Galesen lehen ministroa ordezkatu dute

mikel rodriguez
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Brexit-aren eta Alderdi Kontserbadorearen barne krisiaren erdian, Galesek lehen ministroa aldatu zuen atzo. Ez da ezusteko gertaera bat izan, Carwyn Jonesek apirilean jakinarazi baitzuen kargua uzteko asmoa. Laborista da Jones, eta Mark Drakeford Osasun ministro ohiak hartu zuen alderdiaren Galesko adarraren ardura joan den astean. Jonesek herenegun utzi zuen gobernuko buruzagitza, eta parlamentuak atzo hautatu zuen Drakeford Galesko lehen ministro.

Lehenbiziko hitzaldian, Drakefordek Erresuma Batuko egoera politiko nahasia aipatu zuen, ahobizarrik gabe. «Eromen moduko batek hartu du Alderdi Kontserbadorea, eta badirudi haren parlamentari kopuru handi batek uste duela gure herrialdearen etorkizuna hobeki dagoela brexit-aren zoru kiskalgarrian oinarritzen den buruzagitza lehia bat sustatuta». Drakefordek erran du agintean dagoen bitartean «esperantza argi bat» eman nahi duela.

Atzoko bozketara hiru lehen ministrogai aurkeztu ziren. Drakeforden alde 60 parlamentaritatik 30ek bozkatu zuten. Paul Davies tory-aren alde, hamabik, eta Adam Price Plaid Cymru alderdi nazionalistakoaren alde, bederatzik. Drakefordek ibilbide luzea du politikan, eta Jonesen azken agintaldian kargu garrantzitsuak izan zituen. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruaren hurbilekotzat dute. Bertzeak bertze, Corbynek laboristen buruzagi izateko hautagaitza aurkeztu zuenean (2015), hura babestu zuen Galesko Gobernuko kide bakarra izan zen.

'Brexit'-aren eztabaida

Jonesek, berriz, bederatzi urte egin ditu gobernuko buruzagitzan, eta haren agintepean gertatu da aldaketa politikorik handiena: brexit-eko erreferenduma. Jonesek eta Galesko Alderdi Laboristak EBn segitzearen aldeko aukera babestu zuten, baina Galesen kontrakoak irabazi zuen —%53 batasuna uztearen alde, eta %47 kontra—. Ingalaterrarekin batera brexit-aren alde bozkatu zuen bertze nazioa izan zen.

Horregatik, erreferendumak ez du tentsio nazionala Eskozian eta Irlandan bezainbertze handitu, baina badago gatazkarik. Herritar gehienek gobernuak defendatu zuenaren aurka bozkatu zuten, eta Cardiffek Londresi exijitu dio EBtik Erresuma Batura itzultzekoak diren hainbat eskumen Galesko Gobernuari emateko.

Theresa Mayren azken hatsa

Elefantea gizendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.