Suizidioa

Adituen ustez, goiz da baieztatzeko izurriak eragina izan duen suizidio datuetan

Nafarroan eman dituzte iazko datuak; igoera izan da. «Joera» ikusteko astia behar da, eta ezin da ahantzi suizidioek kausa asko dituztela

arantxa iraola
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Izurriak buruko osasunean eragin dituen arazoak tarteko, suizidioen igoerari buruzko goiburuak atera dira hilabeteotan, eta horren gaineko kezka agerian utzi dute hainbat profesionalek eta erakundek ere. Orain arte eskura dauden datuei begira, ordea, ezin da horrelako ondoriorik atera, Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteko lehendakari Cristina Blancoren arabera: «Nire jarrera agian ez da politikoki zuzena, baina ez da egia pandemiak suizidioen igoera bat ekarri duenik». Orain arteko datuei begira, «datuak hotzean ikusita», ez du horrelakorik ikusi.

Espainiako Estatistika Institutu INEk emanak ditu izurriaren lehen urteko datuak. 2020an, Hego Euskal herrian 223 pertsonak egin zuten beren buruaz beste. 2019an baino gehiago izan ziren, baina ez inoizko zenbakirik handiena. 2017an, adibidez, gehiago izan ziren: 230. Eta antzeko datuak ere badira aurreko urteetan. Usu. Nerabe eta gazteen artean suizidioek izan duten igoerari buruzko kezka ere zabaldu da hilabeteotan. Datuei begira, horra zer ikus daitekeen arlo horretan: INEren arabera, 2020an 15-29 urteko hamahiru gaztek egin zuten beren buruaz beste. 2019an, hemeretzik. Atzera begira, datu altuagoak badira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oraindik ez ditu eman 2021eko suizidioen datuak. Nafarroako Gobernuak bai, eta igoera agerikoa da: 58 suizidio gertatu ziren, aurreko urtean baino %31 gehiago. «Joera» antzemateko, ordea, datu horrekin ez da aski, gertukoren baten suizidioa bizi izan duten pertsonek osatutako Biziraun elkarteko sortzaile Agustin Erkiziak dioenez: «Urte batetik besterako datuekin bakarrik ezin da ondoriorik atera». Harago ere egin du Blancok; suizidioen igoera eta izurria era argian lotuta, horren gaineko mezuak hauspotuta, atzean dagoen arazoa behar bezala ez ulertzeko arriskua dagoela pentsatzen du: «Izan ere, suizidioaren arazoa egiturazkoa da, ez koiunturala». Argi du: izurriaren «koiuntura» aldatuta ere, arazoak hor jarraituko du, eta, horregatik, gaiaz bere zabalean hitz egin behar da beti.

Blancok kezka du izurriarekin suizidioak ez direla ugaritu esanda inork lepora diezaiokeela arazoa «gutxiesten» ari dela, baina justu kontrakoa da haren asmoa. Izan ere, suizidioen atzean faktore asko egoten dira, eta iruditzen zaio irakurketa «koiunturaletan» indarra jartzean ahantzi egiten dela hori: «Demagun heldu den urtean ez dagoela izurririk, eta %20 gutxitzen direla suizidioak. Arazoa konpondu da?».

Ahalegin gehiagoren eske

Suizidioaren gaineko prebentzioan aurrera egiten jarraitu behar dela gogorarazi du Blancok: hor jarri behar da arreta. «Begira auto istripuetan hildakoen beherakada: argia izan da 90eko hamarralditik hona. Baina suizidioan ez da deus egiten», deitoratu du. Urteotan ahalegina egin da gaia plazara ateratzeko, baina instituzioen portaera herabetzat du: «Oso gutxi egiten ari dira, eta oso motel».

Suizidioren bat ondoan izan zuten pertsonen artara begira lanean ari dira Biziraun eta beste hainbat elkarte. Eta Erkiziak esan du jardunbide horretan ikusten ari direla laguntza beharrean diren talde gehiago; «noraezean» ikusi dituzte usu, babes bila. «Esaterako, beren buruaz beste egiten saiatu diren pertsonak. Baita horien senitartekoak ere». Uste du horientzat «parekoen» arteko laguntza taldeak lagungarriak izan daitezkeela, baina egituratu egin behar direla horiek. «Kolektiboak identifikatuta dauzkagu. Nork egingo die aurre?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.