Iñigo Astiz. Idazlea eta kazetaria

«Zoriona ospatzen saiatzen naiz ahaztu gabe zeri lotuta dagoen»

Eguneroko bizitza eta makroekonomia gurutzatzen diren eremutik poza erreskatatzen saiatu da Iñigo Astiz idazlea argitaratu berri duen 'Analfabetoa' bigarren poesia liburuan.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko ekainak 18
Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak (Iruñea, 1985) dio begirada miopea duela; errealitateak zer ezkutatzen duen aztertzeko aurrez duena desenfokatzen saiatzen dela, atzean zer dagoen asmatzeko. Dena ezin igarri, baina. Ulertezin zaizkion gauzetan jarri du arreta Analfabetoa (Susa) bigarren poema liburuan. «Onarpen bat dago ulertzen ez den edertasunarena, baina badago jakingura edertasunak nola funtzionatzen duen ulertzeko». 41 olerki bildu ditu orotara, eta iraganetik etorkizunerako bide bat egin du liburuan: historiaurreko gizaki baten ahotik idatzi du lehen alea, eta XXI. mendera egin du jauzi hemezortzi orri dituen azken poeman. Orainetik etorkizunekoentzat idatzita daude biak. «Etorri. Hau da bizitzea hemen»: lehen olerkiaren bukaeran, gonbita.

Zazpi urte joan dira Baita hondakinak ere (Susa) poesia liburua argitaratu zenuenetik. Ordutik honakoak jaso dituzu?

Inoiz ez naiz idazten ari, baina, era berean, inoiz ez nago idazteari utzita. Sarritan aipatu dut ez dudala libururik idazten, poemak baizik. Ideiak etorri ahala noa aleak sortzen eta pilatzen. Denbora luzea pasatu dut pentsatuz ez nuela poema gehiegi, eta beren artean ere ez zegoela lotura handiegirik. Pixkanaka joan naiz sinetsiz hor liburu bat zegoela.

Historiaurreko mapa batekin hasten da liburua, eta XXI. mendekoarekin bukatzen.

Gerora ohartu naiz gogo eta gose beretik sortutakoak zirela bi olerkiak, eta antzeko ariketa proposatzen zutela: orainalditik idaztea etorkizuneko jendearentzako. Poemak aleka sortzen ditudan arren, lauzpabost ideia izaten ditut buruan bueltaka, elkarren aurka. Lekuaren garrantziari, kasurako, askotan heldu diot, irudipena dudalako bizkarra ematen ari gintzaizkiola gaiari. Gaur egun badirudi nonahikoak garela eta berdin duela Erandion [Bizkaia] edo Helsinkin bizi, denok gaudelako interkonektatuta; lekuarekiko atxikimendua erabat zorizkoa dela. Kezka hori banuen. Eguneroko bizitza eta makroekonomia gurutzatzen diren puntu hori ere landu dut: nola gertakari txiki baten atzean kapitalaren mekanika guztia dagoen. Ideia horiek etengabe izan ditut buruan kolpeka, eta hortik sortu ditut poemak. Zoru bera zutela ikusita konturatu naiz hor bazegoela liburua.

Egunerokoetatik abiatzen zara: EDP izeneko olerkian, kasurako, poz momentu bat deskribatzen duzu, langile baten egoera prekarioa duena atzean.

Eguneroko gauzei begirada lurtarrez begiratzen saiatzen naiz. Konturatzeko etxean dugun mikrotxip bat apurtu eta ur berorik gabe igarotzen dugun salbuespeneko une zoriontsu baten atzean langile bat dagoela, kate batean lanean, mikrotxipak sortzen, kontraturik edo hitzarmen kolektiborik gabe. Saiatzen naiz errealitate horri bizkarra ez ematen, eta argi izaten batzuen zoriona interkonektatuta dagoela beste batzuen egoera prekarioarekin. Zorion hori ospatzen saiatzen naiz, ahaztu gabe zeri lotuta dagoen poz hori.

Autobiografikoa da?

Niri gertatzen zaidanetik idazten dut; ikusten dudan horretatik. Baina saiatzen naiz gertatzen zaizkidan gauzak daukaten mintz konpartigarriraino eramaten. Indibiduo izateko aukera kolektiboan pentsatzen dut idazten dudanean. Beraz, liburuan azaltzen den nire ni-a ni hustu bat da, eta asmoa da hutsune hori eskaintzea jendeari bere burua bertan proiekta dezan. Ez da aitortza liburu bat. Oso autobiografikoa da, nire bizitza agertzen delako, baina saiatzen naiz onanismoan ez erortzen. Albokoari baliagarri zaion zerbait egitea da asmoa, bere indibidualtasuna ere jaurti dezan olerkira.

