Foster: «Kontserbazioa da iraunkortasun ariketa gorena»

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Norman Foster arkitektoak. Arduradunek 2023rako nahi dute martxan eraikin berritua

Norman Foster Bilboko Arte Ederren Museoan, bertan egingo duen handitze proiektuaren maketarekin azalpenak ematen. Ondo bidean, aurten amaituko dituzte lanak.LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun

«Hiria izan dugu abiapuntu». Kontrako norabidean itzuli da Bilbora Norman Foster arkitektoa oraingoan (Manchester, Erresuma Batua, 1935). Hiria goitik behera eraldatzea zuen helburu Bilboko metro proiektuak 1980ko hamarkadan, eta iraultza hari geltokiak diseinatzea izan zen haren lana. Orain, berriz, eraikita dagoenaren erabateko errespetuak gidatuta sortu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua. «Iraganeko inbertsioa dira egungo eraikinak», laburbildu du, eta hortik datorkio museoaren eraikin zaharrak ahalik eta gutxien ukitzeko hautua. «Kontserbazioa da iraunkortasun ariketa gorena: ez duzu existitzen den eraikin baten zatirik bota behar horretarako arrazoi sendo-sendorik ez baduzu». Uztailean jakinarazi zuten Fosterren eta Juan Mari Uriarte arkitektoaren proposamenak irabazi zuela museoa handitzeko proiektuen lehiaketa, eta eraldatuko duen eraikinean bertan eman ditu azalpenak arkitektoak. Urtarrilerako aurkeztu beharko du aurreproiektua, eta arduradunek, beranduenez, 2023 hasierarako nahi dute zabalik dena. 18,6 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek.

 

Bilboko museoan bertan ikus daitekeen Aurelio Artetaren koadro batekin hasi du aurkezpena arkitektoak; Burtzeñako zubia lanarekin, zehazki. Bilbo eta Barakaldo elkartzen dituen burdinazko zubitik behera begira dagoen gizon bat erakusten du artelanak. Langile etxeak eta lantegi bateko tximinia ikusten dira atzealdean, eta ibaiertzean zaldi ihar bat, ibaiko ur horizta edaten. «Bi kulturaren arteko zubia da», esan du Fosterrek. Eta zubian jarri du enfasia, bereziki, zubia baita bere proiektu arkitektonikorako giltzarria; arkitektoak azaldu duenez, museoaren egungo eraikinen gainean pausatuko den zubi moduko bat izango baita proiektua.

Espazioa, bikoiztuta

Eraikinak 4.000 metro koadro irabaziko ditu Fosterrek diseinatutako pieza berri horri esker. Hasieran, 2.000 metro koadro irabaztekoa zen museoa berrikuntzarekin, egungo eraikinen gainean neurri horretako areto erraldoi eta garden bakar bat aurkeztu baitzuten lehiaketara, baina bikoiztu egin dute orain espazio hori, eta 2.000 metro gehiago atera dituzte. Aretoa metro gutxi batzuk beherago eraman dute horretarako, eta bi geruza sortu dituzte, lehen espazio bakarra aurreikusten zuten lekuan. Artelanak erakusteko izango da goiko partea, zazpi metroko altuerakoa, eta bulegoak jartzeko eta hezkuntza jardueretarako lau metro garai den solairu bat sortu dute haren azpian.

Gainera, bulegoak egitura berrira eramanda, libre geldituko dira egun bulegoentzako erabiltzen den lurpeko espazioa, eta artelanak biltzeko eta dokumentazio lanak egiteko baliatuko dute aurrerantzean.

Eta solairu bakarra zegoen lekutik bi solairu ateratzeko soluzio horrek balio dezake arkitektoaren lan egiteko modua deskribatzeko. «Gehiago egin, gutxiagorekin». Esaldi hori izan du gidalerro nagusi Fosterrek bere ibilbide osoan, eta Bilboko aurkezpenean ere esaldi horixe baliatu du 2.000 metro koadrotik 4.000 metro koadrora pasatzeko egindako ariketa azaltzeko. «Horrek esan nahi du ez dagoela eraikin berri bat egin beharrik, ezta hiriari espazio gehiago kendu beharrik ere».

Manchesterko langile auzo batean jaio, eta 21 urterekin lortu zuen unibertsitatera joan ahal izateko behar zuen dirua; geroztik geldiezina izan da arrakastarantz egindako ibilbidea. Yale unibertsitate prestigiotsuan egin zituen ikasketak, eta Pritzker saria irabazi zuen 1999an, arkitekturaren Nobel saritzat jo ohi dena. Bete-betean sartzen da Foster jenioei buruz egin ohi den kontakizunaren markoan, eta langile nekaezinaren itxura hori elikatu du Bilboko haren aurkezpenak ere. Beti lanean, beti gehiagoren egarri.

