosak' liburu grafikoa ondu du, Aldude inguruko lesbiana, gay eta bisexualen zazpi testigantzatan oinarrituta
JON URBE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko apirilak 14

Egun aldarri duena arrotz zitzaion lehen. «Bekatorosa naiz; hala sortu nintzen», dio errime orain Dom Campistronek. Alduden jaio zen (Nafarroa Beherea), duela 26 urte. 16 urte zituen lehen aldiz neska batez maitemindu zenean, eta oroitzen du orduan inguruan zuen mundua lesbiana hitza existitu ere egiten ez zen mundu bat zela. «Gu handitu gara herri batean biziki girisitinoa zena. Ni gaztetan igande guziz joaten nintzen elizara, eta apezaren ondoan egoten nintzen. Gure herri ttipietan biziki normala izan da hori. Eta elizan ez da lekurik homosexualitatearendako, eta emazte gisa ere ez da lekurik, edo leku arrunt txarra, ene ustez. Hala da oraindik, aise guttiago, baina gure kulturaren parte bat da». Hala heldu zen, bada, neska-laguna eta bera etxean sartu ziren batean senide batek esandakoa: «A, zuek bekatorosak!». Eta hitzak gordetzen zuen hori agerian utzi du Campistronek orain, nolabaiteko boteretze keinu batez, bere lehen argitalpenaren izenbururaino: Bekatorosak.

Lesbianak, gayak, bisexualak: horiek bekatorosak nor diren marrazkilariaren lanean. Aldude inguruko herrixketan bilatu ditu, zazpi denera, eta euren testigantzetan oinarritu du liburua. Askotarikoak dira adinez, baina denek isilpean eramandako bizipenak dituzte kontatzeko. Horiek argitara ekartzeko eta irakurlea bizipen horietara hurbilarazteko asmoa du, hain zuzen, lanak, haien borroka eta amodio istorioak aitortu eta homofobiaren aurka eragiteko nahiarekin batera. «Jende anitz bezala, bakartasun handiz bizi izan dut nik ene nortasuna, eta liburua ere bada hori ulertzeko gonbit bat», adierazi du egileak.

2019ko udan egin zituen elkarrizketa guztiak, bakoitzaren etxean eginez hitzordua, eta «intimitate» horrek liburua ere ezaugarritu duela aipatu dute bai berak eta bai Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. Campistron: «Homosexual izateak badakar barneratzea kontzeptu batzuk, umil izatea, isil izatea... Eta alimaleko konfiantza behar da zure istorioa plazaratzeko. Orain, esan didate indarra hartu dutela liburua berrirakurtzean».

Beste hainbat alderdiren artean, lekukotzen kokapenak ere liburua «berezi» egiten duela nabarmendu du Mendizabalek: «Garbi dago ez dela gauza bera Nafarroa Behereko landa eremua, Nafarroako Erribera edo Bilbo ingurua. Testigantza hauek testuinguru konkretu batean daude kokatuta, eta beste balio bat hartzen dute; beste ezagutza bat ematen diote irakurleari». Horregatik, editoreak aipatu du liburuan bildutako esperientziak «harriduraz» jaso zituela, eta Campistronek erantsi harrigarria irudi balezake ere oraindik ez dela normalizatutako auzia heterosexualitatetik kanpoko bizitza hautuena: «Ez, oraino ez gara benetan ondo integratuak sentitzen gure gizartean».

Hitz-irudien hizkuntza

Lehenik Parisen eta gero Glasgown (Eskozia) egin zituen ilustrazio ikasketak Campistronek, eta, liburuaren sarrera testuan kontatu duenez, bere nortasuna askeago bizitzeko inguru bat bezala, orduan topatu zuen kontatu nahi zuena marrazkiaren bidez partekatzeko ahotsa. «Hizkuntza grafiko propio eta berezi bat», Mendizabalen hitzetan. Nahasian josi ditu hitzak eta irudiak liburuan —eskuz idatzita dator testua—, eta editoreak goratu du testigantzen bat-batekotasuna eta «ahozkotasunaren freskura» gordetzen duela. Egileak gehitu du irakurtzeko ohiturarik ez duenarentzat ere «irakurterraza» izango zen lan bat nahi zuela, eta marrazkiak «begia harrapatzeko» duen ahala azpimarratu du. «Nolako liburuak sortzen ditugun, nolako argazkiak, nolako artea... arma bat izan daitezke homofobiaren eta beste hainbat gauzen kontra borrokatzeko».

Hizkuntza grafikoarekin bezainbat, euskararekin egindako lanketak ere liburuari balio erantsi bat eman diola aipatu dute editoreak eta idazleak. Campistronen kasuan, adierazi du euskara batuan aurrez idazten aritu gabea zela eta zuzenketen joan-etorriak «idazten ikasteko» balio izan diola. Eta Mendizabalek, berriz, behe nafarreraren eta estandarraren arteko uztarketa azpimarratu du: «Denok aberastu dugu hiztegia; hala izan dadila irakurlearentzat ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...