begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Canneserako bidean, Maisuari kantari

2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Asteartean estreinatuko da Cannesen Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdasfilm laburra. Non eta Espace Miramarren, La Croisette pasealeku mitikoarekin izkina egiten duen Pasteur kaleko La Semaine de la Critique ekimen ezinbestekoaren egoitzan.

La Semaine de la Critique... Bertan egin ziren ezagunak, bertatik agertu ziren planeta honetako plazetan Guillermo del Toro, Jacques Audiard,Bertrand Bonello, Lucia Puenzo, Leos Carax, Julia Ducournau!

Asteartean. 19.30ean. Zinema zertan den erakutsiko digun La Semaine de la Critique sailaren babespean.

Hurrengo egunean, Estibaliz eta film laburraren ekoizle bi biltzekoak dira Espainiako Kultura Ministerioko goi mailako ordezkariekin. Eta Frantziakoa Kultura ministroarekin bazkaltzekoak.Ordurako, Cannesko Zinemaldiak (beste guztiek bezala) hautatu dituen pelikulen gaineko bahitura kenduko du, eta libre egingo dugu berba Cuerdas-en inguruan. Bitartean, ez ahaztu plataformetan daudela Bizkaian jaio eta Kuban zinema muntaketa zer den ikasi zuen Estibalizen beste bi film labur: hain garratz eta ondo filmatua den Polvo somos, eta horren haragizkoa den Adri erretratu intimo-intimoa.

Zinema txirrista batean ibili gara egunotan. Jacinto eta Midnight suertatu ziren Bilboko FANT festibalaren irabazle. Galiziako terrore guztien jakitun, jabe eta zerbitzari leiala den Javi Caminoren filmak jasoak ditu sariak ere Austin eta Sitgeseko akelarreetan. Azaleko begirada ganoragabe batez, Texas Chain Saw Massacre gurea omentzen duela ematen du, baina barruraino sartuz gero, haratago, oso haratago, doala baieztatuko duzue. Baieztatuko ere Galizian egin ohi den beldurrezko zinemak bizirik irauten duela. Bizirik baina... heriotzarekin beti dantzan, ironiaz eta maleziaz dantzaturiko kontrapasean. Ikusgai duzue Jacinto, nahi (eta pagatu) izanez gero, zuen egongela barruko pantailan, aspaldi igo baitzuten plataformetara.

Manchesterreko eta Montrealgo zinema bilkuretan sari pare bat lortu ondoren, bestelako kontua bidali zuen Bilbora Hego Koreako Kwon Oh-Seung zinegileak; Midnight-ek mutur-muturreraino darama serial killer baten jendea hiltzeko pasioa, zirrara, delizia. Ez du amore ematen. Gogoz eta gogor saiatzen da bere desira betetzen, asetzen. Gustukoa du biktimekin mintzatzea, jolastea. Katua saguarekin nola. Haiek baino azkarragoa, bizkorragoa, listoagoa dela uste du, zinez eta benetan. Baina gidoiak irakatsiko dio oker dagoela. Itzalen artean, inork ez zapalduriko kale estuetan aurkitu du (diote) bere neurriko zapata (labana), bilatuko diote bere moduko lagun-biktima. Eta guk txalo joko dugu.

FANT hain usukoa ez den era batez iritsi zen bere akaberara: ehun urte bete berri duen pelikula bat aukeratu zuten antolatzaileek klausurarako, Murnauren Nosferatu!

Literatura, musika, zinema klasiko orok badute marka berezia: erronka eta oztopo guztien gainetik daude. Ezerk ez die itzala egiten. Inork ezingo ditu hondatu, txikitu, usteldu. Ez denborak, ez modak, ez... auskalo noren atrebimenduak. Horrexegatik dira klasikoak. Garaietara egokitzen direlako. Edo alderantziz, aro orok klasikoetara egokitzen dituzte beren desirak, beren beldurrak, beren amets txakurrak, beren ezin aitortuzko gustu ederrenak.

Hikikomori beren laburragatikmerezia izan zuten saria jaso ostean, Borja Crespo eta Susana Miravalles DJ gisa aritu ziren FANT-eko amaieran. Hamaika lagunek jardun dute ehun urte hauetan zehar Nosferatu-ri soinu banda jartzen. Susana eta Borja ez dira lehenak, eta ez dira azkenak ere izango, baina Gran Viako aretoan denon Maisuarentzako alabantzan sortu zuten playlist-ak aipu bat merezi du Cuerdas-en inguruan libre eta aise idazteko esperoan gaudela. Hona hemen bere esklaboek Izuen eta Izurritearen Jaunari eskaini zizkioten soinuen laburpen bat. Eta ez ahaztu Murnauk metronomo batez filmatu zuela gure bihotzeko klasikoa, irudiek behar eta merezi zuten musika-erritmo gauekoa gorde nahi izan zuelako.

Arima beltz eta tristatua eta bere gorpua odolez elikatzen dituen hura gazteluan eta barkuan zela, The Witch, Escape from New York, A Clockwork Orange, The Lighthouse bezalako filmen soinu banden mixak eta remixak entzun genituen.

Bere burua sakrifizioan eskainiko zuen emakumearen gelan eguzkia sartzear zela, Borjak eta Susanak sanpleatu zizkiguten ez bakarrik The Cure, Black Sabbath, John Carpenter eta Smashing Pumpkinsen atrebentzia ilunabarrekoak, baita Lisaborenak ere. Eta baita... Bizkaian 2006an sorturiko Los Carniceros del Norte taldearenak. Nortzuk? Iparraldeko Harakinak, bai. Enziklopedien aburuz, synth-punk eta afterpunkeko kreaturak ditugu. Gothic rock-aren zale/gile porrokatuak. Badute beren ulu guztiak jasotzen dituen disko bilduma bat, bertan, izuz, nazkaz, orroez hiper-mega- artxi-aseturiko kantak direla entzungai.

Harakin gotiko horiek ez dute duda izpirik izan, eta abesti batean zera esan digute: Nosferatu vive en Barakaldo (Nosferatu Barakaldon bizi da). Eta Estibaliz Urresola Solaguren, egun batzuez, Cannesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.