Hilei ere eskaintzen diezu espazio bera?

Juan Antonio Gonzalez Iglesias poetak dio bizirik gauden bitartean bizirik daudenekin bakarrik hitz egin ahal izateaz libratzeko modua dela poesia; olerkiek aukera ematen dutela elkarrizketak izateko aurrez bizirik egon eta orain hilda dagoen jendearekin. Egiaz uste dut hala dela, eta gure bizitzaren mugez liberatzeko aukera ematen digula. Oso presente dut ez dudala idazten irakur nazaketenentzat soilik, aritzen naiz inoiz bizi izan direnentzat ere.

Pozari idatzi diozula azpimarratu duzu, baina heriotzaren fantasma sarritan azaltzen da.

Aurrez idatzi den beste poesiaren gainean idazten dugu beti. Interlokuzioan zaude hildako jende askorekin, eta oso bizia da elkarrizketa hori. Horregatik, niretzat oso naturala da hildakoak agertzea. Gure etxean ere denok bizi izan ditugu heriotza eta bizitza gertukotik. Normala ere bada, mugakideak baitira biak ala biak. Hedoi Etxartek aipatu zidan heriotzari buruzko liburu bat idatzi nuela, eta harritu ninduen iruzkinak, nik benetan pentsatzen nuelako bizipozari buruzko lan bat zela. Angel Errok gerora aipatu zidan heriotzari buruz idatzi dudala, eta ondorioz albo kalte logikotzat idatzi diodala bizipozari ere. Nik erdibidera bota dut gezia.

Ideia hori darabilzu: 29 hildako dagoela bizidun bakoitzeko.

Mary Jo Bang poetak badu liburu oso bat bere semearen heriotzari buruzkoa. Berak poemak beretzat idazten zituen, eta ez irakurleentzat, koma bat non jarri kezka iturri bihurtzen zitzaion segundoetan ahazten zitzaiolako semearen heriotzaren zama. Liberazio pertsonalerako idazten zuen, eta ez zitzaion burutik pasatu ere egiten inori interesatuko litzaiokeenik. Bada, kontrara, jendea desiotan zegoen irakurtzeko. Berak zioen poema bat espazio soziala dela; beilatoki bat, zeinetan bakoitza bere hildakoekin sartzen den. Nik benetan uste dut hala dela, poemak ekintza soziala direla nahiz eta oso barnetik idatzita egon. Aipatzen ditudan poza eta heriotza ez dira soilik nireak: hirugarren espazio bat sortzen dut, nire materialez egindakoa, irakurlea bere materialarekin sartu dadin horra, bere 29 hildakoekin.

Triptiko forma eman diozu liburuari. Argi zenuen lehen eta azken atalen formen antzekotasuna?

Lehen poema duela 13.660 urte Arraiozko kobazuloan [Ultzama] mapa bat marraztu zuenaren ahotsetik dago idatzita. Berak kontatzen du bere garaiko tresnekin zer den leku hartan bizitzea. Hori da nire fantasia: mapa hori guretzat marraztu zuela, bizitza leku horretan nola izan zitekeen posible adierazi behar bat zuelako. Oso bultzada potentea iruditu zitzaidan ideia hori: norbaitek azaldu nahi izatea orain eta hemen bizitzea zer den. Gauza bera egiten saiatu naiz azken olerkian: orain eta hemen, XXI. mendean, bizitzea zer den azaltzen.

Olerki forma duen orainaldiko kronika bat egiten saiatu zara?

Aktualitatea interesatzen zait aktualitatearen atzean mugitzen diren harietara iritsi nahi dudalako. Benetan motibatzen nauena ez da jakitea gaur zer politikarik esan duen zer, baizik eta sumatzea zer dagoen esan horren atzean. Berdin kulturan ere: zergatik orain bat-batean museo eta zentro kultural guztietako zerbitzuak daude pribatizatuta? Aktualitateari begirada miopearekin begiratzen diot, gaurkoa desenfokatuta ikusi eta atzean zer dagoen asmatzen saiatzeko. Kazetari bezala, hori interesatzen zait, eta poeta gisa ere antzeko ariketa egiten saiatzen naiz: gertatzen dena deskribatzeko ahalegina egiten dut, betiere horren atzean mugitzen dena manifestatzeko gai naizela. Poeta begirada edo kazetariarena, nire kasuan, antzekoak dira. Diferentzia da nola jaurtitzen dudan gero jendearengana.

