Ainara Castellanos-Rubio.
ARGI ALDIAN

Zor immunitarioa

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Gabon hauetan zorionekoak izan gara etxean birus edota beste mikroorganismorik sartu ez bazaigu. Eta jada ez gara ari bakarrik COVID-19aren inguruan hitz egiten, baizik eta urtearen azkenengo asteetan eskolak hustu eta anbulatorioak bete dituen fenomenoari buruz. Badirudi negu honetan, betiko gripeaz eta azkenaldiko COVID-19az aparte, hamaika lagun txiki hurbildu zaizkigula: bronkiolitisa, faringitisa, amigdalitisa eta ez dakit zenbat itis gehiago, gehienak arnas aparatuarekin zerikusia dutenak. Gertakari honi azalpena emateko hainbat hipotesi agertu dira; horien artean eztabaidatsu izaten ari den zor immunitarioa dugu.

Baino zer da zor immunitarioa? Pandemiaren ondorioz gertatutako itxialdiak eta musukoaren erabilerak normalean gure ingurunean dauden mikroorganismoen aurrean zaurgarri utzi gaituztela esaten duen teoriaren aurrean gaude. Ideia horren arabera, patogenoekiko esposizioa gutxitzeak murriztu egin du gure sistema immunearen efizientzia mikrobioak borrokatzeko, eta orain birusak eta bakterioak gure zorra kobratzen ari dira. Teoria hau gertatzen ari den gaixotze kopuru altuen azalpen erraz bat izango balitz ere, arriskutsua izan daiteke, infekzioak pairatzea abantailatsua dela aditzera eman dezakeelako, eta musukoak onura baino kalte gehiago egin dutela iradoki ahal duelako.

Aditu askoren ustetan, zor immunitario terminoa asmaturiko kontzeptu bat baino ez da. Zor immunitarioaren arabera, sistema immuneak muskuluek bezala funtzionatuko luke. Hau da, erabiltzen ez badugu, atrofiatu egingo da. Baina, ez, hau ez da kasua, sistema immuneak muskuluena baino burmuinaren antz handiagoa dauka: denbora osoan ari da lanean, gure gorputza patruilatzen dabil etengabe. Gure sistema immunea gau eta egun dago mikroorganismoekin kontaktuan, ingurunean daudenak eta gure gorputzean daudenak ere bai, edo gazta zati bat jaten dugunean gaztan bertan daudenak ere bai. Sistema immuneak ez du bakarrik patogenoen aurka lan egiten, minbizi zelulen aurka ere egiten du, adibidez, hauek deuseztatzen tumore bihurtu baino lehen. Beraz, gure sistema immunea ez da lotan egon denbora honetan zehar, esna eta lan eta lan ibili da.

Orduan, zein izan daiteke bat-bateko birus festibal honen arrazoia? Azalpen desberdinak egon badaude, batzuk ere COVID-19arekin zerikusia dutenak. Alde batetik 2 urte baino gutxiagoko umeak denak batera egon dira birus batzuen aurrean ikusgai lehengo aldiz, eta guztiak aldi berean gaixotu dira. Bestalde, koinfekzioak daude, gure gorputza COVID-19aren aurka borrokan lanpetuta badago, edo orain dela gutxi egon bada, agian ez da hain eraginkorra beste infekzio batzuen kontra jokatzerakoan, eta horrek ere gehiago gaixotzea ekarri dezake. Bidaiatzearen mendekuari buruz ere hitz egin da, hainbeste denbora etxean egon eta gero joan-etorri gehiago egiten baitira, horiek eragiten duten mikroorganismoen mugimenduarekin batera.

Honekin guztiarekin, trankil egon gaitezke, negu honetan gure etxeetan sartu diren mikroorganismo guztiak ez dira gure zorra kobratzera etorri. Eta are lasaigarriago, gutxienez indibidualki, gure sistema immuneak kito baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.