«Milaka zirriborro egin ditut, eta oraindik ere zirriborroak egiten gabiltza». Proiektua hobetzeko etengabeko lanean irudikatu du bere lantaldea Fosterrek Bilbon, eta, iradoki duenez, eskuz hartu ohi dituen oharrak eta zirriborroak izan ohi dira prozesu horren motor nagusietako bat. Madrilen du lantalde nagusia arkitektoak, baina Londresen duen bulegoak ere laguntzen duela esan du, eta, Bilboko Arte Ederren Museoaren kasuan, Bizkaiko Luis Maria Uriarte arkitektoak ere lagundu du proposamenarekin. Talde lan horri guztiari esker lortu dute, esaterako, egituraren euskarri kopurua ere murriztea. Hiru euskarri izan behar zituen zubiak uztailean aurkeztutako proiektuan, baina, ingeniariek proposatutako material aldaketekin, aurrerantzean nahikoa izango dira bi euskarri egitura osoari eusteko. Eta hobekuntza bila dabiltza estalkien materialen kasuan ere.

Lurpera jo gabe

Goranzkoa da Fosterren proiektua, nabarmen, eta, ondorioz, ukitu gabe uzten ditu museoaren lurpean eraikigarri diren lur guztiak. Horregatik egin diote kazetariek galdera zuzena: proiektua amaitu ostean, eraiki ahal izango da oraindik ere gehiago lurpean? Eta arkitektoaren erantzuna: «Bai. Baina hau ere gehituko nuke: zertarako?». Ez da soluzio horren aldekoa Foster. «Gainean dagoen eraikina suntsitu beharko duzu, lurpean zerbait eraiki nahi izanez gero, eta benetan eraikiko duzu zerbait hobea, argi naturalik gabe eta etengabeko bentilazio beharrekin? Oso garestia da hori, eta horrek ez du inolako zentzurik iraunkortasunaren ikuspegitik».

Agravitas du izena Fosterren proiektuak, zubi itxura horri esker egitura berria flotatzen egongo delako beste eraikinen gainean. Irabaziko dituzten 4.000 metro koadro horiez gainera, egun Fernando Durrioren eskultura duen plazatxoa ere estalita geratuko da, eta Casilda Iturrizar parke aldera metro batzuetako aterpea eskainiko du. Eguzki panelak ere jarriko dituzte teilatuan, eta museoak haien bidez jasoko du behar duen energiaren herena.

Hain zuzen ere, berrikuntza teknologikoekiko zaletasun hori izan da Fosterren ibilbidearen beste ezaugarrietako bat.

Lanak martxan izango diren tartean museoa zabalik mantentzea izango da erronka, baina, museoko arduradunen hitzetan, Fosterren diseinuak nahiko aukera ona uzten du horretarako. Arkitektoak berak aipatutako egituraren zubi forma horregatik.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak kargua hartu zuen lehen egunetik beretik agertu zuen museoaren 1945eko jatorrizko sarrera berreskuratzeko asmoa. Zugazaren ustez, garrantzitsua delako museoa berriz ibairantz begira jartzea. Hori izan delako hiriaren azken hamarkadetako eraberritzearen ikurra, eta hantxe dagoelako Guggenheim museoa ere.

Nahasia izan ohi da museorako sarbidea bisitarientzat. Europa plazatik heldu ohi da jendea normalean, baina inguratu egin behar izaten dute eraikina sarrera nagusira heldu ahal izateko, eta gezidun seinale bat dago horregatik eraikin zaharreko atean; «Entrada. Sarrera. Entry». Ordea, Europa plazari metro batzuk irabaziko dizkio Fosterren proiektuak, horrek arindu egingo du trafikoa, eta argitu sarbiderako bidea. Eta horregatik egin du broma arkitektoak. «Behingoz kendu ahal izango dugu gezia».

Gizartea hobetzea

Aurkezpenaren garrantzia nabarmendu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Bilboko aurkezpenean, eta protokolozko famili argazkia ere atera dute arduradunek horregatik. Bertan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Joxean Muñoz sailburuordea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta beste ordezkari batzuk. «Pertsonalitate bakana duen beste eraikin bat emango digu. Eta horrek gizartea i hobetuko du», esan du Rementeriak.

Eta Fosterrek baietz. Sinisten duela eraldaketan. «Arkitekturak eragindako aldaketa izugarriak ikusi ditut, jendearen bizitza hobetzen lagundu dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.