Espainiako inbestidura. Katalunia

Suplikatorioa, Europako bidea

Estatuaren abokatuak Junqueras aska dezatela bermatzeko eskatu du, baina duen immunitatea indargabetzeko prozesua «ahalik eta azkarren» hastea ere gomendatu dio Auzitegi Gorenari.

Junquerasen aldeko kartel bat, 2018ko Diadan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiak joan den abenduaren 19an emandako epaiaren ostean, Espainiako Auzitegi Gorenak du ebazpen hori nola aplikatu erabakitzeko ardura. Estatuaren abokatuak Gorenari eskatu dio errespetatzeko lider independentisten aurkako epaia, baina baita Luxenburgoren epaia kontuan hartu eta Oriol Junquerasi eurodiputatu kargua bete ahal izateko bermeak emateko ere. Biak bete ahal izateko bidea Europakoa da: Junquerasek eurodiputatu gisa duen immunitatea Europako Parlamentuan indargabetzea, suplikatorio baten bidez. ERCko liderraren immunitatea behin-behinekoa izatea espero du Estatuaren abokatuak.

ZER DA SUPLIKATORIOA?

Eurodiputatu bat bere herrialdean epaitu ahal izateko baimen bat.

ZERGATIK ESKATUKO LUKETE?

Estatuaren abokatuak Europako Justizia Auzitegiaren epaia ontzat eman eta Junquerasek diputatu gisa dituen eskubideak errespetatzeko eskatu du. Dena den, urriaren 14ko lider subiranisten kontrako epaia ere beteko dela bermatzeko eskatu dio Gorenari, eta suplikatorioa da biak bete ahal izateko modu bakarra.

ZER ERAGIN IZANGO LUKE?

Eskari hori onartuta ere, eurodiputatuek ez dute diputatu akta berehala galtzen, ebazten dena ikertua eta epaitua izateko baimen bat baita. Junquerasen kasuan, ordea, jada epaitua dago, eta urriko epaiak 13 urteko kartzela zigorraz gain 13 urteko inhabilitazioa ere ezarri zion.

NORK ESKATUKO LUKE?

Espainiako Auzitegi Gorenak. Estatuaren abokatuak gomendioa igorri dio Gorenari, baina auzitegi horrek erabaki behar du orain prozesua hasi edo ez.

PROZESUAREN IRAUPENA

Ez da laburra izaten. Normalean, hilabeteak igarotzen dira erreguzko eskariak onartzerako. Lider subiranistaren kasuan, gainera, gaia oso politizatuta dago; hortaz, zeresan handia eman lezake, eta posible da prozesua ohikoa baino konplexuagoa bilakatzea eta luzeagoa izatea.

NOLAKOA DA PROZESUA?

Prozesua Auzitegi Gorenak Europako Parlamentuko presidenteari diputatu baten immunitatea indargabetzeko eskatzen dionean hasten da. Zuzenbide gaietarako batzordeak txostengile bat izendatzen du, eta, hala, informazioa biltzeko prozesua hasten da. Jasotako informazioa eta akusatuen adierazpenak aztertu ondoren, baiezko edo ezezko gomendio bat igortzen du komisioak, eta, azkenik, Europako Parlamentuak bozkatzen du indargabetzea onartu ala ez. Gehienetan baiezkoa izaten da ebazpena.

NORK EBATZIKO LUKE?

Europako Parlamentuko diputatuak dira azken ebazpena onartu edo baztertzeko arduradunak, komisioaren gomendioak entzun ostean. Lehenik, eztabaidatu egiten da gaia, eta ondorengo bozketan gehiengo sinplea behar da.

OHIKOA DA?

Bai, bada, baina normalean horrenbeste ikusmin sortzen ez duten gaietan aplikatu ohi da. 2009-2014 legegintzaldian 61 prozesu erregistratu ziren, eta 2015-2019an, 70. Uztailean hasi zen legegintzaldi berrian, berriz, bost kasu izapidetu dira: bat onartu egin da, eta lau ebazten ari dira. Hainbat motatakoak izan daitezke erreguzko eskari bat egiteko arrazoiak, ustelkeria kasuetatik hasi eta trafiko isun bateraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.