Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Bisturiari begira gelditu zen zirujaua

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'El amor menos pensado'

Zuzendaria: Juan Vera. Aktoreak: Ricardo Darin, Mercedes Moran, Claudia Fontan, Luis Rubio, Andrea Pietra. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 116 minutu.

Spoiler moduko batekin hasiko dugu aurtengoa. Ez da batere fin ibili pelikula honi izenburua jarri diona; zerbaiten falta badu, suspensea da. Hortaz, «gutxien pentsatzen» ahal den hori garden agertuko zaigu lehenengo minututik, eta gainerako guztia abiapuntura itzultzeko sigi-sagaka egindako bidaia zirkular bat izanen da.

Juan Veraren film honi ezin zaio leporatu inor engainatzeko asmorik duenik. Joko arauak argiak dira; horrenbestez, bide ezagunetatik —ezagunenetik, beharbada— mugituko da. Urteak dira beste zuzendari argentinar bat Daniel Burman, saiatzen ari dela Woody Allenen unibertsoa Argentinako errealitatera egokitzen. Orain, ematen du Verak antzeko bide bati segitu nahi izan diola, estatubatuarraren pelikula askotako amodio eta desamodio existentzialak Borges eta Peronen aipamenekin zipriztinduz.

Formula horretan, Vera eroso mugituko da. Filma esketx laburren moduan planteatuta dago, eta, egitura horren ondorioz, alderdi komikoa nagusituko da ia nahitaez.

Hautu horrekin, filmak aukera ederra galduko du, hasierako minutuetan tentsioa eta ezinegona sortuko baitizkio ikusleari —edo behintzat adin batera iritsiak garen askori—, maitasunaren eta harremanen iraungitzearen gai tabua modu zuzen eta deseroso batean planteatuta. Baina, hortik aurrera, gaiak presente segituko badu ere, filmak azaletik tratatzea lehenetsiko du.

Komediaren aldera gehiegi desorekatua dago, eta bi aktore nagusien interpretazioak eta gizarte garaikideari hainbatetan luzatuko dion begirada zorrotzak -etengabeko nobedadeen beharra, sare sozialen erabilera, gizon eta emakumeen zenbait jokabide...— emanen diote distira zertxobait lan jatorregi eta zibilizatuegi honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.