No ideas but in things Carlos Williams poetaren hitzetara zoaz azken poeman etengabe: ideiarik ez, ez bada gauzetan.

Hilda dagoen arren, elkarrizketa asko izaten ditut nik Carlos Williamsekin [Irriak]. Oso pertinentea iruditu zitzaidan bere ideia hori, argi azaltzen duelako nola pasatu garen industria produkzioaren kapitalismotik kontsumoaren kapitalismora, eta nola gauden orain esperientzien kapitalismoan. Idazten ari nintzela kolpez etorri zitzaidan, ikusi nuelako minimal bihurtzen ari ginela denok, eta inportanteena jada ez zela zer etxetan bizi zaren, baizik eta nora zoazen bidaian.

«[...] nahi ditu mundu guztiak bere egitekoak behingoz utzi eta kreatiboa izan [...]». Adierazi duzu errudun sentitzen zarela zure olerkiengatik. Zergatik?

Ekonomikoki oso ondo ikusita dago sortzaile izatea: balio sozial eta ekonomikoa duen pertsona bat delako gaur egun, nolabait. Nik inguruan nabari dut hori: bizitza bohemioa saltzen zaigu gure eskura balego bezala, eta bada era bat jende mordo bat amildegiratzeko, hamazazpi lagun erori eta bakarrak lortuko duelako hegan egitea. Askotan sentitzen naiz errudun horregatik: uste dudalako badagoela jende klase bat indibidualtasuna izateko eskubidea duguna, eta beste jende klase bat kondenatuta dagoela masa uniforme baten gisan irakurria izatera. Adibide bat jarriko dut: sarritan pentsatu dut denbora behar dudala idazteko, eta etxea garbitu beharrik izango ez banu denbora gehiago izango nukeela horretarako. Eta gaizki sentitzen naiz pentsatzeagatik beste norbaitek sakrifika dezakeela bere indibidualtasuna nirearen mesedetan, bere indibidualtasunak ez duelako nireak duen merkatu balioa. Badakit lana dela, eta zilegia. Baina borroka dut horrekin. Azkenean, Roomba robota erosi dut [Irriak].

Liburuan etengabe ari zara arte plastikoekin ere solasean.

Bizidunekin ere hitz egiten dut, bai [Irriak]. Irudipena dut arte plastikoetan aritzen diren sortzaileak beti izan direla oso kontziente beren diziplinaren egoeraz, eta oro har asko gogoetatzen dutela une bakoitzean pinturak duen pertinentziari buruz. Beraien diziplinaren inguruan gogoeta egiten dute etengabe, diziplinak dituen beharrez, eta behar hori zer formara egokitu pentsatzen dute. Uste dut gainontzeko eremuetan ez dugula horrenbeste hausnartzen. Izan liteke trama bat sortzeak despistatzen gaituela, eta gutxiago pentsatzen dugula une bakoitzean zer-nolako nobela idaztea dagokigun.

Kontzientzia hartzeko ariketa bat da?

Artista plastikoen diskurtsoetan hari mutur asko aurkitzen ditut, nire egitekoan pentsatzeko baliagarriak zaizkidanak: gaur egun poema bat idaztearen erronkaz, adibidez. [Mircea] Cartarescu idazleak dio literaturarekin elkarrizketan dagoen literatura interesatzen zaiola, eta nik sinisten dut esaldi horretan: nobelak idazteari buruzko nobelak dira, akaso, lanik autokontzienteenak. Berdin olerkiekin ere. Horregatik azaltzen dira horrenbeste poeta nire olerkietan.

Zergatik analfabetoa?

Hor dagoen sentipena da: nabaritzea badagoela zerbait gauza guztiak lotzen eta mugitzen dituena, eta jakitea sintaxi hori arrotza zaigula, ez dagokigula guri hura erabiltzea nahiz eta horren menpe bizi garen. Analfabeto sentitzea: sumatzea, baina ez ulertzea guztiz. Euskaldunok hizkuntzarekin dugun harremana ere analfabetismotik hurbil dago. Guk, euskaraz idazten orduak eta egunak igarotzen ditugunok, hiztegietan bilatu behar izaten dugu gaztelerazko hitz bat nola esaten den euskaraz. Hori oso sintomatikoa da. Imajinatzen al dugu El País egunkariko kazetari bat idazten ari ez den hizkuntza bateko hiztegira jotzen hitz baten bila? Pentsaezina da. Hizkuntzan trebatuak gaudenen artean, aldiz, egunerokoa da. Pentsa zer harreman dugun hizkuntzarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna